Ez duzue lotsarik!
Lasai ederrean nentorren Zumaiatik A-8 autobidean Euskadi Irratiko tertulia politikoa entzunez. 9:00etarako sartu behar nuen lanera, eta arazorik gabe, kafea hartu eta egunkariei begiratu bat emateko denboraz ailegatuko nintzela uste nuen.
Zarauzko ordainlekuan ezeren abisurik ez eta besterik gabe ordaindu dut. Euria mehatxu zen. Besteak ni bezala zihoazen lanera edo unibertsitatera. Besteak aurreratzeko ezker karriletik, Orioko zubitik, 100dik gorako abiadan nindoala, maldan gora hasi, eta berrikitan zabaldu dituzten hiru karriletan autoak iladan zeuden, geldirik, larrialdiko argiak emanda.
Begiek ikusten zutenerainoko ilada zegoen, eta ez irratian ez paneletan ez zegoen ezeren oharrik. Istripu bat ote? Pazientziaz hartu dut, berehala konponduko zelakoan. Bai zera! Autobusaren atzean jarri eta primeran. Ondo? Ondo ez, primeran, lehen martxan. Lehen martxa eta geratu. Lehen martxa eta geratu, bestetan abiada bizian egin ohi duzun bidea metroz-metro eginez.
Ikusi dut nola jartzen zituzten soinuaren aurkako panelak bidean, ikusi dut nire ondoko autoan mutil batek nola egiten zuen kanuto bat eta erre, ikusi ditut langileak lo, ikusi ditut autoak juntakulatarekin bide ertzean… eta bestetan hogei minutuan egiten dudan bidea egiteko ordu eta hamar minutu behar izan ditut.
Lanera deitu dut autobidean geldirik nengoela eta berandu iritsiko nintzela esanez, eta bertan inor ez da harritu.
Onena, orain gutxi berritu duten autobidea hiru errailetik bakarrera murriztu dutelako gertatu dela jakitea izan da. Ezin zidaten ordainlekuan esan ilada zegoela? Zerbitzu kaskar honengatik ordaindu dut bestetan bezala autobidea? Ez dute euren errepideko gora-beherez ohartazteko asmorik? Bidegik ordainduko dit euren erruz lanean eman ez dudan ordua?
Interneten eta egunkarietan auto iladaren (bost kilometro erraz egin ditut lehen martxan) berrien bila ibili naiz lanean erakutsi asmoz eta ez dut halakorik aurkitu.
Hori bai, Bidegik behin eta berriz erakusten du zeinen espainiarrak garen. Gauzak gaizki eta oso gaizki egin arren, inork ez du dimititzen.