Sautrela 406: Antonio Casado da Rocha, EKKI eta Berriro igo nauzu
Aste honetako saioan Antonio Casado da Rocha etorriko zaigu gurera. Bigarren poema liburua atera berri du, Islandiera ikasten, liburu jori bezain zalua. EHUko Filosofia Fakultatean egiten du Antonio Casadok lan bioetikaren esparruan, eta Henry David Thoreau-ren gure arteko aditu nabarmenetakoa dugu. Orain lau urte eman zuen argitara bere estreinako poema liburua, Esku ezkerraz, non, neurri batean bederen, bere euskaldunberritasunari buruz idatzi zuen. Oraingoan ere hizkuntza kontuak ditu oinarri, liburuaren tituluak aditzera ematen duen legez, baina baita, horrekin batera, beste hainbat kontu ere: atzerriko espazioak, eguneroko bizitzako kontuak, euskal literaturako erreferentziak… Horiexek guztiak izango ditugu mintzagai elkarrizketan.
Erreportajean Euskal Kulturgileen Kidegoa-ren (EKKI) berri emango dugu. Egile eskubideak kudeatzeko jaio den elkartea dugu, estatu mailan SGAEk egiten duen lana Euskal Herrian egingo duena nolabait. Nortzuk osatzen dute elkartea? Ze helburu du? Nola funtzionatuko du? Horrekin lotuta eta, batez ere, nola eragingo diete berritasun horiek euskal idazleei? Kontu horiek argitzen ahaleginduko gara EKKIko idazkari Igor Estankona eta EIEko ordezkari Pako Aristirekin.
Azkenik, Beñat Sarasolak Xabier Mendiguren Elizegiren nobela baten inguruan solastatuko zaigu, Berriro igo nauzu-ren inguruan. 1997an argitaratua, kartzelatik irten berri den preso bat du protagonista, eta esan liteke zenbait alderditan aurrekaria izan zela.
Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai Sautrela, 15.00etatik aurrera, ETB1en.
Saioa osorik ikusteko klikatu hemen