Fracking Ez Europako Legebiltzarrean

Gizarte mugimenduak Eusko Jaurlaritzari Bruselatik ohartarazi dio legearen izpiritua oso argia dela: Fracking ez, ez hemen ez inon!

Fracking Ez Europako Legebiltzarrean agertu da eta Lakuari dei egin dio haustura hidraulikoaren teknikak EAEn ezezik  kanpoan ere erabiltzeko “baimen sozialik” ez duela barnera dezan

2015eko urriak 22. Euskal Herriko fracking-aren aurkako mugimenduaren kide batzuk Europako Legebiltzarreko jardunaldian agertuko dira gaur, GUE/NGL talde parlamentarioak antolatutako saioan, Parisen abenduan egingo den Munduko Biltzarraren (COP21) atarian.

Eguraldi aldaketari buruzko lan jardunaldia da, zeinak haustura hidraulikoan oinarritutako erasoaldiari aurre egiterakoan arrakasta izandako eskarmentuen berri emango duen. Hala, euskal ekintzaileekin batera, New York, Errumania, Eskozia eta Irlandako antzeko mugimenduetako kideak ere ariko dira.

Mikel Otero ariko da bozeramaile. Euskal mugimenduaren jarduna lau mugarriren gainean ibili dela adieraziko du: alde batetik, gizarte presio zabala; aldi berean herri sektoreetan martxan jarritako informazio, formazio eta eztabaida dinamika; hirugarrenez, aliantzei eta sareko lanari esker lortutako sinergiak; eta azkenik, horren guztiaren eraginez, erakundeen maila, hortik etorri baitzen Eusko Legebiltzarrak iragan udan onetsitako legea.

Hala eta guztiz ere, Fracking Ez taldeak uste du gaur egun zantzu batzuk badirela, Eusko Jaurlaritzak legearen gaineko interpretazio okerra egiteko arriskua dakartenak, nahiz eta arauak izpiritu zeharo argia daukan: Fracking ez, ez hemen ez inon! Mikel Oteroren irudiko, “akats larria izango litzateke legearen filosofia sakona bazter uztea, hau da, haustura hidraulikoaren estrategia oso-osorik bertan behera utzi behar duela, Euskal Autonomia Erkidegoan ezezik kanpoan ere”.

Begiradak, SHESAren gainean gogoan izan behar da Euskadiko Hidrokarburoen Sozietatea (SHESA) Burgoseko Iparraldeko – eta Euskal Herritik gertuko- fracking proiektuak gauzatzeko prest dagoela, hain zuzen ere, dagokion esparru autonomikoaren organo legegileak gizartearen iritzi zabalari jarraikiz onartu zuen legeari ez ikusiarena eginez. Horrexegatik, momentu honetan begirada guztiak SHESAren gainean daude, enpresak egiten duenak esango baitu noraino beteko den legearen baitan
jasotako herri subirautzaren agindua.

Euskal Herriko fracking-aren kontrako mugimenduaren eledunak uste du mesedegarria izango litzatekeela Lakuako Gobernuak behingoz barneratuko balu legea onartzera eraman zuen prozesutik honoko ondorio nagusi hau atera zitekeela: fracking-ak ez duela “baimen sozialik” erabili ahal izateko ez euskal lurraldeetan, ezta kanpoan ere. “Oso larria izango litzateke Eusko Jaurlaritzak muzin egingo balio ederki asko ezagutzen duen errealitateari eta nahiago izango balu fracking-aren aldeko lobbyarentzat ezkutuan lan egitea, gizarteak aho batez eman zuen iritziaren kaltetan”.

Hau guztiau dela eta, Bruselako agerraldia baliatuz, Fracking Ez taldeak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio barnera dezala Eusko Legebiltzarreko gehiengo zabal batek bozkatu zuen legearen “izpiritu argi-argia”: “Lakuak fracking-a bertan behera utzi beharra dauka, lehenbailehen eta oso-osorik”.

frackingez.org

Fracking Ez Europako Legebiltzarrean

Fracking Ez Europako Legebiltzarrean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.