Mutiko azkarra

makilaGaur, ingurabide edo saihesbidearen lehen harria jartzeko ekitaldian (zergatik deitzen ote diote lehen harria, maletatxo bat denean han lurperatzen dena?), mutiko mukitsu bat agertu da bide zidorrean behera. Kontraste handia zen hainbeste politikari gorbatadun eta konstruktoreren artean, hamabi urte baino gehiago ez, zapatak urraturik eta pelotoi zahar bat galtzerpean… Mendibidea seinalatuz, Diputatu Nagusiak galdetu dio:

— Nondik dator bide hau, mukitsu?

Eta mutilak:

— Hau ez dator inondik, bidea geldik dago, Jauna.

Orduan Diputatu Nagusiak:

— Bizkorra mutila. Nola deitzen zara?

Eta mutikoak:

— Ni ez naiz deitzen, niri deitu egiten didate, Jauna.

Diputatu Nagusiak bekozkoa jarriz eta mehatxatuz bezala esan dio:

— Ba al dakizu zer egiten duten zu bezalako mutiko azkarrekin?

Eta mutikoak:

— Bai, Jauna, Diputatu Nagusi izendatu.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)