Euskal Quiz: Galderak ondo erantzunez gero, Lehendakari!

Euskal Quiz orain gutxi iOS eta Android sistema eragileetarako eskuragarri jarri duten doaneko app bat da; guk Play Storetik jeitsi dugun eta euskara hutsez dagoen jolasa.

Euskal Quiz: Galderak ondo erantzunez gero, Lehendakari!

Alianzo bizkaitar enpresak sortua, galderen jolas tipikoak sari potoloa du, hautatu duzun herri edo hiriko hamar galderak ondo erantzunez gero bertako alkate izendatzen baizaitu.

Galderak kultura, gastronomia, historia eta kirolei buruzkoak dira, hamar herri bakoitzeko -tribial gisara antolatuak eta galdera bakoitzeko lau aukera emanda-. Denak ondo erantzun eta alkate bihurtuz gero, Ahaldun Nagusi izendatua izateko aukera duzu gainera; herrialdeko bost herritan “galdezkundeak” irabazi behar dituzu aurrena. Eta zure megalomania ase ezina bada, sari potoloena duzu zain, Lehendakari birtuala bihurtzea -kasu, Euskal Herrikoa!-.

Euskal Quiz: Galderak ondo erantzunez gero, Lehendakari!Izan ere, zazpi herrialdeak hartzen ditu kontutan jokoak, Zuberoa eta Behe Nafarroan hiriburuak bain ez badira ere, Maule eta Donibane Garazi. Lapurditik Hendaia, Biarritz eta Baiona dira jokoan parte hartzen duten herri eta hiriak, eta Araban, Gasteizez gainera Amurrioz, Laudioz, Aramaioz eta Agurainez ere galdegingo dizute. Eta Nafarroan, Iruñea hiri buruzagiaz gain Alsasuaz, Leitzaz, Lesakaz, Beraz eta Elizondoz.

Bizkaia eta Gipuzkoa dira jokoan parte hartzaile gehien dituzten herrialdeak. Bizkaitik: Getxo, Barakaldo, Plentzia, Basauri, Bermeo, Galdakao, Gernika, Amorebieta, Iurreta, Ondarroa, Durango eta, nola ez, Bilbao dira galderak dituzten herri eta hiriak. Eta Gipuzkoatik: Arrasate, Bergara, Eibar, Tolosa, Azkoitia, Azpeitia, Zarautz, Hernani, Errenteria, Irun, Hondarribia eta Donostia hiriburua -herrien grafiak jokoan bezala idatzi ditugu-. Guztira, beraz, berrogei herri eta 600 galdera inguru.

Alkate, Ahaldun Nagusi eta Lehendakari birtual izendatzen zaituen jolaseko emaitzak, Facebook bidez beste jokalariekin parteka ditzakegu, ranking orokorrak eginez.

Jolasak Bizkaiko Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du, gazteek ingurua ezagutzeko eta euskara bultzatzeko lagungarria ei da-eta.

 

Bilboko alkate
Jokatu jokatu dugu Euskal Quiz-ean, eta gomendio bat ematekotan, gutxien ezagutzen dituzuen alkatetzak aldeko apustua egitea gomendatzen dizuegu, galdera asko topiko samarrak direnez, ez baita zaila ondo ezagutzen dituzun herriei buruzko galdera gehienak asmatzea; nahiz eta posible den bateren batean kale egitea.

Guk esaterako, Agurain gutxi ezagutzen dugula-eta, bertako galderekin asmatzen saiatu gara. Ausartak gu, lehen galdera irakurri dugun arte: San bautista elizan VVI. mendeko zein margolariren koadroak dauden galdetu ez digute ba!

Euskal Quiz: Galderak ondo erantzunez gero, Lehendakari!Kontrara, aurki lortu dugu Azkunak hamabost urtean berotu zuen aulkia gureganatzea. Horretarako, 1983ko Athletic txapeldunak zuen entrenatzailea, Zubi Zuri-ren arkitektoa, hirian bakailoa nola prestatzen den, Aste Nagusiaren ikur nagusia, San Mamesen aurrenekoz jokatzen duen taldearen eginbeharra edo munduko alkate onenaren saria nork erdietsi zuen asmatu behar izan dugu; Bilboko alkate gara orain!

Karguak erabat asebetetzen gaituen arren, Eibarren alkate izateak zirrara eragiten zigula-eta, jokatu dugu bertako alkatetza ere. Asmatu dugu zer aldarrikatzen izan zen lehena, nola deitzen den pilotalekua, zein lanbide zuen Toribio Etxebarriak edo hiriaren lehen izena, baita Eibarrek bigarren mailan jarraian egin zituen urteak ere; baina La Eibarresara joan eta zer jan dugun galdetu digutenean egin dugu kale; lastima, antza ez gara behar besteko gozozaleak!