P2P programei mugak jartzea ez da hain erraza

P2P programen erabiltzaile bat
P2P programen erabiltzaile bat

Frantzian Hadopi legea, Suedian ere pirateriaren aurkako legea, Espainian programatzaile baten aurkako epaiketa, Britainia Handian deskargak egiten dituzten erabiltzaileen deskonexioak… Internet bidez hara eta hona dabiltzan musika eta bideo artxiboen joan etorria murrizteko ahalegin ugari egiten ari dira mundu osoan. Momentuz, alperrik.

Eztabaida guztietan bezala, hemen ere, gutxienez, iritzi guztiz kontrajarrik dituzten bi alde daude. Batetik, kulturaren zirkulazio askearen alde daudenek Pirateatu ala konpartitu izeneko manifestua kaleratu dute. Bestetik, jabetza intelektualaren aldekoek Interneti eta deskargei buruzko hamar gezur zabalduenak azaltzen dituzte.

Arrazoia batzuena ala besteena den aztertzera sartu gabe, eztabaida honetako oinarrizko kontzeptuak sarritan ez direla oso argi agertzen uste du batek baino gehiagok. Aztertu ditzagun bada:

Pirateria. Jatorrizko CD, film edo bideojoko batetik abiatuta milaka kopia egin eta gero kopia horiek “top manta” edo dena delakoetan saltzea, hori argi eta garbi jo daiteke pirateria bezala. Baina, norbere etxean norbere kontsumorako kopia bat jaistea, hori ere pirateria al da? Eta eMule edota Blubster bezalako programen egileak ere piratak dira?

Kopiak. Internet existitzen ez zenean ere egiten genituen musika diskoen kopiak, kaseteetan. Orain ere, CD batetik beste CD bat grabatu dezakegu, baina jarduera hori ez dago jazarria. Zein da ba kopia legalaren eta kopia piraten arteko desberdintasuna? Kopuruan al dago desberdintasuna?

Kanona. Grabaketarako CDak, mp3 irakurgailuak eta abar erosterakoan, kanon bat ordaintzen dugu autoreek izan ditzaketen galerak konpentsatzeko. Horrek bidea libre uzten al digu nahi ditugun grabaketa guztiak egiteko? Baita Internetetik jaitsitako artxiboak grabatzeko ere?

Kaltetuak. Nortzuk dira benetako kaltetuak kontu honekin, artistak ala bitartekari lana egiten duten konpainiak? Izan ere, adibidez, gero eta kontzertu gehiago antolatzen dira eta gero eta jende gehiago joaten da kontzertuetara.

Kontuak kontu, Interneten sorrerarekin musika, film, bideojoko edota liburuak kontsumitzeko modu berri bat ere sortu da, eta ez da erraza izango kontsumo berri horri lege eta debekuekin mugak jartzea. Diskoetxe, ekoiztetxe eta abarrek irudimena erabili beharko dute aro berri honetara egokitzeko.