2.300 ikaslek ‘Ilargiari kantari’ haurrentzako ikuskizunaz gozatuko dute egunotan Miramonen

2.300 ikaslek ‘Ilargiari kantari’ haurrentzako ikuskizunaz gozatuko dute –

  • Gipuzkoako 20 udalerritako 3 eta 6 urte bitarteko ikasleak Miramonetik igaroko dira otsailaren 12tik 20ra Euskadiko Orkestraren Musika Gela hezkuntza-zikloko ekoizpen hau ikustera.
  • Ikuskizuna familiei irekiko zaie larunbatean, otsailak 15, 11:00etan eta 12:30ean, Miramonen. Sarrerak bukatuta.

2.300 ikaslek ‘Ilargiari kantari’ haurrentzako ikuskizunaz gozatuko dute egunotan MiramonenMusika Gelaren 24/25 Denboraldiko bigarren programa aste honetan eta hurrengoan egingo da, 20 udalerritako 2.300 ikasle baino gehiagori zuzendutako Eskola Kontzertu ugarirekin: Altzo, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Berrobi, Deba, Errenteria, Gabiria, Idiazabal, Lasarte, Legazpi, Lizartza, Mendaro, Oiartzun, Olaberria, Tolosa, Zarautz, Zegama eta Zestoa. Gainera, bi Musika Familian kontzertu programatu dira larunbat honetan Miramonen, eta otsailaren 2an familiei zuzendutako beste bi kontzertu ere eman ziren Gasteizko Garcia Lorca Antzokian.

Amona abeslari bati eta haren oroitzapenei jarraituz, euskal herri-musikaren hainbat melodia jorratuko dira Ilargiari kantarin, baita gizakiek ilargia lehenbizikoz zapaldu zuten garai bikaineko abesti ospetsuak ere. Mikel Cañadaren —Musika Gelaren koordinatzailearen— gidoia duen eta Ana Egiazabal aurkezleak gidatuko duen ikuskizun honetan, ganbera-talde batek Aita Donostia, Guridi, Puccini eta Morricone bezalako musikagileen lanez osatutako askotariko errepertorioa interpretatuko du. Ganbera-taldea hiru musikariz osatuta dago, eta horietatik bi Euskadiko Orkestraren kideak dira: Amaia Asurmendi (biolina) eta Igor Arostegi (perkusioa). Amaia Zipitriak osatuko du hirukotea pianoan. Horrez gain, lehendabizikoz Musika Gelan, taldeak Ainhoa Lopez de Munain gasteiztarraren ahotsaren akonpainamendua izango du.

3 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendutako Musika Familian kontzertuak izango dira larunbatean, otsailak 15, 11:00etan eta 12:30ean Miramonen. Bigarrena saio lasaia izango da; saio lasaiak familia guztientzat daude irekita, desgaitasunen bat duten kideak dituzten familientzat zein halako kiderik ez dutenentzat. Kontzertu hauetarako sarrerak bukatu egin dira.

ARTIS+, artea gizarteratzeko

Ekimen hau ARTIS+, artea gizarteratzeko proiektuaren baitan sartzen da. Euskadiko Orkestrak 2027ra arte parte hartuko du mugaz gaindiko lankidetza sustatzen duen Europako proiektu honetan, beste hainbat bazkiderekin batera, tartean, Orchestre National du Capitole de Toulouse, L’Auditori eta Bartzelonako OBC Orkestra, eta Pauko Orkestra.

2.300 ikaslek ‘Ilargiari kantari’ haurrentzako ikuskizunaz gozatuko dute egunotan Miramonen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude