Trainspotting berriro?

“Hautatu ezazu bizitza, hautatu lan bat, hautatu ikasketak, hautatu familia…”.

Gogoratzen?

Mark Renton-en berbak dira (Ewan McGregor-enak), azpitik Detroiteko iguanaren “Bizitzeko griña” duela, 90eko filmik gogoangarrienetakoan.

“Trainspotting”-ek (1996), soinu banda zoragarria lagun, Edinburgheko drogazale talde bat aurkezten digu, eta hauen hausnarketak, xede zehatzik ez duenaren ikuspuntutik.

Filmak munduan ezagutzera eman zuen McGregor, bizitzaren alde egin eta drogak uztea merezi ote zion zalantza zuen jonki baten paperean. Gidoia Irvine Welsh idazle eskoziarraren lan baten egokitzapena zen eta Danny Boylek zuzendu zuen, gerora “Slumdog Millionaire” filmarekin Oscar sari bat eskuratuko zuen zinemagileak.

Kultuzko artelana da egun.

.

T2

Datorren urtean hogei urte beteko ditu “Trainspotting”-ek, eta Boyle zinemagileak filmaren bigarren atala zuzendu gura zuen orduko antzezle talde berarekin -Ewan McGregor, Lee Miller, Robert Carlyle eta Ewen Bremner-. Guztiek baiezkoa eman eta egitasmoa martxan ei dago.

“Ez litzateke `sekuela´ bat izango”, dio Boylek, “jarraipen bat baino. Pertsonaiek bizitzarekin zer egin duten erakutsi behar du filmak, ea orduko adikzioei loturik jarraitzen duten, baduten harremanak iraganeko lagunekin edo krisian diren”.

Irvine Welsh-ek ere eman zion segida bere lanari, eta “Porno” idatzi 2002an. Renton eta lagunak Europan zehar sakabanatuta aurkezten dizkigu nobelak, hamarkada bat geroago. Batera edo bestera, guztiak legez kanpoko jarduerekin dute harremana.

.

Burroughs

Trainspotting berriro?Ezagutzen dugun jonkiei buruzko lehen sorkuntza lana William S. Burroughs (1914-1997) estatubatuarraren “Junkie” nobela da; heroina zalea ei zen bera.

1953an William Lee ezizenarekin plazaratu zuen idazleak “Junkie” -aurretik idatzia zuen “Queers”, baina askoz beranduago argitaratu zen-, eta argitaletxeak gehitu omen zion “Confessions of an Unredeemed Drug Addict” azalpena izenburuari.

“Kolokatzea gauzak angelu berezi batetik ikustea da. Momentu batez askatzea da, haragi uzkur, beldurtu, zahartu eta erretxinaren beharrizanetatik askatzea”.

The Beatles-en “Sgt. Pepper´s Lonely Hearts Club Band” diskoaren azalean agertzera heldu zen gizonak –Marilyn-en ondoan dago“The Junky´s Christmas” gidoi laburra idatzi zuen askoz geroago, 1993an, Francis Ford Coppolak ekoiztu zuena. Zinemagile eta musikari ere izan zen Burroughs.

(Annie Leibovitz-ek egina da Burroughs-en argazkia).

.

Jonki martiri santuak

“Trainspotting”-en akordua lauso samarra dudan arren, ondo gogoan dut filma ikusi berritan lagun batek esana: “Zergatik dira fikziozko jonkiak hain erakargarriak? Benetakoak ez ditu inork gura inguruan”. Izan ere, Burroughs-en nobela baino askoz geroago eta Boyle-n filma baino lehen ezagutu genituen jonkiak Euskal Herrian; punk eztandarekin batera?

Orain filmeko jonkiek etorkizuna izango dute hogei urteren buruan, orduko askok ez bezala. Fikzioak lezakeena oso zaila baita errealitatean; etorkizunik izan ez zuten haiek, egun bizirik baleude, non eta zertan leundekeen irudikatzea.

“Zerua ikusteko infernua ezagutu beharra duzu” esan ei zuen askok punkaren aita pontekotzat hartzen duen Burrougs-ek. Ez zeru ez infernu, 80ko hamarkadan gure kale bazterretan galdu zen belaunaldiari eskaini zion Rafa Berrio donostiarrak “Santos mártires yonquis”, Joserra Senperenaren laguntzarekin ondutako “Diarios” (Warner, 2012) laneko kantua.

Pasa den larunbatean entzun genion zuzenean, pianoaren partez gitarra lagun zuela, Antzoki Misteriotsuan.

Trainspotting berriro?

ZUZEUko erredakzio kide

Zer duzu buruan “Trainspotting berriro?”-ri buruz