Gladys del Estalen irakaspenak

Gladys del Estalen irakaspenak –

Bihar, guardia zibil batek Gladys del Estal asasinatu zuenetik 44 urte pasatu direla gogoratuko dugu eta, horren kari, hark orduan erakutsi zigun bidea eta egun, berriz, kapitalismo berdeak, wokismoak, desitxuratu nahi dituen borroka ekologikoez mintzatuko natzaizue. Horretarako, bada, András Schiffer idazle magiar ekologistak dioena hartuko dut hizpide. Labur esanda, Schifferrek aipatzen du wokismoa hiru funtzio nagusi betetzen ari dela eta, horregatik hain zuzen, kapital global handiak mota horretako mugimendua sustatzen duela:

Gladys del Estalen irakaspenak

– Alde batetik, wokismoa erabiliz, kapital globalaren aurka gauzatu daitekeen edozein mugimendu ahuldu nahi dute. Schifferen arabera, azken urteetan, elite agintariak ez du inoiz izan orain bezain bitarteko eraginkorrik sistemaren aurkako mugimendu guztiak ezabatzeko, eta horretarako erabiltzen du wokismoa. Diktadura totalitarioek ere ez zuten lortu kontzientziak guztiz nahastera iristea, etsaia argi eta garbi zegoelako.

Gaur egun, berriz, Schifferen arabera betiere, ezinezkoa da sistemari aurka egiteko pentsamendurik lantzea. Ondorioz, eliteentzako arriskugarri izan daitezkeen mugimenduak kanpotik sustatutako eztabaidetara behartzen dituzte woke mugimenduaren edo progresismoaren bidez, funtsezko gaien arreta desbideratzeko.

Mugimendu ekologistaren adibidetzat har dezakegu. Izan ere, oraintxe bertan, borroka ekologistaren puntu nagusia klima aldaketa da, baina ez, ordea, petrolio-multinazional handiak egiten ari diren astakeriak, eta, haietaz arduratu ordez, gai abstraktu eta urrun bihurtu da naturaren defentsa, Gladys de Estalen garaian Lemoizekin gertatu ez zena, alegia.

– Bestaldetik, wokismoa edo woke kapitalismoa bide egokia izaten da kapital global handia kontrolatzen duten iruzurgileei aurpegia garbitzeko. Horiek dira, hain zuzen ere, ingurumenaren kalteen edo Hegoalde globalaren ustiapenaren erantzuleak, baina pertsona onbera gisa ager daitezke egun, gutxiengo sexualen eskubideekin edo klima aldaketarekin kezkatuta. Gero, haurrak meategietan ustiatzen edo Amerikan edo Afrikan basoak suntsitzen ari badira, ez du axola, eta ikusi ahal izatea bera lausotu egiten da.

– Eta kontuan hartu beharreko hirugarren puntua da, Schifferen arabera berriro ere, kapital globalak, lotura nazionalak suntsitzeaz gain, gizarte-sarea bera ere suntsitu nahi duela. Woke mugimenduaren atzean interes material batzuk daude, disgregazio soziala xede dutenak. Gizarte irekiaren politika hori besterik ez da, gizartearen sareak suntsitzeko politika. Eta kontua ez da garai zahar onengatik negar egiten duten kontserbadoretzat hartu diren batzuen alde egotea, baizik eta kapital globalak bermatu nahi duela nagusiki haren aurka gizarte sare indartsurik ez izatea. Alegia, bere kontra langileen oposizioa antolatzea ezinezkoa izatea.

Hau da, XIX. mendean langile-mugimendua sortu zenean, langile-elkarte eta klubetatik, herri-etxeetatik eta abarretatik abiatu zen, non jendea biltzen baitzen, ez bere jatorriaren arabera, baizik eta bere lanbidea zela eta. Egun, ordea, leku batekoa edo lanbide batekoa izatearen bizipenik ez dago, eta, halakorik gabe, ez dago bizitzaren zentzurik, eta elkartzeko gaitasuna galtzen da, kapital globalak milioika pertsona manipula ditzakeen bideak irekiz eta jendea marketin-bulegoek nahi duten norabidean eramateko aukera libre utziz.

Aspalditik ezkerrak bere pentsamendua eraikitzeko ohiko joerak galdu dituelakoan nago (mugimendu ekologistak barne), eta kolonizazio prozesu bat jasan du. Horren ondorioz, gizarteak oposizio politikoa eraikitzeko langileen auto-antolaketarako indarra galdu du, nahiz eta, dagoeneko, biztanleria ez den ez wokismoaz ezta progresismo berdeaz ere hain harkorra.

Gladysek pentsamendu ekologista lantzeko bideak irakatsi zizkigun, baina, halaber, eguneroko borrokarekiko engaiamendua zer den ere agerian utzi zuen. Berarekin bat, orduko beste asko bezala, Lemoizeko zentral nuklearraren kontra batera aritu ginen, teoria eta praktika elkartuz.

Egungo kapital berdeak ez gaitu bere sareetan harrapatuko… Ibiltzen aspaldi ikasia dugu, otsoak eskutik hartu gabe!

Gladys del Estalen irakaspenak  Gladys del Estalen irakaspenak

Idazlea. EHU-n eta UEU-n irakasle.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude