Egunkarietako irakurrienaz

Zer irakurtzen da gehiago egunkarietan: horoskopoa ala kronika politikoa? Kirolak ala telebistako programazioa? Editoriala ala sudokua?

Halako galdera zozoak egiten dizkiot nire buruari egunkaria irakurtzera jartzen naizenean. Erredakzioetan ere, ziurrenik, galdera bera egingo dute artikulu mamitsuenak egiten dituztenek.

Sareko agerkarietan ordea, egunkarietako berririk irakurrienak zein diren ikusteko aukera eskaintzen zaigu. Eta, zein dira, egunkari bakoitzean, notiziarik irakurrienak?

Berrian, une honetan, Joanes Larretxearen etxea miatu dutenaren berria da irakurriena. Argian, aldiz, Joseba Ariznabarretari egindako elkarrizketa da klikatuena.

Garak ez du notizia irakurriena  zein den jakiteko aukerarik ematen, baina El Mundon, Mallorcan hildako Boyzone taldeko abeslariaren notizia da irakurriena. La Vanguardian, Felix Milletek Palauko diruekin ordaindu zuena alabaren ezkontza da irakurleen estimatuena. Guardia Zibilaren kasernaren aurka zenbait jende oldartu izana da El Paisen irakurleen artean arreta gehien piztu duena.

Diario Vascon, ETAn, Mendinueta atxilotzearekin ,`Txeroki´ren belaunaldiaren amaiera ekarri izana da irakurriena. El Correon, Irizar enpresak autobus osoak egingo dituenarena da lehena.

Noticias de Gipuzkoan, Realaren lidertza da; Noticias de Alavan, Baskoniarena; EAEtik botere ekonomikoa aldentzen ari denarena Deian; Diario de Noticiasen Falangearen kontzentrazioa eta antifaxisten aurkako kargak eta Diario de Navarran Iruñeako istiluetan atxilotutako lauak dira berririk irakurriena.

Rue89n Marge Simpsonen biluzia da klikatuena eta Liberationen Mitterrand afera. Eta horrela, hainbat eta hainbat egunkaritan.

Notizia ezberdinak egunkari guztietan irakurleen interesen arabera. Baina egunkari horren irakurleen profilaz ere ez al digu zerbait esaten?