Alderdi Popularrak ala munstroak, nork irabaziko?

Alderdi Popularrak Jose Luis Rodriguez Zapateroren bi legegintzaldietan zehar, oposizioan egoteak ematen duen babesarekin, munstro mediatiko bat sortzeari ekin zion. Euskal Herrian aurrera egin nahi zuen bake prozesua ardatz hartuta, estrategia oztopatzaile eta demagogikoari ekin zioten. Berdin zien Aznarrek zer egin zuen urte batzuk lehenago, berdin zien itxuraz lortzear ziren bakea zenbateraino eskertuko zieten hainbat alderdikidek. Politikan epe laburrean pentsatzeak dakartzan ajeak hauek. Eta orain nora doa Alderdi Popularra? Barne zatiketak gaindituko al ditu eszenatoki berrian?

Jesus Egigurenek ‘Loiolako Hegiak’ (Imanol Murua Uria) liburuan aitortzen zuen, ez dela errepikatuko 2006koa bezalako bake prozesurik. Negoziazioak eta prozesua publiko egin zirenean amaitu baitzen dena, PSEko presidentearen aburuz. Arrazoirik ez zaio faltako, baina hain zuzen, mediatizazioa PPren lobby komunikatibo andanaren eskutik etorri zen, boikota, hitz batean esanda. Diskurtsoa une hartan oso zen komodoa, edo ez dituzue oroitzen Rajoyk hartzen zituen jendetza bainuak AVTren manifestazioetan?

ETAren eta Estatuak erakunde armatuarekiko izan behar lukeen jarreraren inguruan munstro bat eratzen hasi ziren ABC, El Mundo, Intereconomía, VEO7, 13 eta enparauak. Apurka apurka handitzen zihoan/dihoa. “Eta orain zer demontre!”, pentsatuko du Euskal Herriko Alderdi Popularreko militanteren batek. Nola kudeatu egoera Madrilen itzalpean?

Azken batean ereindakoa jaso besterik ez dute egin.

Uribetxebarriaren kasua pil pilean den honetan PP-ren barrenean serioski hartzeko banaketa gertatzen ari da. Jada ez da Jaime Mayor Orejaren burugabekeria. Oraingo honetan pepero bat baino gehiago dira heriotza zigorra legeztatzeko eskatzen dutenak. . Baina nork irabaziko du lehen asaltoa? Nork borroka? Lortuko al du PPk orain arteko inertziez elikatutako munstroa K.O uztea?

Ez dute lan erraza. Zuk zer uste duzu?

 

Kristalezko bolari begira igarotzen ditut goizak eta arratsak. Eta gauez ezin dut lorik egin.

3 pentsamendu “Alderdi Popularrak ala munstroak, nork irabaziko?”-ri buruz

  • Lukas Mateo 2012-09-06 09:01

    Esaten da Frantzian François Mitterrandek ere bultzatu zuela Front National delakoa, Le Pendarrek gidatzen duten ultraeskuineko aukera hori. Gezurra dirudien arren, era horretan zatitu egiten baita eskuina: alde batera eskuin “zibilizatua” eta bestera “munstro faxistak”. Burges frantziar liberal batentzat, ezinezkoa da Le Penekin kafe bat hartzea. Bai, eskuina zatituta dago, ñabardura handiak baitaude eta beti egon baitira klaseak. Eta jakina, eskuina hauteskundeetara zatituta aurkeztea, mauka da ezkerrarentzat.
    Espainian, ostera, hasi PPko zentristenetik eta Saenz de Inestrillas berarenganaino, ez dago lubakirik, denek egiten dute multzo bakar. Eskuindarrak soziologikoki desberdinak izan arren, tradizio desberdinetatik etorritakoak izan arren… denek egiten dute bat eskuineko aukera osatzerakoan.
    Ez dago dudarik, Espainiak ere Mitterrand bat behar du.

  • Ramón Lobok idatzi du hontaz bere blogean: Hemen

  • Amonamantangorri 2012-09-07 03:17

    Bistan da PP barnean botere-liskarrak dituztela. Esperanza Agirre izan omen liteke Espainiako “TDT Party” delako baten ordezkarietako bat.

    Sektore horrek PSOEren kontra erabilitako estrategia berbera darabil alderdikideen kontra: gobernuak politika ekonomiko okerra eramatea eta “Iparraldeko Gerran” epelkeria erakustea. Eszisio bat gertatuko balitz, bi gai horien kontura makina bat botu eskuratuko lukete. Baina haiek ez dira faxistak; nahiago dute beren burua “liberal” gisa definitu…