Zergatik ezkutatzen du ausardia alardearen egunean?
«Ohi bezala, artikulua idatzi eta Irunero aldizkarira igorri du Yurre Ugartek. Herrian nagusi diren kontuez dihardu, bere ikuspegitik, naturala den bezala. Medioak, ordea, atzera bota dio, bertan argitaratzen den lerro bakoitzak udalaren onespena behar duelako hitzarmenez (bestela ez baitago diru-laguntzarik), eta idazlearen azken paragrafoak ez du alkatearen bahea pasa. Baina zer demonio idatzi ote du, zer subertsio, zer perbertsio, zentsuraren atzaparretan erortzeko?».
Azpimarra geurea da, Moxal Legea indarrean jartzen den egun honetan uler dezagun aginteak nola ulertzen duen kazetaritza; eta zeinen erraz makurtzen garen askotan kazetariok agintearen aurrean.
Baina erantzun diezaiogun Ubedak jaurtitako galderari: “Zer demonio idatzi ote du (Ugartek), zer subertsio, zer perbertsio, zentsuraren atzaparretan erortzeko?”.
«ZEHAZTEN
Ekainak ekain; hil honetan ere hizketagai klasiko eta orokor ugari daude. Haurren ikasturtearen amaiera eta horrek dakarren ordutegien kaosa. Haurren udalekuak edo udalekurik eza. Oporretan kanpora goazen ala ez, oporrak edota lan ofizialik baldin badugu, noski. Langabeziak edo lanak dakartzan buruhauste ezberdinak. Eguraldia eta bere deribatuak: txangoak; hondartzara edo mendira irteteko planak. Ostiraletako lagunarteko solasaldian, tragoen arabera, apurka, bagoaz gero eta gehiago gai orokor horietan barrena zehazten: hauteskundeak igaro dira eta udalbatza berria eratu da jada. Dirudienez, lasai egon gaitezke denok: emakume, gizon, zahar, gazte, etorkin, bertako, aberats, pobre eta gainerakoak, ze Irun “aurrerakoi, integratzaile eta solidarioan sakontzeko” (aipua literala da) asmoa dauka agintean dirauen alderdiak. Hitz abstraktu bezain ederrak, ekintzetan gauzatu eta hezurmamitzean soilik “sakontzen” direnak. San Martzialak gainean ditugularik, aipatu hitz horien bitartez, jada ia inork aipatu nahi ez duenera heldu gara ezinbestean.
Izan ere, gutariko bati tokatu zitzaion, hauteskunde kanpaina betean, ezkaratzeko txirrina jo zutela. Bai, nor da? Eta ahots batek erantzun: Irungo alkatea naiz. Gure lagunak bere etxe pribatuaren ataria ireki zion, kanpaina egitera sar zedin. Etxeko txirrina jo zuenean ere, gauza bera egin zuen lagunak, atea ireki zion boto eske zetorrenari. Hari inoiz botorik eman ez zion arren. Gure lagunak ez ezik bisita hau zientoka irundarrek jaso zuten; seguru aski, alkate jaunaren dohainetako bat da aurrez-aurreko ausardia eta presentzia hori, politikari gutxik erakusten dutena. Akaso bere garaipenaren gakoetako bat da. Ekain irundar honetan, azkenean, galdera zehatza bota dugu airera, baina; zergatik ezkutatzen ote du ausardia hori alardearen egunean? Zergatik, Udaletxean, guztion etxe publikoan, ez ote da ausartzen ongi etorria ematera alarde publiko bakarrari, emakumeak soldadu bezala integratzen dituen alardeari? Botoa ematen ez dioten hiritarrek ere, errespetu osoarekin, ezkaratza eta atea ireki ireki dioten legez. Irun “aurrerakoi, integratzaile eta solidarioa” zehazten hasteko beharrezkoak diren urratsetariko bat litzateke».
* Hona iritzi artikulu zentsuratua egilearen webgunean.
Yurre Ugartek bi urte ei daramatza hilabetero iritzi zutabe bat idazten Iruneron, doan. Goian duzuen hau ez da argitaratu baina, alardepublikoa.eus atarian irakurri ahal izan dugunez, “Iruneroko arduradunak alkateari oniritzia eskatu ondoren (!!), horrelakorik jaso ez duelako” -honakoan, harridura ikurrak ez dira geureak-.
(Prentsa) Askatasune(t)an, aurrera goaz ala atzera goaz?