Disidentea

Disidentea

Aspaldi luze honetan, oximorona izan da PSNren politika hobekien definitzen duen figura: gobernuan izanik, oposizioan naiz (eta alderantziz). Figura hori hain da lotua balizko sozialisten itxurazko liderrari, ezen robertimoron ere deitzen ahal baitzaio (ingelesezko moron-ek, gainera, bide ematen du izenaren bertzelako interpretazioak egiteko).

Halere, dena ez dago galdua PSN-n, disidentzia ere bada eta. Disidente bat, bederen. Ainhoa Aznarez, hain zuzen ere. Urteak dira disidentea dela; hainbertze urte, erran bailiteke disidente ofiziala dela: bertze robertimoron bat, alegia.

Aznarez ez dago ados Jimenezen politikarekin (jakina, disidentea baita), baina, horretaz aparte, deus guti dakigu haren alternatibaz. Joan den astean, elkarrizketa egin zioten irratian, eta bertan Robertikoren ordezkoa nor izan litekeen galdegin. Maria Chivite izan zen arrapostua (edo Maite? Ez dakit; batzuei Txinako filmekin gertatzen zaiena gertatzen zait niri PSNrekin: sobera zalea ez naizenez, ez ditut pertsonaiak ongi bereizten). Eta zer iritzi duzu M. Chivitez? Erantzuna: Senatuan dago, emaztekia da.

Uste izatekoa da Aznarezek segituko duela hori bezain iritzi sendoak adierazten Euskal Herriko telebista eta irratietan, apaingarri izateko ez ezik, horretarako ere balio baitu disidente ofiziala izateak. Bitartean, baten batek pentsatuko du oraindik merezi duela PSNri botoa ematea, lerro ofizialekin ados ez dagoen jende ona bada eta. Hara! Alderdiari onura dakarkion disidentea, bertze robertimoron bat. Baina, badakizue, nolako alderdia, horrelako disidentzia.

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

Zer duzu buruan “Disidentea”-ri buruz

  • Aznarez, Uriz ere ez 2013-06-10 11:00

    Uriz da beste robertimoronetako bat. Eta herrietan dozenaka daude. Alderdia ez baita “alderdia” soilik. Alderditik kanpora hotz handia egiten omen…