Empire State ikurrina kolorez ‘Euskadi Basque Country’ promozionatzeko

Eusko Jaurlaritzak eta New Yorkeko alkate Bill de Blasio demokratak ‘Euskadi Basque Country’ marka promozionatzeko bideorri bat sinatu dute. Urkullu lehendakariak 2013ko urrian New Yorkera egindako bidaia probestu zuen alkatearekin bildu eta “ibilbide luzeko” bideorriaren oinarriak finkatzeko. Lakuako iturrien arabera akordioa “erabatekoa” eta “erraza” izan da, De Blasio eta Urkulluren sintonia onagatik. Horrela Jaurlaritzak 1,5 milioi euro ordainduko ditu datozen bi urteetan, eta trukean New Yorkeko hainbat ekitaldi eta eraikuntza enblematikotan ikurrinaren koloreak erabiliko dituzte. Ikustekoa izango da Empire State ikurrina kolorez.

ikurrina
Horrez gain 135 orrialdeko txostenean azaltzen den bezala, beste hainbat ekimen egingo dira, nola gastronomia sustatu, hala euskaldunontzat berebiziko diren bizikidetza eta bakea nazioartekotzeko. Pozik agertu da Bill de Blasio: “New York hiri kosmopolita izaki, bertan zer esana duten komunitate guztiei laguntzeko prest dago. Euskaldunez ezin gara ahantzi”. De Blasiok urte luzez jokatu zuen Brooklyngo Jai Alai Space baseball taldean, zeinaren aitapontekoa bizkaitarra baitzen. “Urtero saiatzen naiz Boiseko euskal jaira joaten”, adierazi du alkateak.

Bart gauean piztu zuten lehenengoz Empire State eraikuntza ikurrina beraren kolorez, horrez gain, eraikuntzaren sarreran stand informatibo bat jarriko da Euskal Herriaren inguruko informazioa banatzeko. Itziar Epalza, merkataritza eta turismo sailburuordeak ekimenaren garrantzia azpimarratu du: “Empire State egunean mundu guztiko milaka pertsonek bixitatzen dute, gune estrategikoa da turismoa bultzatzeko”. Horrez gain, adierazi duenez, bi gastronomia mintegi egingo dira. Horietako bat Moma museoan, gastronomiaren eta artearen arteko zubiak ardatz harturik.

New York argituko dugu
Euskal Herriko koloreekin
1,5 milioi euroren truke


Kirolaren esparrua ere landuko da, ‘Euskadi Basque Country’ markaren hanka gisa. Horretarako inbertitutako diruaren zati handi bat New Yorkeko maratoi ezagunaren patroziniora bideratuko da. Sarah Stanton New Yorkeko kanpo harremanetarako zinegotziak eman ditu zehaztapenak: “Akordioak dioen bezala, dortsal bakoitzean ikurrina eta AEBtako bandera jarriko ditugu ‘Euskadi Basque Country’ markarekin batera. Gainera, helmugako hesietan ere presentzia izango du Jaurlaritzaren esloganak”

EmpireStateNight

Bizikidetza eta bakea

Bestalde, Urkulluk jakitera eman duenez, datozen egunetan, bizikidetza eta bakea gai nagusi gisa izango dituen kongresu bat antolatuko dute Washingtonen. Ez dute zehaztu zeintzuk izango diren partaideak, baina, zurrumurru guztien arabera Nazioarteko Kontaktu taldea eta alderdi demokrata zein errepublikarreko kide esanguratsuak izango dira bertan. Ikusteko da.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

2 pentsamendu “Empire State ikurrina kolorez ‘Euskadi Basque Country’ promozionatzeko”-ri buruz

  • Betikoa: kolonizatuaren sindromea. Espainako egutekia ospatzen. Urrengoa noizko? Apirilaren 01-an?

  • Beurkotarra 2014-12-29 00:21

    Hormakin ederra atera duzue inozoen egunerako!!