Gora Korrika! Gora euskara! Behera patrimonializazioa!

Gora Korrika! Gora euskara! Behera patrimonializazioa!

Bukatu da Korrika. Itzelezko arrakasta izan du. Herriz herriko ibilian giza berotasuna eta txaloak jaso ditu gainezka. Euskaltzale guztiontzat pozgarria izan da hori.  Euskararen aldeko aldarri bizia baita, norbanako, talde, elkarte, erakunde, enpresa, alderdi, instituzio… askoren babesa jaso du, merezimendu handiz. Han eta hemen festa giroa, poza eta elkartasuna barreiatu ditu Korrikak.  Urtez urte borondateak batzen, elkarlana sustatzen eta sektore berriak erakartzen saiatzen ari da buru-belarri AEK. Emaitza bistan da: euskara, euskaraz jakitea, euskaraz ikastea, euskaltegiak… euskal agendaren erdigunean egotea lortu du hamaika egunez. Gizartearen zati zabalago batera iritsi da, duela hamar-hamabost urte baino indartsuago doa Korrika. Hori positiboa da euskararentzat, positiboa da euskaldunentzat eta positiboa da gure arteko elkarbizitzarentzat.

Zoritxarrez, ordea,  euskaltzaleen artean bada atzera begira bizi dena. Errealitate berrira moldatu nahi ez duena.  Joan zen larunbatean, Eusko Jaurlaritzaren lekukoa eramatera bildu ginen Gasteizera. Hiriburuan jendetza zetorren Korrikan, orain dela hamarkada gutxiko Vitoria hura ez ezagutzeko moduan. Poza eta jai giroa han ere. Bakar batzuentzat izan ezik. Euskaltzaletasun ziurtagiriak ematen dituzten togadunak balira bezala,  Euskal Herrian Euskaraz taldekoek pankarta jarri ziguten atzean: “Eusko Jaurlaritza, euskararen alde egon? Euskararen alde egin!!!”.  Betiko ezin-eramana erakutsi behar, berriz ere.

Diskutitu daiteke Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politika, jakina! Kritikatu daiteke haren norabidea, nola ez ba! Eztabaidatu daiteke nahiaren eta ahalaren  arteko muga-lerroa non dagoen,  harantzago ala honantzago dagoen, nahi den guztia… baina Eusko Jaurlaritza euskararen alde ari den zalantzan jartzen duena ez da errealitatean bizi, nik uste. Edo, hobeto esan, ez du errealitate hau bizi nahi. Bestelakoa nahi luke akaso.

Zein erakundek bultzatu du, bada, euskarazko hezkuntza, zeinek helduen euskalduntzea, zeinek euskararen presentzia administrazioan, hedabideetan, zerbitzuetan… Jaurlaritzak baino gehiago?  Urrutira jo gabe, adibidez, euskal hezkuntza edo euskal telebista finantzatzeko dotazioez gainera,  Eusko Jaurlaritzak onartua duen Euskararen Agenda Estrategikoak ehun milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusten du urtero euskara sustatzeko. Besteak beste, euskaltegien lana babesteko dira inbertsio horiek; edo, baita ere, larunbatean lekukoa eman zigun ikastola  eta lekukoa eman genion ikastola finantzatzeko. Hori ez da euskararen alde egotea; hori euskararen alde egitea da. Ez al da aski ikustea zer bilakaera izaten ari den euskara Euskal Autonomia Erkidegoan, eta zein Nafarroan edo Iparraldean? Bilakaera horri esker, gaur ez dago jokoan euskararen biziraupena;  gaur euskararen bizi-indarra da irabazteko duguna. Baina argitu dezadan lehenbailehen: biziberritze honen meritua ez da Jaurlaritzarena bakarrik, noski.  Udal, aldundi eta euskal administrazio guztiek bultzatu dute norabide berean, diru-baliabideak eta giza baliabideak jarriz euskararen normalizazioaren alde. Eta, batez ere, euskal gizartearena da meritua: euskal herritarrek (izen eta abizena duten bana-banakoek) erabaki dute euskarari etorkizun oparoa ematea: euskara ikasi dutenek, seme-alabak euskaraz eskolatu dituztenek, beren bizitzetan euskarari eguneroko tokia egin diotenek, euskara –modu batera edo bestera- bere egin duten guztiek.  Gizartearen eta erakundeen artean loturarik egon ez balitz, euskarak ez zukeen izango egun duen estatusa. Osasuntsuago nahi genuke batzuek, bai, baina bizitzan beti ez da posible izaten nahia eta ahala pare-parean joatea.

Baina, hala ere, badira errealitate hori ikusi ere nahi ez dutenak. Ezker abertzalearen munduko hainbatek, hizkuntzaz haratago doan joera politikoagatik,  oraindik ezin dute Gernikako Estatutuaz geroztik eratutako erakundeen lana inola ere aintzat hartu.  Hala, beren lider batzuek ere modulatu eta egokitu dituzten mezuei entzungor eginez, erakundetze alternatiboaren betiereko jarreran tematzen dira eta ezinezkoa zaie guztiz normala eta onartua beharko lukeen errespetu instituzional gutxienekoa zaintzea. Jarrera horrek debekatu egiten die bestela pentsatzen dutenen eta dugunon posizioa errespetatzea. Euskararen gainean patrimonializatze joera agerikoa dute, inorena ez eta guztiona dena norberarentzat gorde nahiz bezala. Alabaina, jarrera hori antzua da eta ez du indarrak metatzeko balio, ez du gizarte gero eta euskaltzaleagoa izateko balio. Euskara irudi eta jarrera  horiekin lotzeak gizartearen gehiengotik aldentzea dakar. Patrimonializaziotik ghettora ez baitago metro erdi bat ere. Ona litzateke Euskal Herrian Euskarazek ebaluatzea bere jarrera horiek, euskarara hurbiltzen diren eta euskaratik aldentzen diren herritarren balantzean, emaitza positiboa ote duten ala negatiboa ote duten.  Alegia, Korrikan parte hartzen ari diren guzti-guztiekiko errespetua zaindu ezean, euskarari eta Korrikaren antolatzaile AEKri berari mesede egiten ote dieten ala kaltea egiten ote dieten.

Izan ere, euskarak gizarte osoaren beharra du: abertzaleena eta ez abertzaleena, ezkertiarrena eta eskuindarrena, era batera nahiz bestera pentsatzen dutenena. Gizartea aniztuna da eta aniztasun horretan egin behar diogu tokia euskarari, behar besteko tokia, euskaraz bizi nahi dugunok gero eta aukera gehiago izan dezagun eta, aldi berean, gizarte kohesioa sendotu dezagun. Hau ongi zainduz eta herritarren atxikimendua etengabe zabalduz egingo baitugu aurrera, euskara biziberritzeko prozesu geldiezinean.

Hemen ez dago inor sobera. Sobera dagoen gauza bakarra jarrera baztertzaile eta patrimonializatzailea da. Denok gara beharrezkoak eta denok dugu zer ekarria. Bazterkeriarik gabe eta errespetuan zerbait eraikitzeko prest gauden eta gai garen guztiok, jakina. Indarrak batzeko garaia da, elkartzeko, errespetatzeko, osatzeko, gehitzeko. Gu prest gaude.

 

Gasteizen, 2015eko apirila

 

Joseba Erkizia

HABEko zuzendari nagusia

artikulu interesgarriak ...

Zer duzu buruan “Gora Korrika! Gora euskara! Behera patrimonializazioa!”-ri buruz

  • EAJk izan duen boterea ikusia, ez du ia deus egin Euskara zabaltzeko, besteen dirua ematea ez da egitea, 40 urte pasa ta gero posible izango zan benetan Euskararen alde egiten, hemengo ia guztiak Euskaldunak izatea.
    Hainbeste urte ta gero osakidetza, epaitegiak… Gazteleraz daukate dena ta Euskaraz ia ezerrez, 40 urte ta gero oraindik ez da dohainik Euskara ikastea Gaztelera betidanik danean.

    Jaularitzak dituen eskumenak ikusia, EAJk Euskararengatik hutsaren hurrengoa egin du, ETB1k azkeneko 20 urteetan izandako bilakaeran argi ikusten danez.

    Euskararen alde egitea ez da esatea alde zaudela, ta EAJren politikak borondatean oinarrituak , oso argi usten dute Euskara beraientzako bozkak ez galtzeko erabilia izan dela.
    Zenbat diru jasotzen dute Gazteleraz egiten diren Euskal irrati, aldizkari, telebistak….
    Ta Euskaraz egiten direnak?
    EAJk Gazteleraren alde egin du gehio Euskararen alde baino.
    EAJri Euskaldun askorei gertatzen zaiena gertatzen bait zaio, Euskara bai baina albokoa nahi badu, bestela Gazteleraz arazorik gabe.
    Halare Korrikan ez ziran horrelakoak gertatu behar.