Europako hauteskundeak = autodeterminazio subiranista?
Europako hauteskundeak segituan ditugu gainean, eta interesgarri ari da jartzen Espainiar Estatuan panorama. Subiranisten sukarrak Kataluniarrentzat autodeterminazio ariketa bilakatu dute bozkatzera joateko zita, bestela, interes gutxi piztu ohi duena. Itxura guztien arabera Espainian abestentzioak irabaziko du beste behin, baina, ikusteko dago Euskal Herrian eta Katalunian nolakoa izanen den bilakaera.
Kataluniarren autodeterminazioa ote?
Tenperatura oso da altua Katalunian negua izateko. Parlamentuak kontsulta egiteko eskumena eskatu berri dio formalki Madrili, indar subiranisten eta PSCko hiru bozka disidenterekin. Eta erantzuna segituan iritsi zaie Obamari egindako bisitatik oilartuta itzuli den Mariano Rajoyren ahotik. “Ez”.
Espainiar Estatuko presidentearen erantzuna aintzat hartuz eta egoera nolakoa den ikusita, ez da oso burugabea pentsatzea kontsultaren aldeko kataluniar indarrak blokea eginen dutela hurrengo Europako hauteskundeak autodeterminazio ariketa bilakatuz. Bilboko manifestazioan CUP-eko kide ezagun batek onartzen zuen: “Katalunian CIU eta ERC batera badoaz, dugun herritarren presioa ikusita, guk ere joan beharko dugu”. Tira badira zantzuak beraz halakorik gertatzeko.
Norekin joango da EHBildu, norekin EAJ,
Eskoziaren erreferendumaren legegintzaldia
erabakiko duen Europako hauteskundeetara?
Euskal Herrian ikusle huts gara?
Halaxe dirudi EAJren jarrerari erreparatuz gero. Kataluniako parlamentuaren eskaeraren ostean, Lakuak adierazi du Espainiak behera botako duela Ibarretxerena bezalaxe. Ibarretxeren proiektuaz halakotan dira oroitzen soilik jeltzaleak dirudienez. EHBilduk ere ikusle soiletik haratago ezer gutxi du orain artean, nahiz eta, ekimena babesten duen.
Ikusle huts badirudigu ere, kontua alda daiteke Kataluniako uhin espantsiboaren eraginez. Norekin joango da EAJ, norekin EHBildu, kataluniar indar abertzaleak elkarrekin badoaz? Arrastaka bada ere EAJ eta EHBildu frontera elkartzea ekar dezake. Burugabea zirudiena orain ez da hainbeste, Kataluniako egoera ikusiz, eta hurrengo Europako legegintzaldia Eskoziaren erreferendumarena izango dela kontutan izanik.
Fronte subiranista bat?
Bai, horixe gabiltza planteatzen balizkoen itsasoan, fronte bat. Lobby bat azken finean, Europan independentziaren, edo subiranotasunaren alde eginen duena. Autodeterminazio ariketa planteatuz, eta inoizko hauteskunde koalizio handiena eginik, bozka kopuruan Espainiako “bi alderdi handietatik” hurbil ibiliko litzateke indar subiranista. Are gehiago muturreko alderdi berriak palestrara irtenda; VOX eta UPyD eskuinetik eta Podemos ezkerretik. Alderdi handien ahuldadeak mesede egingo lieke, hala alderdi txiki berriei, nola balizko koalizio subiranista erraldoiari.
Gure pistolak bala oso gutxi eta balizko asko jaurtitzen ditu… baina tira, amestea beti da libre, gero asmatu egin behar.
Ez dakit zer gertatzen zaizuen abertzale batzuei, edonora EAJrekin batera joan-nahi irrazional horrekin. Maltzagaren metafora, eta hori guztia.
Neronek bederen ez nuke nahi euskal ezkerra alderdi atlantista, troikazale, demo-liberal batekin koalizioan joatea. Baldin elarlanean zerbait egin badaiteke, elkartuko gara Bruselan bertan. Batera, baina ez nahasita.
Prozesua holaxe da, beti:
Ezker abertzaleak: Goazen elkarrekin Maltzagara, batera, Madrilen aurrean indarra erakustera…
EAJk: EZ.
Ezker Abertzaleak: Oh, ah, IKUSTEN? EAJk ez du batasuna nahi, berekoia da, etc. Euskal herritarra, emaiguzu botua guri.
Eta aldi oro horrela.
Guk, euskaldunek, soilik frantsesa edo espainol moduan ahal dugu parte hartu. Horrek egiten badugu espainolak eta frantsesak garela erakusten diogu mundu osoari. Batzuek pentsatzen dute botoekin euskal indarra demostratzen dela eta guztiz kontrakoa da. Boterea da hautestontsiak jartzen dituena, berak deia egiten du eta hemen denek badakigu nork agintzen duen eta nork du boterea. Pentsatzea boto askoekin botere gehiago lortuko duzula da pentsatzea etsaiak zuri tresna bat emango dizula berari erasotzeko. Hori politikan inuzente eta kandidoa izatea da. Nahiz eta “abertzaleek” deitzen direnak miloi bat botu lortu egoera ez zen aldatuko. Inperialismoa legitimatua geratuko zen, bere deia jarraitua eta “abertzaleak”, haientzat (inperialismoari), konponente “demokratiko” bat gehiago dira. Beti demokrata izango zara inperialismoari obeditzen badiozu, parte hartzen baduzu haiek jarri dituzten estrukturetan okupazioa mantentzeko. Inperialismoarentzat da modu bakarra guk pixkanaka desagertzeko eta hori da haien benetazko helburua.
Kaixo, Freud:
Badago aldea boto asko eta gutxi izatearen artean: abertzaleek boto asko dituzte EAEn, eta gutxi Nafarroan. Ikusi zein diren ondorioak.
Ondorioak dira Espaina eta frantzian barruan jarraitzen dugula, bai batzuk bai besteak. Boterea inperialismoaren eskuetan dago. “EAE” eta “Nafarroa” deitzen duzuna (okupantearen denominazioa) okupatuak jarraitzen dira. Gure bidea guk egin behar dugu, inperialismotik at. Horrek esan nahi du instituzio gureak bezala hartzen dugunak inperialismoarenak dira, eta handik han atera behar gara gure benetazko instituzioak berreskuratzeko. Nola? Herriaren boterearekin, azken finean, botera beti dago herrian. Hortarako garbi euki behar dugu zein den gure egoera eta ez zaigun komeni egiterarik uko egin. Guk Estatua bezalakoa pentsatu behar dugu, Estatua garelako, okupatua eta bahitua baina Estatua. Eta estatalismoaren mentalitatean estatu atzerritarrak zuen lurraldeetan haien hauteskundeak egitea eta haien hautestontsiak jartzea ez da onartzen. Hasi gaitezen gure pentsamendua deskolonizatzen.