Ertzaintzaren web antiterrorista laguntza eske
ETAren jardueraren kaltegarritasunaz ere badihardu bertan argitaratu duten bi minutu t’erdiko bideo honek.
Bideoan argi diote: “Oraindik ere badira ETAn sartzen diren pertsonak, ENAM delakoaren erakundeetatik eta kale borrokatik”. Denak gazte, denak esperientzia gabeko, gehitzen dutenez.
Bost puntu nagusi darabiltza herritarren lankidetza bultzatzeko, baina harrigarriena bosgarrena egiten zaigu geuri: “DENBORA INPORTANTEA DELAKO ETA INFORMAZIO GUZTIAK DIRELAKO ERABILGARRIAK”. Eta ondoren dio: “Ez zalantzarik izan: lagundu! Ertzaintzak diskrezio eta konfidentzialtasun osoz hartuko zaitu, eta informazio guztiak aztertuko ditu“.
Baina badira beste orrialde zenbait ere, esate baterako Terrorista bilatuenak edota Polizia-intereseko argazki eta bideoak izeneko honetan, irudietako norbait ezagutzen baduzu: “Horrelakoren baten lekuko bazara, edo bideoan agertzen den pertsona identifikatzen lagundu dezakezula uste baduzu, ez zalantzarik izan; jarri harremanetan Ertzaintzarekin.“
Ertzaintza eta giza eskubideak izenekoan, ostera, oso politikoa den irizpidea dakarte: “Ertzaintzak berretsi egiten du ETAren kontra borrokatzeko duen konpromisoa, erakunde terrorista baita euskal herritarren, euskal erakundeen eta demokrazia ordezkatzailearen etsai nagusia. Izan ere, proiektu ideologiko bakarra du, izaera totalitarioa duen sozialismoa bultzatzen duena.” Gaixotasuna eta sintomaren kontu zahar hura etorri zaigu geuri gogora.
Ertzaintzaren kode deontologioa ere deskarga daiteke orri honetatik. Bertan irakurri ahal izango duzu, besteak beste ezingo dutela inor torturatu edo tratu txarrik erabili: ” (Ertzainek) Ezingo dute ez torturarik ez tratu txarrik, jasangaitzik edo iraingarririk egin, bultzatu edo onartu, ez nagusi baten agindua edo egoera berezi bat (gerra edo segurtasun nazionalerako mehatxua, esaterako) edo bestelako larrialdi publikorik erabili justifikazio gisa.“
Jakinekoa da salataritzak tradizio handia ukan zuela diktadurapeko polizia eta guardia zibilaren garaian. Baina nola hartuko du eskaera hau euskal jendeak, eskaria egiten duena Ertzaintza izanik ere?
(Sarrera honen biharamunean, Berriak, Garak eta Deiak ere badakarte eurena).
Web orrialde honetara sartu naiz eta penagarria iruditzen zait. Espero dudan gauza bakarra da ETAk aurrea hartzea eta behingoz armak uztea, ea orduan españolek zer esaten duten. Gobernu honen lehen egunetik inoiz ikusi gabeko barrabaskeriak egin dituzte, eta horretan segitzen dute! Ezker Abertzalea aurrera, hartu aurrea, ekin gogor, eztabaidatu, bildu, eta goazen antzina! Herri honek merezi eta exijitzen duelako!
[…] elkar salatzeko aukerak eskaini nahi dtu Aresek. Aste bete igaro da “terroristak” webgune bidez salatzeko aukera martxan jarri dutenetik. Epe horretan 88 salaketa jarri dituzte eta horietatik 67 faltsuak […]
[…] Euskal Herrian Ertzaintzak egin bezala, Erresuma Batuan ere laguntza bila dabil Polizia “terrorismoaren aurkako borrokan”. Horretarako iragarki bat prestatu zuen irratian emititzeko, baina orain atzera egin behar izan du bertan esaten zituenengatik. Izan ere, eskudirutan ordaintzea “terroristen” jokabide gisa azaltzen baitu besteak beste. “Zure kalearen amaieran bizi den gizonak ez du sobera hitz egiten bere intimitatea babesteko; eskudirutan ordaintzen du ez duelakoz bankuko txartela, eta gortinak jaisten ditu beti bere etxe paretik autobusa pasatzen delakoz. Honek ez du zertan deus esan nahi, baina jokabideok denak batera susmagarriak izan daitezke. Terrorismoaren aurkako borrokan denok dugu jokatu beharreko rola. Zerbait susmagarria ikustekotan, terrorismoaren aurkako linea konfidentzialera jo” dio iragarkiak. […]