Jose Iribasek ez du karismarik, baina glamurra badu

20131128_iribas

Iazko apirilean, Le nouvel observateur astekariak lerro-buru hau zekarren azalean –emazteak erosten ditu, tarteka, horrelako aldizkariak, frantses irakaslea baita–: “barnekoien mendekua” –la revanche des introvertis–; eta letra txikiagoetan: “isilegitzat genituen, eta orain ohartu gara originalak, fidagarriak eta irudimentsuak direla”. Solas gutiko jende diskretuaren xarma aldarrikatzen zuten aldizkariko erreportajearen egileek, eta azpimarratzen zuten gero eta interes handiago pizten dutela bai bizitza pribatuan bai lantokian lehen isilegi iduritzen zitzaizkigun horiek. Tira, hori guzia Frantzia aldean izanen da, zeren, iazko apirilaz geroztik, isila baina sentibera eta irudimentsua naizen honek ez baitu aldaketa handirik sumatu ingurukoen jarreran; horregatik, susmoa dut erreportaje hura ez ote zen Axe desodoranteen iragarpenaren ordain intelektuala: desodorante metaforikoa bota arren, hau da, erakargarriagoa izateko asmoz –edo, akaso, bertzerik gabe, erakargarria erran beharko nuke, -agorik gabe– nire baitan bildua egoteko joera nabarmenki indartu arren, ez ditut erreportajeak agintzen zituen emaitzak erdietsi.

Nire esperientzia alde batera utzita, zinez interesgarria zen gai horren harira psikoanalista bati egiten zitzaion elkarrizketa, batez ere hark gehitzen zituen ñabardurengatik: ez omen da gauza bera barnekoia izatea eta lotsatia izatea, edo inhibitua izatea. Eta barnekoien familia berekoak badira ere, diskretuak eta isilak ere ez omen dira guziz berdinak. Ñabardurak eta diferentzia txikiak egiten hasita, zer dute, galdeginen nuke nik, barnekoiek, orain artio ikusten ez geniena? Erakargarritasuna, xarma, karisma, glamurra? Gauza bera ote dira?

Klasean zerbaiti buruz solas egin behar baita, nire zalantza adierazi nien ikasleei: gauza bera ote dira karisma eta glamurra –eztabaida mugatze aldera, erakargarritasun eta xarma kontzeptuak bazter utzi nituen; “basapiztien magnetismoa” ere sartzekotan egon nintzen, baina berehala ohartu nintzen ikasleek pentsatuko zutela nitaz mintzatzea nahi nuela, eta horregatik solasalditik kanpo uztea erabaki nuen–. Hemen ere zerbaiti buruz solas egin behar dudanez, nire hipotesia –batere zientifikoa ez dena– proposatuko dut: karismak autoritatearekin du harremana; glamurrak, boterearekin.

Karisma duenari gauzak ongi egiteko edo bertze inork eginen ez lituzkeen bezala egiteko gaitasuna onartzen zaio: adibidez, bere trebetasun bereziari esker, lider karismatikoak paradisura eramanen du herria –nahiz eta, gehienetan, hondarrean desastrera eraman–. Egin dezagun Le nouvel observateurreko psikoanalistak bezala: jende karismatikoa eta lider naturala sinonimoak ote dira? Auskalo; nolanahi den ere, berdintsua da nik biei diedan ezinikusia, baina hori akaso nire problema da.

Glamurra, berriz, botereari dago lotua. Karismaz ari bagara, karisma izatea da inportanteena; glamurraz ari bagara, ordea, funtsezkoena zera da: glamurra nork duen –eta nork ez– erabakitzeko boterea izatea. Glamurra gauza misteriotsua eta ezin definituzkoa denez, botere erakustaldia da adieraztea nork duen glamurra eta nork ez, erabaki hori beti arbitrarioa izaten baita. Jar dezagun adibide bat: nire glamur eztabaidaezinak bulkatuta, Euskadi Irratira joatekotan, astero atean agurtzen nauenak lore sorta bat eman diezadala eta, txandaka, astero kazetari batek zaretto bat marrubi eskaini diezadala eskatu izan banu, segur aski arrunt laburra izanen zatekeen nire kolaborazioa irratian; baina egun batean Madonna –edo, bere kontu sekretuetako dirua zenbatu ondoren, David Bowie– etortzekoa balitz eta antzeko zerbait eskatuko balu, auskalo…

Alde horretatik, erlijioak arrunt glamurosoak dira, jainko guziek ergelkeriak eskatzen baitituzte, inolako zentzurik ez duten gauzak, beren boterea erakusteko. Ezin da zerrikirik jan, ortzilarean ez da haragirik jaten ahal, debekatua dago alkohola edatea. Ondoren etorririko justifikazio arrazionalak gorabehera –zerrikia debekatua zegoen, zerriak transmititzen dituen eritasunak saihesteko–, jainkoaren boterea erakustea dute helburu arau arbitrario horiek guziek: zenbat eta absurdoagoak izan, hainbat hobe, horrela hobeki adieraziko baitute zeruko jaunak gizakiengan duen eragina.

Frantzia aldean barnekoien mendekua aldarrikatzen ari diren bitartean, Pirinioetarik hegoaldera bertze mendeku bat izan dugu: gehiengo isilarena. Izena gorabehera, gehiengo isil horrek ez du deus ikustekorik Le nouvel observateurren azterturiko jende klasearekin: gehiengo isila ez da diskretua, ez da irudimentsua, ez da fidagarria, ez du xarmarik, ezta karismarik ere; inkestetan ez du iritzi politikorik, baina hauteskundeetan gobernuan dagoen alderdiari ematen dio botoa. Karisma eta autoritate faltan, boterea ematen du gehiengo isilak: segur aski horregatik ibili dira –eta dabiltza– Espainia aldeko politikariak hura glamurizatu nahian.

Nafarroan glamurizazio hori aspaldi dugu egina: Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak, adibidez, ez du ez karismarik, ez xarmarik (tira, horrela hasiz gero, ezta graziarik edo edukaziorik ere), baina naski glamurrez betea dago: joan den astean erran zuen –bertze astakeria batzuen artean– nafar ona izateko euskaraz jakitea ez dela nahitaezkoa, espainol ona izateko flamenkoa dantzatzen jakitea nahitaezkoa ez den bezalaxe. Gibelean gehiengo isila duelakoan, boterea erakustea dute helburu horrelako konparazio absurdoek.

Atzo, Noticias taldeko egunkari batean, Aingeru Epaltzak salatu zuen, egoki salatu ere, maiz euskaldunak diskretuegiak garela; behar baino gehiagotan, ondokoarekiko errespetuz-edo, bigarren planoan uzten dugula gure hizkuntza. Baina tira, topikoak dio –gezurra den arren– euskaldunak isilak garela, barnekoiak. Nolanahi den ere, Iribas bezalako txotxongilo glamuroso lotsagabeekin hainbertze jende nazkatua dagoen honetan –hainbertze jende ezen, gehiengo isila fite gutiengo isila izanen baita–, bada tenorea, Frantzian bezala, barnekoien xarma deskubri dezagun: originalak baikara, fidagarriak, irudimentsuak. Iribas baino gehiago behinik behin bai. Baina hori, aitor dezagun egia, ez da zaila.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.