Greziar herrikide maiteok…
Ā«Azken sei hilabeteotan, greziar gobernuak aurrekaririk gabeko asfixia ekonomiko egoera batean egin behar izan du borroka urtarrilaren 25ean [azken greziar hauteskundeetan] eman zeniguten mandatua bete ahal izateko. Orduko zuen mandatua zera izan zen: gure bazkideekin negoziatu behar genuela austeritateari bukaera emateko eta prosperitateari zein justizia sozialari bidea emateko gure herrialdean.
Helburua, betetzeko moduko akordio batera heltzea zen, bai demokrazia bai europar arauak errespetatuko zituena eta krisialditik aterako gintuena. Negoziazio tarte honetan, aurreko gobernuekin adostutako erreskate akordioak onar genitzan eskatu digute, greziar herriak azken hauteskundeetan guztiz arbuiatu dituen arren.
Une batez ere ez zaigu burutik pasatu amore ematea. Zuon konfidantzari traizioa egitea bailitzateke.
Bost hilabetez gogor negoziatu ostean, Eurotaldeko gure bazkideek proposamen bat aurkeztu zioten herenegun greziar herriari: ultimatum bat.
Europa fundatu zutenen eta europar baloreen kontra egiten duen ultimatum bat, gure egitura amankomunaren kontrakoa.
Greziar gobernuari onartarazi nahi dioten proposamenak karga jasanezin berriak ezarriko dizkio greziar herriari, eta zapuztu egingo ditu greziar gizartearen eta bere ekonomiaren berreskurapena; ez bakarrik ziurbakotasuna luzatuko duelako, desoreka sozialak areagotuko dituelako ere.
Erakundeen proposamenak lan merkatua gehiago zatikatzeko neurriak jasotzen ditu, pentsioen murrizketak, sektore publikoko soldaten jaitsiera gehiago, eta BEZaren igoera elikagaietan, jatetxeetan eta turismoan, irletako dedukzio fiskalak deuseuztatzeaz gain.
Proposamen hauek Europako arau sozialen kotra doaz eta urratu egiten dituzte lan, duintasun eta berdintasun eskubide oinarrizkoak; bazkide eta erakunde batzuen asmoa ez baitzen bi aldeentzat onuragarria izan zitekeen akordio onargarri bat adostea, greziar herriaren umiliazioa baino.
Proposamen hauek erakusten dute zer-nolako tema ageri duten batzuek, eta bereziki Nazioarteko Diru Funtsak, zigorrezko austeritate gogor bat ezarri nahian.
Orain inoiz baino beharrezkoagoa da europar indar nagusienek pauso bat aurrera ematea eta aukera baliatzea greziar zorrari mugak jartzeko, ez baitugu ahaztu behar bizi dugun krisiak beste herrialde batzuei ere eragiten diela eta europar batasunaren etorkizuna mehatxatzen ari dela.
Greziar herrikide maiteok. Gaur erantzukizun historiko bat hartzen dugu greziar herriaren borroken alde eta gure subiranotasunaren eta demokraziaren alde. Erantzukizun bat herriaren etorkizunaren aurrean. Eta erantzunkizun horrek behartzen gaitu ultimatum honi herriaren nahiarekin erantzutera.
Gobernua batu dut duela gutxi eta erreferendum bat egitea proposatu diet, greziar herriak erabakia subiranoki har dezan. Proposamena aho batez izan da onartua.
Bihar [iragan larunbata], greziar Parlamentuko plenoa batuko da Gobernuaren proposamena berresteko: datorren igandean, uztailak 5, erreferendum bat egitekoa, erakunde [europarrek] egindako proposamena onartzen edo baztertzen dugun galdetuz.
Erabakia jakinarazi diet Frantziako presidenteari, Alemaniako kantzilerari eta EBZko lehendakariari. Bihar [iragan zapatua], formalki eskatuko diet EBko agintari eta erakundeei programa egun gutxi batzuetan luzatzea [erreskatearena], greziar herriak erabaki ahal izan dezan, presio eta bortxarik gabe, gure Konstituzioan eta Europako tradizio demokratikoan jasotzen den moduan.
Greziar herrikide maiteok, ultimatum eta txantaia honen aurrean, hau da, begibistako irtenbiderik ematen ez digun eta sozialki eta ekonomikokoi errekuperatzen uzten ez digun muturreko austeritate proposamen umiliagarri honen aurrean, subiranoki eta harrotasunez erabakia har dezazuen dei egiten dizuet, Greziako historiak eskatzen duen moduan.
Austeritate zorrotz autokratiko honen aurrean, demokraziaz eratzun beharra dugu, serenitatez eta erabakigarritasunez.
Greziak, demokraziaren sorlekuak, mezu demokratiko argi bat igorri behar dio Europari eta nazioarteko komunitateari.
Hitz ematen dizuet zuon borondate demokratikoaren emaitza errespetatuko dudala, edozein dela ere.
Guztiz ziur nago zuon erabakiak gure herriaren historiaren mailari eutsiko diola eta duintasun mezu bat zabalduko duela munduan zehar.
Une erabakigarri hauetan, Europa herri guztion etxea dela gogoratu behar dugu guztiok. Europak ez du jaberik ez gonbidaturik.
Europaren parte ezinbestekoa da Grezia eta horrela izaten jarraituko du, eta Europa Greziaren ezinbesteko parte izango da. Baina demokraziarik gabeko Grezia identitate eta norabiderik gabeko Europa litzateke.
Dei egiten dizuet zuongandik espero diren erabakiak har ditzazuen.
Gugatik, ondorengo belaunaldiengatik eta greziarren historiagatik.Gure herriaren subiranotasun eta duintasunagatikĀ».
Aste bete da greziar Gobernuko buruak, Syriza alderdiko Alexis Tsipras-ek -azaleko karikatura DonkeyHotey-rena da- goian euskarara ekarri ditugun hitzekin herrikideak erreferendumera deitu zituela; eta diskurtso horrekin, EB-arekin zituen negoziakete gogorrez gogaituta, greziar bakoitzari parte hartzeko bidea eman ziena, herrialdearen etorkizuna guztion artean erabakitzekoa. Geroztik Europa eta mundu osoa dago Greziara begira -E.H-n ere izan dira elkarteratzeak-.
#Grefenderum-a iragartzearekin batera, bi hitz ikasi ditugu grekeraz: NAI eta OXI.
Bietako baten alde egin behar zuen gaur botoa ematera deitutako hamar milioi inguru greziarrek.
Eta aurreikuspen gehienen kontra, greziarrek EZ esan dute ozen, “oxi”.
* Greziako berriak bertatik bertara -twitter bidez-, lau euskal berriemailek (euskaraz, gazteleraz eta ingelesez):
- Samara Velte (Berria egunkaria): @samaravelte
- Ane Irazabal (freelance): @AneIrazabal
- Hibai Arbide Aza (freelance): @Hibai_
- Alberto Pradilla (Gara egunkaria): @albertopradilla