Presoei tratu txarrak, gehiegikeriak, umilazioak… armada britainiarraren eskutik

2003an hasi zen armada britainiarra tratu txarren eskuliburua prestatzen, Irakeko hotel bateko langile bat, Baha Moussa, torturaturik erail ostean. Ordutik egin dituzten tratu txarren eskuliburuek bi oinarri izan dituzte: gehiegikeria fisikoak eta psikologikoak. Ipar Irlandan, Palestinan, Saudi Arabian, Borneo uhartean, Malaysian eta Zipren erabilitako metodoak izan dituzte oinarri britainiarrek eskuliburuak egiteko, The Guardianen arabera gida horietan jakinarazi dutenez.

2005ean entrenamentu taula baten powerpoint-a prestatu zuen armadak, eta galdeketa militarreko lehen araua presoari arropa guztiak kentzea zen: “Ez baditu aginduak jarraitzen,mantendu presoa biluzik”. Ondoren, “presiopean edukitzeko”, begiak estaltzeko “gomendioa” dakar. Hiru urtera, 2008an, ‘Cpers’ –atzemandako pertsona- fisikoki egoera deserosoan eta intimidaturik edukitzeko proposamena egiten zuen eskuliburua prestatu zuten militarrek. Zentzumenak galaraztea zilegi dela dio gidak, “beti ere arrazoibide operatiboetarako baliogarri baldin bada”. Hirugarren eskuliburu batek begiak eta belarriak tapatzeko “proposamena” dakar, eta loa galarazteko agindua. Noski, gisa honetako galdeketa hau “lekukoek entzun ezin duten tokian” egin behar da, “leku ahalik eta nardagarrienean”.

Wikileaksek AEBetako soldaduek Iraken sistematikoki torturatzen dutela salatu ondoren argitatu du The Guardianek armada britainiarraren galdeketa metodoen gehiegikerien berri.

Armada britainiarraren gidak plastikozko bridak erabiltzea proposatzen du

Irudia | Armada britainiarraren gidak plastikozko bridak erabiltzea proposatzen du | , | LGPL