Nik ere A Gripea omen dut
Anbulatoriora deitu eta arratsalderako eman zidaten ordua. Goiza igaro ahala geroz eta gorputzaldi okerragoa eta bazkal aurrean berriro sukarra hartu eta 38.8. Paracetamola hartuta sukarra jaitsi zitzaidan (badakit sukarrari lan egiten utzi behar zaiola, baina…). Medikuarenera joan eta sintomak aipatu ondoren “gripe bat duzu” bota zidan azkar; ez “A gripea duzu” edo “Gripea duzu” edo “GripeA duzu”. Gaixoa ez larritzeko esango dutela horrela pentsatu nuen, eta gainera, antza denez, A gripea aski zabaldua dago honezkero jende guztiari analisiak egiten ibiltzeko. Gripearen kontrako erremedioa ohea eta likidoak edatea dela esan zidan, eta sukarra jaisteko paracetamola. Bost egun etxean itxialdian, eta etxekoak ez kutsatzeko (igandean oporretara joatekoak dira) eskuak maiztasunez ondo garbitu (neronek nahiz etxekoek), paperezko musuzapiak erabili eta zintz bakoitzean zakarretara, eta nahi izanez gero, maska. “Gripe honen (arestiko gripe bat-en mutazioa) zailtasun nagusia pneumonian bihurtzeko arriskua da. Pneumonia bakteriazkoa baldin bada tratamendua badugu, baina birusezkoa izanez gero hor azaltzen dira arazoak, ospitalean ingresatu beharra dago”. Pneumoniaren sintomak aditzera eman eta adi egon eta zaintzeko eskatu zidan. Baietz erantzun nion eskerrak emanez.
Pazientzia, hortaz. Maska batzuk hartu, etxera itzuli, ohean sartu, paracetamola hartzen hasi, limoi eta laranja zukuak, ura, eta segi aurrera. Jakinaren gainean egon ahala lagunak-eta deika hasi zitzaizkidan. Zenbaitek ez zidaten sinesten, beste batzuk kutsatu diren guztiekin alderatuta gaixotasun famatuak hildako gutxi eragin dituela gogorarazi, beste zenbaitek miraz hitz egiten zidaten, A gripea izatea ohore bat izango balitz bezala. Beste lagun batek, nire egoeraz ezjakin, kasualitatez edo, e-posta bat bidali zidan, A gripeak ezkutatzen dituen interes ekonomiko-politikoak azaltzen dituen bideoarekin. Iluntzean berriz ere gogotik igo zitzaidan sukarra, 39an bueltan. Giroan bero galanta eginagatik, dardarka nengoen ohean, manta leporaino igota.
Gaua nahiko ondo igaro eta asteartean gorputzaldi hobez esnatu nintzen, sukar gutxirekin (37.5) eta burutik beherako apalduagoarekin. Egun guztian zehar gisa horretan ibili nintzen, hamarren gutxi batzuekin. Atzo, asteazkena, jada sukarrik gabe baina eztarriko minarekin esnatu nintzen. Ez nuen egunean zehar sukarrik eduki eta gorputzaldi arrunta izan nuen, sendatuta egongo banintz bezala.
Gaur beteko da itxialdiaren laugarren eguna eta honezkero ia osatuta nagoela esango nuke. Eskerrak eman nahiko nizkieke, bereziki, TVE-ko arduradunei, atletismoko munduko txapelketa arratsaldero puntualtasunez ematearren. Lehen ez bezala, orain medailen entrega emanaldiak eta guzti ikusten ditut (batez ere espainiarrenak), deskuiduan Internazionala jarriko dutelako itxaropenarekin.
P.D: Nire kirol iragarle fama txarra ikusirik, ez dut iragarpenik egingo Usain Bolt-en 200 metroko balizko errekorraren inguruan.
Artikulu ona!Gaixo egotea gauza txarra dela argi dago..Hala ere, gauza asko egiteko aukera ematen du!Beraz, aprobetxatu!;)!Animo!!
Badakizu: ez bostekorik, muxurik ez!
[…] Euskal kostaldeko zortzi naturgune babestu arriskuan daudela ere jakin genuen. Hondakinen kudeaketari buruzko eztabaida edota Euskal Herriko alderdi politikoetan dauden zatiketek sor dezaketen mapa politiko berria ere izan genituen hizpide. Terrorismoaz ere eztabaidatu genuen, faxismoaren berpizkundeaz eta Ibarretxeri egingo genizkiokeen galdera zenbait ere otu zitzaizkigun. […]