Heriotza zigorra: zaplastekoa!

Iranen zaplazteko bat emanda askatu dute heriotza zigorrera kondenatua.

2007an Adula Hosseinzadeh aiztoz hil zuen gizona heriotza zigorretik libratu du eraildakoaren amak, hiltzaileari zaplazteko bat emanda. Arash Khamooshi-k 2014ko apirilaren 15eko gertakaria argazki bidezko erreportaje batean jaso zuen -azpian duzue-.

Gazte bat hiltzea leporatu eta Balal izeneko gizona urkamendira zigortu zutela-eta, exekuzioa burutzekoa zen hirira jo zuen Khamooshi kazetariak. Plaza jendez lepo zegoen, negar batean ziren zigortuaren familiartekoak eta Korana eskuan erruki erreguka zirenak tartean.

Goizean goiz, eskuak lotuta eta begiak estalita zituela Balal urkamendira eraman eta aulki gainera igo zuten, soka lepoan jarrita. Eraildakoaren amak, ordura arte zigortuari errukia ukatua zionak, aulkia bultzatzeko eta exekuzioa gauzatzeko eskubidea zuen. Baina harrigarriro, ama saminduak Balal-i zaplazteko bat eman eta barkatu egin zuen, zalapartaka zen plazaren erdian.

“Sinestezina izan zen, jendearen poz alarauen artean kendu zioten soka lepotik” aitortu du heriotza zigorra desagerrarazi nahiko lukeen Khamooshi-k.

ISNA agentziarako egiten du lan Arash Khamooshi-k. Argazkiak The Guardian aldizkariak plazaratu zizkion aurrena, eta AFP agentziak gero. Eta “Azken orduko barkamen baten historia” sortak orain gutxi ezagutu diren 2014ko World Press Photo itzaltsuen hirugarren saria erdietsi du, Spot News Stories atalean.

heriotza zigorra

 

ZUZEUko erredakzio kide