Futbolaren botereaz
Hondurasen gertatzen ari diren tentsio larrien erdian arnas une bat izan zen futbola. Manuel Zelaya, kanporatutako presidentearen ordezkariek ez zuten ‘de facto’-ko gobernuarekin bildu nahi izan, Hondurasko selekzioak AEBren aurka zuen partida ikusi nahi baitzuten. Jokoan zegoena; munduko txapelketarako sailkapena.
Are garrantzitsuagoa zen, ordea, bilera hartan har litezkeen erabakiak. Normalizazio politikoa, bakea eta demokrazia bermatzea zeuden jokoan, baina, antza, garrantzitsuagoa iruditu zitzaien futbol partida. Eta hori negoziazioetako gai polemikoena erabakitzeko dagoela: Zelayak kargua berreskuratzea.
Baina futbolak badu zerbait beste guztiaren gainetik jartzen duena. Gainontzeko arazoak txikitzen dituena.
Manifestazioetan banaka batzuk biltzea geroz eta zailagoa den garaiotan, futbol talde handi batek irabazten duen bakoitzean, milaka eta milaka jende elkartzea lortzen du.
Astelehenetan ingurukoen umorea igandean etxeko taldeak egin duenaren araberakoa izan ohi da. Zer du bada futbolak? Zergatik da mundua geldiarazteko gai?
Hondurasen klima politikoa futbolaren alaitasunen esperoan bazen, beste baterako utzi beharko dute bilera. Atzo 3-2 irabazi baitzuen AEBtako taldeak…