Munduko eskalatzailerik onenak asteon Durangon

Munduko onenak datoz,  eta ikuskizuna goi mailako izango da. Mutilen artean, Patxi  Usobiaga (egungo munduko txapelduna zailtasun frogan), Tomas Mrazek (munduko txapeduna birritan), Chris Sharma (askorentzako eskalatzailerik onena) eta Jorg Verhoeven (Munduko Kopako txapelduna igaz). Horiekin batera Magnus Midtboe (20 urte) eta Jacob Schuberten (18 urte) lana hurretik jarraitzea komeni da, etorkizun handiko gazteak baitira. Emakumeen artean, maila ez da kamutsagoa: Natalija Gros (boulderrean Europako txapelduna 2008an), Johanna Ernst (gaur egungo munduko txapelduna zailtasunean), Maja Vidmar (World Games-etako nazioarteko txapelduna aurten) eta Angela Eiter (hiru bider Munduko Kopako txapeldun izana). Adi Irati Andaren lanari ere; gasteiztarrak hiru bider lortu du Euskadiko Txapelketa eta Munduko Kopan bosgarren egindakoa da. Ikusten denez, lehia segurtaturik dago Durangon.

eskalada

Landako Erakustazokaren ondoko plazan garatuko da txapelketa; boulderra 16 metro garai eta 12 metro zabal da. Dur&Go climbing Masterreko finalak irailaren 12ko zapatuan jokatuko dira, 22:00etan hasita. Euskadiko txapeldun nor den biharamun eguerdian erabakiko da.

Autofinantzaketarako bidean, aurten sarrera ordaindu egin beharko da. Txapelketa ofizial denak ikusteko bonoa 15 euro da. Landako kiroldegian, Liburutegian, Pinondon eta Turismo Bulegoan daude salgai.

Nahi duenari eskalatzeko aukera eskainiko dio Dur&Gok

Txapelketak garatzen diren bitartean, argi dago  protagonista nagusiak nortzuk izango diren. Hala ere, aste osoan zehar, antolatzaileek ahalegin berezia egingo dute eskaladaren mundua herritarrei eta, batez ere, gaztetxoei ezagutzera emateko. Egitarau zabala antolatu dute horretarako. Egunero, astelehenetik zapatura, jasoko dute inguruko ikastetxeetako gaztetxoen bisita. Horrez gainera, Herri Block ekimenak, probatu nahi duen edonori zabalduko dio boulderra.

Bestalde, Diman egin ohi zuten moduan,eskalatzaileak bata bestearen aurka zirika apustuak egiten ikusteko aukera ere eskainiko du Dur&Gok. Parte-hartzaileek ibilbide bana diseinatuko dute; ondoren bata bestearen ibilbidea osatzen saiatuko dira. Ekimen arrakastatsua izan ohi da, ikusmin berezia eragiten duena.

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria