Inoiz ez da beranduegi euskara ikasten hasteko (I)
Nahiz eta Euskal Herrian jaio eta hazi, euskararik apenas dakien jende asko dago. Giro erdalduneko jendea da, erdaraz bizi dena eta euskararekin harreman oso urria duena. Hala ere, jakin-mina edota beharra direla eta, euskara ikasteari ekiten diote bizitzako edozein momentutan. Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegian, hilero Euskal Herriko zein kanpoko 120 pertsona inguruk hartzen dute ostatu euskara ikasi eta trebatzeko, giro zeharo euskaldunean.
Gasteiztarrak dira batik bat Maizpidera euskara ikastera gerturatzen direnak, baita Donostia eta Irun aldekoak ere, ingurukoak ahaztu gabe, noski. Bizkaitarrak gutxiago dira, urruti gelditzen zaielako batetik, eta gertuago ere badituztelako beste zentro batzuk.
Maizpideko Aitor Larrañaga irakasleak dioenez, “HABE eta EGAko azterketak gertu direnean, maiatza eta urria inguruan, izaten ditugu Maizpiden ikasle gehien. Batzuk euskara ikastera gogotsu datoz, dakitena trebatzera eta hobetzera, hemen giro guztiz euskalduna eskaintzen baitiegu. Baina beste batzuk, azterketa gainditzea eta titulua eskuratzea bakarrik dute helburu, bost axola gero euskara erabiliko duten edo ez”.
Ikasle gehienak gazteak dira, horietako batzuk irakaskuntza edo lizentziaturaren bat ikasi duen jendea, lana lortzeko euskara maila bat behar duena. Dena dela, zenbait jubilatu ere badaude barnetegian, txikitan euskara ikasteko aukerarik izan ez zutenak. “Beren buruarekin duten zor hori nolabait kitatzera datoz, baita bilobekin euskaraz egin nahi dutelako ere”, dio Aitorrek.
Baina Euskal Herritik kanpo bizi diren pertsonak ere badituzte ikasgelan. Baita atzerritarrak ere, Etxepare Institutuaren bitartez etorritakoak izan dituzte uztailean. “Kuriosoa da, baina, askotan, Euskal Herri kanpotik datozenak dira motibazio gehien dutenak”, dio Aitorrek. “Europarrak, estatu batuarrak, hegoamerikarrak, katalanak… euskararekin nolabaiteko lotura edo interesa duen jendea. Greziar bat ere izan dugu, EGA lortzera iritsi zen! Gaur Itsasondoko alkatea da”.
Uda partean batez ere, oporrak aprobetxatuz, katalan batzuk izan ohi dira, euskararekiko atxikimendu handia azaltzen dute. “Katalana kasta berezia da, berehala ematen dute izena hona bizitzera etortzen badira”. 68 urteko emakume katalan bat on line ari da ikasten eta astean behin Skype bidez hitz egiten du Aitorrekin. “Hiru urte daramatza eta udan hilabete bat pasatzera dator hona. Ikaragarria da emakume horren motibazioa”.
Oro har, euskaraz hitz bat ere ez dakien jende gutxik ematen du izena euskaltegian, “1. mailako jende gutxi dago, gehienak oinarri bat badute eta titulua eskuratzera datoz”, dio Aitorrek. Dena dela, azken aldian gertatzen ari den fenomeno bitxi baten berri eman digu: “Goierritarrekin ezkondu, hona bizitzera etorri eta euskara ikasten hasten den espainiar asko dago”. Sara horietako bat da. Lazkaotar batekin ezkondutako palentziarra da eta urrian hasiko da euskaltegian. “Bai harremanetarako eta baita lanerako ere, euskara jakitea beharrezkoa ikusten dut”, dio Sarak. “Inoiz ez da beranduegi euskara ikasten hasteko”.
Berri ona da espainiarrak ere euskara ikasten hasi badira, euskara tresna baliagarritzat ikusten dutela esan nahi bait du! Garai batean Euskal Herrira zetozen espainiarrek (batez ere 50. eta 60. hamarkadetan euskalherriratutakoek) ez zuten ahaleginik egiten euskarara hurbiltzeko (egoera politikoak ere euskara gutxiestera bultzatzen zituen), beraz, Espainiatik datozkigun etorkinak euskara eskolak hartzen hasi badira, seinale da euskarari balioa ematen diotela (eta balio hau zer den bost axola zait, maitasuna den, lana den, bilobak diren… hizkuntzak ikasteko arrazoiak anitzak dira eta euskara ikasteko arrazoiek ere anitza behar dute izan).