Irungo alardea: udaltzaingoa gaizki eta ertzaintza negargarri
Eguna eder zihoan. Bero handiegia aukeran, baina aurreko urteetan baino giro lasaiagoa bazterretan. Nork bere desfileari egiten zion txalo, misto edo tradizionalari, eta batzuok biei. Festa izan da nagusi. Egia esan behar bada, ikusi ditugu desfile tradizionaleko partaideak, bestekoak txalotzen ere. 13 urte ez dela alferrik iragan nabari zen, eta jendeak ez duela haserrerako gogo handiegirik. Horixe iruditu zaigu egun guztian ikusitakoagatik.
Seguru asko, hainbeste jende biltzen duen ospakizunean izango ziren gertakariak, baina bazterrekoak zeharo, ez baita deus zabaldu. Benetan izan da egun ederra gaur Irunen. Jaia amaierara iritsi den uneraino.
Orduan, Kale Nagusiko jaitsieran behera, alarde mistoa zetorrelarik plazara txalo zaparrada hunkigarriaren erdian, tabernen aldeko espaloitik, dozena erdi lagun oldartu dira azken konpainiari bidea moztu nahian. Esan digute, kantinerari mototsa kentzen edo desegiten saiatu direla. Hortxe hasi dira liskarrak. Urteroko lekuan, seguru asko, urteroko lau katu berek eraginda. Ez dago Sherlock Holmes izan beharrik, horiek nortzuk dien antzeman eta indargabetzeko.
Eta salbatzaileak agertu dira: udaltzainak. Bazterretan txaloka ginenon kontra oldartuz, eta xaxatxaileei aurre egin dietenei kotra eginez. Guk ez ditugu ikusi bazter-nahasleen kontra egiten. Eta tira-birak eta kolpeak hasi dira. Egia da, hala ere, lekutik iraganda zirenak ere itzuli egin direla erasotuak izan diren kideei laguntzera eta aurre egin dietela udaltzainei, euretako batzuk ihesean ipiniz.
Orduan agertu dira ertzainak, ohi duten itxurarekin, kasko, maskara eta eskupeta-porrak eskutan. Haur, emakume eta han ginen oro bultzatu, mehatxatu eta beldurtu gaituzte. Hauek ere ez dute deus egin kalapita sortzaileak harrapatzeko, soilik jo dute txaloka eta pozik ginenon kontra. Pare bat tiro ere egin dituzte airera eskopeta ahoz-zabal horietakoekin. Indar erakustaldia izan da eta aurre egin diote zenbait herritarrek. Bidegabea izan da zeharo: gaizkileak harrapatu edo baretu beharrean, festan eta alai ginenok erasotu gaituzte bortizki.
Halako batean Ertzaintzaren agintarietako bat ezagutu dugu geure alboan, kaleko jantzian. Eta esan diogunean lotsagarria dela egin dutena, ea berari zer esaten diogun erantzun digu, ezjakinarena eginez. Ezagutzen dugula esandakoan, ez dagoela lanean esan digu, oporretan dela. Gutaz trufatzen ote den erantzun diogu —ikusten baigenion koska bat nikiaren azpian—, halakoetan ertzainek ez dutela diskriminatzen edo bereizten erantzun digu.
Gezurra borobila: oso ondo bereizten dute ertzainek. Egurra beti berdinei, nahiz eta liskarra beste batzuek sortu. Geure begitxo hauekin ikusi dugu.
Eskerrak xehetasunengatik, urteroko titularren atzean (“Fiesta roja, blanca y negra”), gauzak gertatzen direla erakusteagatik. Han izan ez garenok, bestela, ez baikenituzke ezagutuko.
Benetan negargarria Irungo Udaltzaingoaren profesionaltsunaren eza.
Ikaragarri ausartak bigarren argazkiko mutilak, neskatxo horien atzean babestuta. Keinuka ari direnetako bat ‘Gaizkon’ izan daiteke, ez nago erabat ziur. Atzean dagoen periladunak haren ondoan dagoenarekin batera (hauek bai argi ikusten direla zein diren, pena ez dakizkidala izenak) duela urte batzuk Hondarribiko EHE-ren txosna suntsitu zutenetakoak dira. Hondarribiarrak. Beraiek aitortu eta damua azaldu zuten, besteren batek haien izenak eman eta gero, hori bai. Ziur aski ‘jarri-jarriyak’.
‘Gaizkon’en bi lagun ere ezagutu ditut, kamiseta gorriduna, eta atzean aurpegi erdia ikusten zaion Mikel. Dena ziurtatzen saiatuko naiz.
Ni kale nagusian nengoen baina pixka bat gorago. Urteak daramatzat desfilatzen, alarde mixtoan, baina aurtengoan kalean txalotu nahi nuen nire alardea. Oso ondo pasatzen hari nintzen gertatutakoa gertatu arte. Jaia malko artean bukatu nuen. Lotsagarria benetan!! zergatik ezin dut nire alardeaz gozatu? Datorren urtean espero dut hobeto joatea dana!!! Esango dizuet
Ni aurre aurrean desfilatzen ari nintzen. Arratsaldean, kale nagusitik gora gindoazenean, foru kalearen eskinean nabaritu nuen gazte talde batek iskanbila sortu eta gure aurkako oihuak botatzen ari zela. Jaisterakoan, Izartxo tabernaren parean bozina edo sirena jarrita zeukaten eta guri putakumeak deitzen gintuzten. Nahiko jarrita zeudela ematen zuen eta betikoen aldetik inork ez zien ezer esaten. Era berean bai espaloietatik, baita balkoietatik (batzokirena barne) txalo gero eta gehiago jasotzen genituen. Eta aurten 1000 partaideen muga sikologikoa gaindituta alarde mixtoak goranzko tendentzia markatzen du. Zorionak denei, parte hartu dutenei baita bazterretan pazientziarekin polizien jazarpenak jasotzen dituzunean poliziari egindako betikoen txalo humiliagarriak jaso behar dituzuenak ere.
[…] aurten ez den gertatzen iazkoa moduko […]