Hiru urte ez da ezer
Larunbat honetan hiru urte beteko ditu ZuZeuk. Lehenagotik probatan bazebilen arren, 2009ko Apirilaren 14 hura hautatu zen ofizialki aireratzeko. Handik hona bere bidetxoa egin du orainkari horizontal honek eta geldirik egoteko ez zela jaio erakutsi nahian edo, larunbat honetan itxura berrituarekin agertuko da.
Hiru urte ez da ezer, badakigu hori, baina sortu zenetik hona, hamaikatxo euskaldunek aurkitu du ZuZeun espresiorako gune egoki. Albistari bat ginelakoan jaio ginen, eta bagara hori ere, baina denborak erakutsi digu gehiago garela komunitate baten espresiorako tresna edo baliabide. Zer ez dugu hemen adierazi eta eztabaidatu hiru urteotan?
Ondorengo argazkian ageri da ZuZeuren “tripetako” arbela, erredakzioan ikusten duguna bera.
6.147 Bidalketa dio. Horrek esan nahi du, hiru urteko epean sarrera kopuru horixe argitaratu dugula. Horietako asko eta asko ZuZeuko erredaktoreek eginak dira, bai, baina beste hainbat izango dira erabiltzaileek eginikoak, Zuzeulariek eta Gugeulariek, norbanakoek eta taldeek, alegia.
Iruzkinak, ostera, 7844 oraingoz. Eta gorantz.
Urtea hastearekin argitaratu genituen iazko audientzia datuak. Ez dakigu handiak edo txikiak diren, ez gara beste inorenekin alderatzen hasi ere egin, baina direnak dira, eta pozik gaude. Orainkari benetan horizontal bati dagokion legez, gainera, zeuk ere behar dituzu eduki aukeran.
Handik hona, ostera, 45.300 erabiltzaile desberdin sartu da ZuZeura azken hiru hilabeteotan, 123.00 bisitaldi eraginez. Eta beste datu hauek ere, argigarri gertatuko zaizkizu:
- Hilero 40.000 bisita
- Astero 8.000-9.000 bisita inguru
- Egunero 2.850 orrialde (eduki unitate) bisitatzen dira bisitari guztien artean.
- Erabiltzaile leialak: %68k behin baino gehiagotan bisitatzen gaitu
- Bisitarien erdiak orrialde bat baino gehiago bisitatzen du.
- Bisitari bakoitzak 04:26 minutu egiten du ZuZeun.
- Urte hasieratik, egunean batez beste erabiltzaileek 10 iruzkin.
- Urte hasieratik, egunean batez beste 2,5 zuzeularik idazten dute sarreraren bat.
- 700 zuzeulari eta gugeulari erregistratutik gora.
- 2.400 jarraitzailetik gora twitterren
- 1.030 jarraitzaile facebooken.
- Bisiten %3 mugikor eta tabletetatik
- Mundu osoko 100 herrialde baino gehiagotatik bisitatu gaituzte, nagusiki espainia (madril nagusi), frantzia, AEB, EB eta alemaniatik.
- Bisita guztien %8a blogak, sinadurak, dira
Ea orain larunbatean aurkeztuko dugun itxurarekin asmatzen dugun. Bestela esan, eta zerbait egingo dugu. Edo saiatuko, bederen.
Zorionak zeuri!