Txanponaren bi aurpegiak, gurutze
Memoria Historikoa goiburua duen berrian, “`70 urte bakean´ lelodun txanponak jaulki ditu Espainiako Monetaren etxeak” irakurri dugu hileon egunkarietan.
Bildumagileentzako txanponez mintzo gara; sare sozialetan kalapita piztu duen sorta bereziaz. Askok iraintzat jo baitu txanponak aurpegi batean daraman “70 años de paz” leloa, erdiak Frankoren diktadurapean igaro zirelako; nahiz eta txaanponaren ideia Europa mailakoa izan eta II. Mundu Gerra bukatu izana ospatzen duen -gatazka armatu ugari izan dira geroztik Europan azken 70 urteetan ere-.
Txanpona Fabrica Nacional de Moneda y Timbre-k (FMNT) Europa Programaren barruan jaulki duen hamabigarren sorta da; bi txanpon, bata zilarrezko zortzi errealekoa (10 euroko balio faziala du eta 45 eurotan saltzen da) eta urrezko lau ezkutukoa bestea (200 euroko balio faziala du eta 675 eurotan saltzen da bilduma zaleentzako). Aurpegian, Felipe VI.aren bisaia ageri du; gurutzean, mokoan olibondo adarra daraman usoa. Goiko aldean, eta borobilean, “70 AÑOS DE PAZ” leloa darama maiuskuletan.
Oroigarri edo Bilduma txanpon hauek 2004a geroztik jaulkitzen dira, metal preziatuan. Zirkulazioan izaten direnekin alderatuta, hiru elementu hauetatik gutxienez bitan ezberdinak behar dute izan: kolore, pisu edo diametroan.
Bada beste txanpon berezi bat, oroigarri izanda ere zirkulaziorako jaulkitzen dena euroaren zonalde guztirako, bi eurokoa eta diseinu berezikoa. Herrialde bakoitzak bi atera ditzake urtero. Espainian jaulki zuten mota honetako lehenak On Kixote Mantxakoaren IV. Mendeurrena omentzen zuen.
Kasu honetan, txanpona Europa Programaren barruan jaulkia izan da, esan bezala, baina ez du inondik ageri kontinentearen izena. Eta bere garaian frankismoak erabili zuen lelo bera darama, 1964an, Gerra Zibila bukatu zenaren hogeita bosgarren urtemugan “25 años de paz” zioen domina ere jaulki zuten-eta. Gainera, Espainiak ez zuen II. Mundu Gerran parte hartze zuzenik izan, baina Gerra Zibila pairatu zuenetik 70 urte baino gehiago joan dira.
Espainiar ezkertiar askoren esanetan, txanponaren jaulkitzea “lotsagarria da”, irain bat, Errepublikaren alde borrokatu eta hil ziren guztientzako, eta gero, 35 urte luzez Frankismoak jazarri zituenentzako. Compromis taldeko Joan Baldoví-ren esanetan, esaterako, “ahaztu egin nahi dute 1945ean Espainian ez zela bakerik, diktadura odoltsu eta torturatzaile bat baino”. Memoria Historikoaren legearen kontra egiten du txanponak ezkerreko sentsibilitate politikoa dutenentzat. “Aipatutako garaia baketsutzat hartu eta ospatzea, txanponak jaulkita, mesprezu bat da historiarentzat eta frankismoak kaltetutakoentzat”.
Waterloo txanpon batean oroitzeari uko egin dio Frantziak
Napoleonen ibilbide militarraren bukaera suposatu zuen Waterloo gai delikatua bide da oraindik orain ere Parisen, eta batailaren bigarren mendeurrena betetzen den honetan Frantziak uko egin dio Txanpon Oroigarri bat jaulkitzeari.
Europar Batasunak bi euroko txanpon bat jaulkitzeko asmoa zuen, 1815ean Brusela-tik hurbil Napoleon Bonapartek batetik eta Bretainako Wellington dukeak zein Prusiako Blucher jeneralak gidatu zituzten gudalozteen arteko bataila omentzeko -Belgikak, esaterako, egitarau zabala atondu du dataren oroigarri-, 23 urtez luzatu zen gerra garaiari bukaera ekarri baitzion.
Francois Hollande-ren gobernuak baina, txanpona jaulkitzearen ideia okerrekotzat jo eta Frantzian kontrako iritziak jasoko zituela adierazi zuen. “Gatazka aro bat loriatzea europar batasun politikaren kontra doa”, frantziarraren esanetan.
Espainiak ordea, ez du eragozpenik izan frankismoa bake aro legez aurkezteko orduan.
Iaz Frantziak 1944ko ekainaren 6a oroitzen duen bi euroko txanpona jaulki zuen, Normandiako lehorreratzea izan zenekoa; nazien porrotaren hasiera. Waterloo txanponetan aurkitu nahi duen bildumazaleak baina Britainia Handiko Txanponaren Erret Etxeak jaulkitako bost librakoan izango du bere aukera; Wellington eta Blucher ageri ditu aurpegian.
Europar herentzia
Txanpona jaulkitzeko erabakia otsailean hartu zuten, 44th World Money Fair-en barruan, munduko makina bat herrialdek (Txina, Australia, Kanada, Errusia eta Australia tarteko zirela); europarrak asko (Errusia, Frantzia, Britainia Handia, Portugal, Belgika, Irlanda, Italia, Finlandia eta Espainia). Ez guztiak baina; euroa erabiltzen duten hemeretzi herrialdetatik hamaikak ez baitu jaulkiko, Alemania eta Suitza tarteko.
Beraz, nazismoaren porrota eta II. Mundu Gerraren bukaera ospatzeko asmoa ez da izan Espainiarena soilik. Ezta berria ere, 2005ean aipatutako herrialde askok jaulki zituzten eta, II. Mundu Gerraren 60. urtemuga ospatzen zuten txanponak, lelo bera erabilita; Herbehereek, besteak beste.
Txanponak nazismoaren porrota ospatu nahi omen du, zer eta frankismoaren leloa erabilita. Eta numismatika txanpon, domina eta billeteak aztertzen dituen jakintza-arloa da, besteak beste historiari eta beste jakintzei laguntza handia dakarkiena; aztergai den diruaren aleazioen nolakotasuna eta pisua, metala, zabalkundea, testuak eta irudiak aztertuta oso datu baliagarriak jaso daitezkeelako geografiaz, historiaz, erlijioaz, ohiturez, arteaz, ekonomiaz…
Espainiar Gobernuaren kasuan, 70 urteko ezjakintasuna utzi du agerian numismatikak, edo zerbait okerragoa.