Xan Aire Bageraren Soziolinguistika solasaldian
Urtarrilaren 13an, asteartea, 19:00tan izango da BAGERA Elkartearen hurrengo Soziolinguistika Solasaldia, ohi bezala, San Telmo Museoan.
Landuko den gaia: euskararen egoera Ipar Euskal Herrian.
Hizlaria: Xan Aire. Euskal Herriko Kazeta eta Berrian kazetari izandakoa. Egun, Seaskan dago Euskaraz Bizi egitasmoko koordinatzaile gisa, eta Ahotsak.com proiektuan elkarrizketatzaile da. “Seaska. 40 urte euskararen alde” liburuaren egile dugu ere.
Dinamizatzailea: Joxe Manuel Odriozola.
“Euskara Ipar Euskal Herrian egoera kezkagarrian dagoela entzuten dugu han eta hemen. Baina, zein da bere benetako egoera? Zeintzuk dira egoera horren adierazlerik esanguratsuenak? Euskararekiko zein jarrera eta praktika dute Ipar Euskal Herritarrek? Eta bertako instituzioek? Xan Airek, errealitate horren lekuko pribilegiatuak, euskararen bertako egoeraren erradiografia eskainiko digu. Ondorenean, solasaldirako tartea irekita, galderen bitartez eta denon arteko elkarrizketaren bitartez, gaian gehiago sakontzeko parada izango dugu.”
Aurretik ez dago irakurgairik.