“Silent Books” egitasmoa lagunduko dugu Ilustratzaileen Enkante Dramatizatuarekin
Urriaren 25ean, datorren igandean, Galtzagorri Elkartearen 25. urteurreneko ospakizunen barruan ILUSTRATZAILEEN ENKANTE DRAMATIZATUA egingo da helburu solidario batekin: Italiako Lanpedusa uhartean “Silent Books” egitasmora bideratuko da bertan bildutako dirua. Enkantea 11:00etan hasiko da Donostiako Arteko arte-galerian eta sarrera irekia izango da. Metrokoadroka sormen laborategiko kideek aurkezpen dramatizatua egingo dute eta ukitu berezia izango du, ikuskizun polita izango da.
Ekialde Hurbiletik eta Afrikatik Europara emigratzen duten milaka pertsonen sarbide nagusietako bat da Lanpedusa eta uharte txiki horretan liburuak eskuratu ezin dituzten 1.000 haur eta gazte bizi dira. Testu inguru honetan UNESCOren erakundea den IBBYren (International Board on Books for Young People) Italiako atalak jarri zuen martxan 2012an irla txiki honetan bizi diren haurrek nahiz bertako Lehen Sorospen Zentroetara iristen diren haur etorkinek liburuak esku artean izan ditzaten eskubidea bermatzeko Liburutegi baten eraikuntzaren proiektua, bereziki album mutuz osatutakoa hizkuntzaren trabarik guztientzat irakurgarri izan daitezen.
“Silent books. From the world to Lampedusa and Back”
Egitasmo horren baitan, Lanpedusako haurrentzako liburutegia sortzeaz gain, beste hiru ildo hauek ere lantzen dira:
1. Album mutuez osatutako liburuen erakusketa ibiltaria osatzea, Italiako hainbat hiritan erakusten dena. “Silent books. Final Destination Lampedusa” izeneko nazioarteko erakusketa honek bi edizio egin ditu jada eta munduko IBBYko atal guztiek dute aukera erakusketa honetan parte hartuko duten izenburuak proposatzeko. Hitzik gabe, irudiak bakarrik erabiltzen dituzten liburuek osatzen dute erakusketa. Azken edizioan, munduko 18 herrialdetan argitaratutako 50 izenburuk parte hartu zuten.
Mundu mailan neurrigabe hazten ari den migrazio testuinguru honetan, IBBYk, album mutuak, hitzik gabekoak, hizkuntza jakin batean idatzirik ez dauden kalitatezko materialak, argitaratzearen beharraz jabetu arazi nahi ditu argitaletxeak. Haurrek izan dezaten mundua ezagutzeko aukera beraientzat ezezaguna ez den hizkuntza batean idatzitako kalitatezko liburuen bidez.
2. Erakusketa ibiltaria osatzen duten liburuen ale bana Erroman dagoen Hitzik gabeko liburuen Dokumentazio eta Ikerketa Zentrora ere bideratzen da.
3. Liburu horien ale bana, Lanpedusako irlan sortu nahi den haur Liburutegira bideratzen da. Liburutegi horren apaletan, beraz, Italiako liburuak egongo lirateke batetik, baina bestetik, munduan zehar argitaratu diren hitzik gabeko kalitate goreneko album guzti hauek ere izango dira.
Izan ere, IBBYren ustez, album mutuak edo hitzik gabeko liburuak hizkuntz mugak gainditu eta jatorri kultural eta linguistiko ezberdinak dituzten haur eta helduen arteko topaleku paregabea dira. Beraz, proiektu honek album mutuek dituzten dohainak azpimarratzeaz gain, Lanpedusako irlan haur liburutegi bat sortzea du helburu.
Premiazko laguntza
Azken helburu hori interes politiko eta burokratikoak direla medio, stand by egoeran aurkitzen da gaur egun. Egoera horri aurre eginez, IBBY- Italiak auzolandegiak sortu eta antolatu ditu azken bi urteetan. Lan eremu hauetan mundu guztiko bolondresek parte hartzen dute (irakasle, liburuzain, ipuinkontalari, ilustratzaileek…): Lanpedusako irlan egonaldiak egiten dituzte eta bertako haurrekin irakurketa sustatzeko ekimen ugari burutu. Azaroaren 16an hasiko dute, adibidez, hurrengo auzolandegia.
Deborah Soria proiektu honen arduradunak eta IBBY-Italiako kideak aste honetan bertan esan digunez, ekimen horien guztien ondorioz, laster izango dira haur liburutegi hori atontzeko moduan. Baina edozein diru ekarpen, edo lan egiteko prest dagoen edozein bolondres besoak zabalik hartzen dute.
Horregatik, hain zuzen, pentsatu genuen Galtzagorri Elkartearen 25. Urteurrena ospatzeko modurik hoberenetako bat izan zitekeela Mediterraneo itsasoan dagoen irla honetan egiten ari diren proiektuari laguntza eskaintzea. Eta hala, Silent books proiektuak eta Galtzagorri Elkarteak azken 7 urteetan antolatu dituen Marraz(i)Oak izeneko ilustratzaileen jardunaldiek lotura zuzena dutela pentsatu genuen. Besteak beste, Marraz(i)Oak topaketetan album mutuak ere landu izan ditugulako.
Enkantean izango diren lanak
Marraz(i)Oak Topaketetan modu batera nahiz bestera parte hartu duten ilustratzaileei eskatu diegu laguntza ekimen solidario honetarako. Honako artistak izan dira euren artelan bat donatu dutenak: Aitziber Alonso, Miate Azkargorta, Ainara Azpiazu “Axpi”, Ignasi Blanch, Idoia Beratarbide, Miate Caballero, Harkaitz Cano, Begoña Durruty, Unai Fernandez, Maite Gurrutxaga, Iñaki Martiarena “Mattin”, Lorena Martinez, Josean Morlesin, Elena Odriozola, Nagore Txintxurreta eta Araitz Urbeltz.
Lan horietako gehienak dira Aiete Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoan ikusgai daudenak. Izan ere, txoko horretako azken erakusketa Marraz(i)Oak Topaketetan egin diren lanekin osatu baita eta urriaren 22 arte egongo dira ikusgai. Beraz, enkantean aurkeztuko diren lanak ikusteko aukera ezin hobea duzue Ilustratzailearen Txokoan, arratsaldez egoten da zabalik
ANIMATU, PARTE HARTU ETA E(RA)MAN ZURE ALEA!