Veleiako misterioa, ezjakin batek ahal bezala kontatua (1)
Zer da Iruña-Veleia?
Berez, arkeologia eremu bat baino ez da. Gasteiztik 10 kilometrora, Iruña Okako udalerrian, Trebiñura bidean.
Kristo baino mila urte lehenagotik hasi eta V. mendera arteko aztarnak daude bertan, brontze garaian hasita, alegia. Erromatarren aztarnak, lehenagokoak, eta geroagokoak, jakina. Ertaroan, Iruñako Gure Amaren prioratoa egon zen bertan, San Juanen ordenekoa eta Burgos eta Buradon-en agindupekoa.
Kontua da, jada XVI. mendetik ezagutzen zela aztarnategia eta sarritan izan dela, historian zehar, adituen gustuko azterleku. Aipatzekoak 1900 urtean Jaime Verasteguik egindakoak, edo 1974.ean Juan Carlos Elorzak.
Indusketa horietan ikusi zenez, etxetzar ederrak ziren Veleian, eta haien artean nabarmen, Pompeia Valentinaren Domusa. Aurkitu ere aurkitu zen dama haren marmol zurizko irudi bat, Iruñako Anderea izenez ezagutu eta Arabako Arkeologia Museoan gordetzen dena.
(Wikipedia izugarria da. Ez al zaizu iruditzen?).
Oraintsuko ikerketa eta egitasmoak
1994ko urtetik ziharduen Eliseo Gil Zubillagak Veleiako gunea ikertzen, baina 2001 urtean sinatu zen lehengo egitasmoa: Iruña Veleia III. Milurtekoa. Hamar urterako plana zen, Eusko Tren eta Eusko Tren Sareak finantzatuko zutena. Asmo nagusia, harresien barruko aldea aztertzea eta ezagutzera ematea.
2005-07 urteetan, Iruña Okako udalak bultzatu eta Arabako Diputazioak ordaindutako beste proiektu bat abiatu zen. Veleiakoa denboran noizkoa zen aztertzea zuen helburu, lege aldetik zegokion babesa erabaki ahal izateko gero Diputazioak.
2007. urtean Plan Zuzentzailea ere egin zen, bertako harresiak zaharberritzeko. Hau ere udalak bultzatu eta Diputazioak eta Espainiako Kultura Ministerioak pagatzen zuten.
Ordea, dena etenda dago orain, gertatutakoak gertatu direlako.
Zer gertatu da, baina?
Agian ur nahasiegotan sartu aurretik, jakin behar genuke, euskaltzale askok —eta Henrike Knörr euskaltzainak bereziki—, egundoko poza izan zutela Veleiako indusketetan Eliseo Gilen Lurmen enpresak egindako lanetatik prentsara, euskarazko ostraken albistea zabaldu zenean. 2006ko Ekainean izan zen hori.
Antza, eskola bat zegoen Iruña Veleian, eta bertako ikasleek eta kanpotik etorri eta ekarritako pretzeptore irakasleek, buztinetan eginiko letrak ikusteko moduan geunden. Nolabait esateko, garai hartako kaiera eta koadernoak agertu ziren indusketetan. Urdin isar; zuri urdin gori; edan ian lo; ian ta edan; jaun; geure ata zutan; iesus; ioshe ata ta mirian ama… idazkunak agertu ziren etxe baten zimenduetan topatutako ostraketan, eta askoz gehiago ere baziren han. ( Izan ere, zimentaziorako erabiltzen ziren zeramika hondarrak garai hartan).
Hara Knörr zenaren hitzetako batzuk: “Gauzak ongi badoaz, menturaz udazkenean ezagutaraz genezake interes bizi-biziko testu multzo hau, xehetasun guztiekin. Honezkero dugun materialak bakarrik galdera asko egiten dizkigu, eta galdera sakonak. Erantzuten jakingo ahal dugu!”.
Esan beharrik ez dago, garai horretako idazkunak agertu izanak, kontatu zaigun historia aldatzen duela neurri batean, bai kristautasuna etortzeari buruzkoa, eta bai euskararen testigantzari buruzkoa ere. Ez ahantzi lehen aztarna idatziak , hilobietako izen hutsetatik harantzagokoak, X-XI. mendekoak ditugula. Beraz, ustez lau eta zazpi mendetan azkartzen zuen aurkikuntzak euskara idatziaren agerpena. Ez da txantxetakoa.
Hizkuntzalari gehienak, aparretan urtzen ziren idazkun edo epigrafe haiek ikusita. Geu ere bai. Ez zen aspaldi Lazarragaren izkribua agertu zela, eta dena zela posible ematen zuen. Ametsik handienak ere bai. Gure iraganak sekula ukan ez duen testigantza zientifikoaren agerpena etorri zitzaigun Veleiakoarekin.
Esaten ari garena ulertzeko, har ditzagun agertutako idazki batzuk eta dagozkien ostraken argazkiak ikus ditzagun gainean klik eginda. (Kontutan hartu bi marra bertikal agertzen direnean, “E” letra gisa irakurri behar dela).
YAVHII / GIIVRII AT Yavhe geure ata, ote dio honek?
IAN / TA / IIDAN / DIINOS Jan ta edan denok?
IIISVS, IOSHII ATA / TAMIRIAN AMA Iesus, Iose aita ta Miriam ama?
ATA-AMA / NIIBA-RIIBA / SIIBA-SABA / MONA Aita, ama, neba, reba, seba, saba, mona?
Lau adibide baizik ez, tuntunean hartuta, hainbat eta hainbat ostrakaren artean, gehiago ere izango baitira oraindik Veleiako hondarretan, seguruenera.
III eta VI. mende bitartekoak direla esaten da. Garrantzia berebizikoa du honek, ezen III. mendea izatera, erromatarren garai betean geundeke eta VI.a izatera, bisigodoen garaian. Nolanahi den, egia ala iruzur, Ponpeiaren pareko izan ginen une batez bederen.
Eta zer?
Ba, aurkikuntzen garrantzia ustezkoa ikusita, Lorena Lopez de Lacalle Arizti Kultura Diputatuak zera esan zuen, lehen begiratuan ikusi zuela bere sailak ez zeukala proiektuaren alderdi askoren agerpen eta dokumentaziorik. Eliseo Gil eta Lurmen enpresaz ari da, jakina. Eta dio: ” hedabideetan grafitoen inguruko aurkikuntza harrigarriei buruzko informazio kontrajarriak agertzen ziren bitartean, ohartu nintzen ez zegoela ikerketa-proiekturik eta ez zegoela diziplina anitzeko talderik edo batzorderik (…) Esku sartu beharra zegoen ezinbestean”.
Hortaz, prozesuaren buruan jarri eta 13 kidez ostatutako batzorde bat antolatu zuen (tartean Eliseo Gil). 26 adituk hartu zuen parte azterketan, jakintsuak denak, nor bere espezialitatean: Arkeologian, Ikonografia kristauan, Epigrafia kristauan, Antzinaroaren historia eta epigrafian, Hizkuntzalaritza eta euskaran, Egiptologian, Izen biblikoetan, Kimika analitikoan eta Ingenieritza Nuklearrean.
Eta?
Ba batzorde zientifikoko ordezkari batzuek, 2008ko azaroaren 19an esandakoaren arabera, ostraketako askok ezin dute benetakoak izan. Honen ondorioz, Arabako Diputazioak hartu zuen lehen erabakia, Lurmen enpresari eta E. Gili indusketa lizentzia kentzekoa izan zen, Fiskaltzari gauzak aztertzeko eskatuz batera. Abenduaren 5ean jarri zuen denuntzia, “ondare kulturalari erasotzea” salaketapean.
Aurtengo Urtarrilaren 16an, ezagutzera eman ziren adituen txostenak eta Martxoaren 25ean Gaisteizko Epaitegian jarri zuen Diputazioak salaketa berri bat hiru pertsonaren kontra: Eliseo Gil , Ruben Cerdan fisikari nuklearra eta Oscar Escribano geologoa.
Hor bukatuko da?
Inola ere ez. Hain juxtu, hor hasten da gaur bertako egoera. Izan ere, Eliseo Gil eta bere taldeak dena kontra zutela uste zenean, Juan Martin Elexpuru agertu zen zalantzak zituela esanez, eta Lakarra eta Gorrotxategi katedratikoen txostenei aurre eginez. Gorrotxategi eta Lakarra, katedradun gorenak dira EHUn, Elexpuru, ostera, Filologian lizentziatua den arren, ez dirudi horretan ibili denik profesionalki. Nori sinetsi behar dio geu bezalako turista akzidentalak?
Berrikitan, gainera, plataforma bat eratua da Gasteizen, Eliseo Gil eta taldekideen defentsa egin eta azterketa berriak behar direla eskatzeko. Hots, zalaparta ez da amaitu, ez eta gutxiago ere.
Baina kazetari hau nekatuegi dago idazten segitzeko eta, gainera, kontua luzeegi doa, eta barkamena eskatu behar du, hala ere, hari guztiak ezin dituelako hemen harrapatu, ez eta gutxiago ere. Alabaina, atsegin baduzu, hurrengo batean gehiago. Bizi bagara.
(Ez ahantzi, gaia intereseko bazaizu eta astiz ondo bazabiltza, dokumentu ofizial guztiak hemen daudela. Eta aztarnategiaren webaz gain, pare bat leku interesgarri ere badirela hainbat eta hainbaten artean hemen eta hemen.)
Barkatu, nik ere Veleiaren auzia jarraitu dudan azken urte hauetan zerbait ikasi dudala “uste” dut, naiz eta aditua ez izan jakintza esparru horietan, eta nire ezjakintasunetik gauzatxo bat komentatu nahi nuke. Goiko deskribapen honetan auziaren alde garrantzitsu bat falta dela iruditzen zait, eta uste dut arazoaren muinetako bat dela. Erromatarrak Euskal Herrira iritsi baino lehen hemen zein hizkuntza hitz egiten zen da gakoa, askori buruhausteak eragiten dizkiona, eta borroka politiko handia eragiten duena (historiak egungo politikan eragina eduki ahal izango balu bezala… edo agian bai?). Erromatarrek etorri baino lehen Veleian bizi ziren karistiarrek (Araba eta Bizkaia ia osoan bizi zirenak) zein hizkuntza hitz egiten zuten?
Duela 20 urte Gasteizen gaztelaniaren “defentsarako” plataforma bat sortu zen, eta ez da kasualitatea plataforma hori “Veleia” deitu izana.
Erromatar garaiko historialariek diote eskualde honetan bizi ziren leinuak karistiarrak, barduloak, beroiak eta baskoiak zirela. Teoria klasikoek diote, eta jende arruntaren artean onartzen da, talde horiek euskaraz hitz egiten zutela. Beharbada beroiekin zalantza gehiago zegoen. Ideia horren alde dago IX. eta X. mendean Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabaren lurralde ia osoak euskaldunak izatea (orduko agirietan agertzen den toponimiak erakusten duen bezala), eta euskalkien banaketen mugak leinu horien lurraldeekin harrigarriki bat egin izanak.
Hala ere, azken hamarkadetan hainbat lan egin dira arkeologian, hizkuntzalaritzan eta beste zenbait esparrutan, eta gauzak ez daude hain argi. Alde batetik, euskararen dialektologian egindako lanek diote euskalkien banaketa erromatarrek alde egin ondoren hasi zela. Indusketa arkeologikoek, bestalde, erakusten dute karistiar, bardulo eta beroniarren herrixka gehienek ezaugarri indoeuropearrak zituztela. Eta toponimian egindako lanek toponimo indoeuroparrak aurkitu dituzte egun EAE den lurraldean. Orduan, zein da beste batzuek ateratzen duten ondorioa? Ba karistiarrak, barduloak eta beroniarrak ez zirela euskaradunak, indoeuroparrak baizik, eta zehatzago esateko, agian zeltiarrak. Beraz, erromatarrek baino lehen Deban (toponimo zeltiarra Gipuzkoan), Altsasun edo Veleian bizi zirenak ez omen ziren euskaldunak.
Orduan, nola azaltzen dute azken ideia honen defendatzaileek IX. menderako lurralde hori oso-osorik euskaldun elebakarra izana? Ba honen bidez: “vasconización tardía”. Laburbilduz eta asko sinplifikatuz, Erromatar Inperioa hautsi ondoren, iparraldetik zetozen barbaroen presioaren ondoren, baskoiek eta akitaniarrek (horiek bai hitz egiten omen zutela euskaraz) egun EAE den lurraldea okupatu zuten. Honen ondorio bitxi bat litzateke egungo EAEko biztanleak eta Nafarroako biztanleak ez garela “lehengusuak” (erromatarrek baino lehen “desberdintzen” hasi ginenak), baizik eta “neba-arrebak”, denok baskoien ondorengoak.
Eta zein da honen guztiaren ondorio politikoa? Ba, adibidez, Gasteizen badagoela jendea defendatzen duena ez dela Araba euskaldundu behar, jatorriz ez zelako euskalduna (“En Álava nunca se ha hablado vasco”). Hori esaten zuten “Veleia” plataformakoek duela 20 urte. Konparaziorako, Amerikaren kasurako inoiz entzun dudan teoria baten parekoa da: europarrek ez zioten Amerikako lurraldea beren jatorrizko biztanleei (amerindiarrei) kendu, haiek ere jatorriz ez baitziren amerikanoak (gizakia Asiatik Amerikara igaro omen zen Beringeko lurmuturretik hainbat uholdetan duela 15.000 urte). Arabaren kasuan kontrara, euskaldunak izan omen ziren latinez hitz egiten zuten aurreko biztanleak ordezkatu edo kanporatu zituztenak.
Badaude ere, noski, Araba beti euskalduna izan dela diotenak eta hori Araba euskalduntzeko argudio gisa erabiltzen dutenak.
Niri honek guztiak barregura emango lidake, arabarrok euskararen alde (edo kontra) daukagun jarreran izan dezakeen eraginagatik ez balitz. Uste dut polemika honek kalte handia egiten diezaiokeela Arabako euskarari. Kontrakoa badirudi ere, Araban kaleko jendearen artean kontsentsu handia dago euskalduntzeari buruz: gehienen ustez Arabak euskalduna (eta gaztelaniaduna, noski) izan behar du epe ertainera. Gutxi dira horren kontra nabarmen daudenak, baina polemika hau hedabideetan gero eta gehiago agertu, indarra ematen die.
Barkatu txapa, idazteko gogoa neukan.