Laszlo
Konzentrazio- esparru batetik ihes egin ostean, Casablancara heltzen da Victor Laszlo Michel Curtizek zuzendu zuen izen bereko pelikulan. Nahiz eta Vichyko gobernuak bertan agindu, Europa osoko errefuxiatuak daude hirian Portugalera joateko asmoz, bertatik Estatu Batuetarantza (hots, askatasunerantza) lehen bait lehen hanka egiteko. Horretarako, txartel bidaiak eta igarobideak lortu behar dituzte. Victor eta bere emaztea Ilsa ataka larriagoan daude: naziak atzetik dituzte eta Vichyko gobernua haien kolaboratzailea da. Haatik, hirian denek dakite bi igarobide galdu direla nonbait eta Ricken kafean daudela. Ilsa eta Victorrek denerik egingo dute bi txartelak eskuratzeko. Batzuek ahaztuko dute.
2015eko irailaren 8an abizen bereko kazetari hungariar batek zangotrabatu eta ostikoak eman zizkien Hungaria eta Mazedoniaren arteko muga zeharkatzen ari ziren errefuxiatu siriar batzuei. Barkamenak eskatu ditu. Lagin bat da, salbuespen bat agian, baina dudarik gabe esanguratsua, abizena dela-eta. Petra Laszlok ahaztu du orain dela ez hainbeste urte europarrak zirela gerratik alde egiten zuten errefuxiatuak edo, kartzelatik hanka egiten zuten migranteak, Victorren modura; miseria gorritik edo heriotzatik hanka egiteko edozein gauza egiteko prest egoten zirenak. Siria edo Eritreatik datozenen modura eta edozein pertsonak egingo lukeen modura. Batzuek ahazten dute.
Zorionez, Casablancan bezala, itxuraz zakar jokatzen duen baina izatez sentibera den Rick alde dute errefuxiatuek eta eurak hartzeko iheskor diren Estatuak errefuxiatuak hartzera behartu ditu Merkel presidentak. Momentuz, 120.000 pertsona hartuko ditu Europar Batasunak. Neurri honi esker gizon eta emakume askok ez dute bere gorputza saldu beharko bidaia- txartel baten truke, ez Casablancako emakume hungariar hura bezala, bere ‘konpania’ saltzen duena bere eta senarraren txartelak pagatzeko. 70 urte bakarrik pasa dira. Batzuek ahaztu dute.
PD: Argazkia wikipediatik atera dut