Bernardo Atxaga, Gasteiz izan denaz eta izan beharko lukeenaz
Bernardo Atxaga Gasteiz izan denaz eta izan beharko lukeenaz hitz egiten ageri den bideo laburra dakargu orriotara, bihar, apirilak 18, Gora Gasteiz herri ekimenak kaleak hartzeko hiritarrei egin dien deira batu baita, modu horretan, idazle itzaltsua.
Biharko egitarau oparoan parte hartzeko deia luzatzeaz gain, hiru minutuz eta gazteleraz (euskarara azpidatzi dugu bideoa), hiriari buruzko hausnarketa egiten du Bernardo Atxaga pentsalariak; Gasteiz nolakoa izan den eta izan beharko lukeen aurrerantzean, agintari arduragabeez eta demokratikoak ez diren jarrerez, kristauen besteenganako errukiaz eta bortxak hartutako hiri baten arriskuaz.
Gora Gasteiz ekimenak ere adierazi zuen, Atxagak beste hitz batzuekin bezala, zer nolako hiria izan nahi duen erabakitzeko atakan dagoela arabar hiriburua; irekia ala bortxak hartua.
Gora Gasteiz eguna ospatu baino egun bat lehenago, Javier Marotok bultzatutako “Laguntza justuagoak” plataformak EAE osoan lortu dituen 41.000 sinadurak aurkeztu ditu. Herritarren Legegintzazko Ekimena baliatu nahi du plataformak Oinarrizko Errenta Sistema aldatu eta premia larrian direnentzako diru laguntzetara bidea zailagoa egiteko.
Maroto eta Alderdi Popularraren jarrerak erantzun indartsua izan du eta asko dira Gasteizen aurre egin dioten hiritar eta elkarteak, apaizengandik hasi eta Gora Gasteizekin bukatu.
Gaur bertan Irantzu Lekuek gasteiztarren sei mila zapatekin egindako ekintza artistikoa burutu du, argazkian ikusten den bezala; oinetakoek gezi bat sortu dute… Udaletxera begira!