Hezkuntza chavista inperialismoa suntsitzeko

Hezkuntza chavista inperialismoa suntsitzeko –

Ohikoa da pertsonen arteko elkarrizketetan hezkuntzaren gaiaz hitz egitea, zer landu behar den, zein metodologia erabili behar den, zeintzuk diren helburuak edota zein gabezia dituen eztabaidatuz. Gai hau ez da soilik Euskal Herriko testuinguan ematen, munduan zehar zabaltzen den eztabaidagaia da, unibertsala da. Venezuelaren kasuan, Hugo Chavezek ere erdigunean kokatu zuen gai hau, bere garrantziaz jakitun izanik, are gehiago testuinguru zehatz horretan zeuden gabeziak ezagutuz.

Venezuelako historia hurbilari erreparatuz, 60.hamarkadatik aurrera herrialdeko hezkuntza sistemak aldaketa handiak izan zituen, batez ere 70.hamarkadan petroleoaren ingresuaren igoerarekin. Hamarkada hauetan irakasleeta ikastetxe kopurua igotzen zihoan. 1995.urterako Venezuelan alfabetizazio maila %91,1koa zen, zenbakiz oso altua dirudien arren, atzean zera ezkutatzen da; 10 urtetik gorako pertsonen  %9a, hots, 2 milioi pertsona analfabeto egoeran zirela. Gainera, eskolatze maila zinez baxua zen, biztanleriaren %55aren beharrizan eskolarrei soilik erantzuten zien. Hirietatik kanpoko eremuetan eta maila sozioekonomiko baxuko jendartean hare kezkagarriagoa zen egoera, izan ere, eskolatze prozesutik zeharo baztertuak aurkitzen ziren.

Alfabetizazio prozesuak aurrerakadak bizi izan zituen garai hauetan, baina bazituen hainbat puntu zer esan handia ematen dutenak. Alde batetik, ikastetxe ia guztiak hiri guneetan zentralizatuta zauden eta horren ondorioz, landa-guneetan analfabetizazio maila oso altuan bizi ren. Gainera, alfabetizazioarekin fasea gainditu ostean, ikasketa prozesuarekin jarraitzen zuten pertsonen kopuruak nabarmen egiten zuen behera, batez ere maila sozioekonomiko baxuko pertsonen artean. Arrazoi desberdinak zirela medio. Alde batetik, unibertsitateetan sartzeko ezarritako prozesu eta traba klasistak, non ikastetxe pribatuetan ikasitakoek lehentasuna zeukaten unibertsitate publikoan sartzeko, gainera, kontuan hartzen zen familiaren ingresua (ingresu baxuko etxeek sarbiderako egiten zen puntu mailaketan puntuazio txikiagoa zeukaten) edota matrikulazioaren kuotak ordain ezinak ziren beraientzat. Beste alde batetik, Batxilergoa bukatu gabe edota unibertsitate mailako ikasketak ez egiteko beste arrazoi nagusietako bat, langile klaseko ikasleek jardun laborala lehenetsi behar izaten zutela familiarentzako diru-sarrerak edo janaria

Chavismoa gobernura heldu aurreko garaia klasismoak eta pobreen marginalizazioak ezaugarritutako garaia da. Hezkuntza sistema hura funtzionaltasun inperialistarako diseinatuta zegoen. Hau da, Venezuelako estatuan pobre-analfabeto edo formazio maila baxuko pertsona asko egotea beharrezkoa zen inperialismo yankiaren kontrolpean edo yankismoarekin aliatutako burgesiarentzako. Hiru oinarri horietan sustengatzen zen hezkuntza eredua, despolitizazioa, manipulazioa eta lan esku merkearen erreprodukzioa. Ideia horretan sakontzeko, kontuan izan behar da azken mendean Venezuela estatu errentatzaile bat izan dela, zehazki petroleoaren esportazioan oinarritua. Sistema industrial horren garapena Venezuelako burgesiaren eta AEBren teknologiarekin eta finantzaketarekin egin zen. Jardun horrek helburu zehatz bakarra zuelarik, interes burgesaren betikotzea. Hau da, estatu latinoamerikarretik petroleoa ahalik eta kostu txikienarekin lortzea, nazioarteko jardun burgesak ahal duen eta kapital metaketa handiena izateko. Helburuari jarraiki, estatu horietako burgesiaren kapital metaketa handiak eragin zituen hezkuntza egituraketa horrek, herriaren zapalkuntzan oinarritzen zena. Nolabait, hezkuntza sistema petroleoaren esportazioaren interesetara bideratua zegoen, irakurtzen eta idazten zekiten pertsona kopuru altuek lana egin zezaten, baina formazio maila baxuko lan indarra ziurtatuz, soldata baxuak ziurtatu ahal izateko. Ahaztu gabe analfabetismoaren edo heziketa maila baxuen helburu nagusietako bat kapitalismoan, “erreserbako industri-armada” denaren bermea ziurtatzea dela. Hau da, formazio gabeko edota egoera soziokoekonomiko larriko pertsonen “desesperazioaz” baliatzen dela langileak presiopean txantailatzeko edo kaleratzeekin mehatxu egiteko soldata igoeren edo lan baldintza duinen aldarrikapenen aurrean.

Hezkuntza chavista inperialismoa suntsitzeko

Baina 1999. urtean Venezuelaren historiak ibilbide berri bat hasi zuen, mundu osoarentzako erreferentzia iraultzaile bilakatuz. Urte horretan, Hugo Chávez Frías komandanteak hauteskundeak irabazi zituen eta bere gidaritzak ideia eta helburu berriak ekarri zituen gobernura. Bere gobernaldiaren hasiera ez zen erraza izan. Burgesia tradizionalak eta AEBk hasieran gobernua beren kontrolpean izateko esperantza izan arren, goiz erakutsi zuen herritarren aldeko politikak bultzatuko zituela, horrek automatikoki aurretik garatua izan zen sistema sozial, ekonomiko eta politiko guztia kolokan jarriko zuela iragarriz. Gubernantza asmo horiek, 2002ko Chavezen aurkako estatu golpe eragin zuten, politika berri horiek onartu nahi ez zituen burgesia neoliberal eta eskuineko alderdien eskutik. Zorionez, herriaren erantzun leial batek porrotera eraman zuen interbentzio neoliberal inperialista kolpista eta chavismoak inoiz baino indar handiagoarekin jarraitu zuen aurrera.

Prozesu politiko horretan, 2000. urterako jada, Hugo Chavez presidenteak aliantzak sortuak zituen Kubako estatuarekin “Convenio Integral de Cooperación Cuba-Venezuela”. Kooperazio horren baitan kokatu behar da kubatar irakasleak Venezuelara joan izana Chavezek buruan zuen hezkuntza eraldaketan laguntza pedagogikoa emateko.  Testuinguru horretan, 2003.urtean, hezkuntza sistema berri baten oinarria ezarri zen, lau plan edo misiotan banatzen zena: Misión Robinson I, Misión Robinson II, Misión Ribas eta Misión Sucre. Misioak aurrera eraman ahal izateko, aurrekontuetan ere islatu zuen asmoa, eta inbertsio handia bideratu zuen hezkuntzaren arlora, aurrekontuaren %2,8a izatetik %7a inguru izaterako aldaketa eginaz.

Hezkuntza chavista inperialismoa suntsitzeko

Lehenengo eta behin, Misión Robinson zena aztertzea dagokigu. Asmo bolibartarrak islatzen ditu izenak. Izan ere, Simon Rodrigez Bolibarren irakaslea izan zenaren omenez ipini zitzaion misioari izen hori. Latinoamerikako historian garrantzitsua izan zen pertsona batekin harreman zuzena duen izena. Gainera, pertsona honen bizitza beti ez zen erosoa izan, erbestean bizi behar izan zituen urteak medio, non “Samuel Robinson” ezizena hartu zuen (hortik “Mision Robinson” izenaren zergaitia). Hala ere, bere garrantzia ez da Bolibarren irakaslea izatera mugatzen, bere garaian beti egon zen hezkuntza sistema publiko baten alde lehen lerroan borrokatzen. Hasieran aipatu bezala, iraultza bolibartarra hasi zenean, Venezuela 2 milioi pertsonatik gorako analfabetazio tasan aurkitzen zen (interes politiko baten ondorio zen egoera), horregatik, plan honen helburua gizartearen masa-alfabetizazioa lortzea zen, bazterkeria soziala desagertzeko eta umeen garapena ziurtatu eta bultzatzeko. Hori zela eta, proiektu pedagogiko honen helburua mundu guztiak irakurtzen eta idazten jakitea zen. Horretarako, plan honen barruan Misión Robinson I (Lehen Hezkuntzararen garapenean oinarritzen zena) eta Misión Robinson II (Batxilergora heldu aurretiko tarte akademikoaren ardura zuena) zeuden, bakoitzak 2 etapa izanik. Kubatar irakasleen laguntza izan zuten misioetan eta irakasle horiek beraien herrialdetik ekarritako metodo pedagogikoak erabiliz ekin zioten beren jarduna: “Yo sí puedo” eta honen ostean jarraitzen zion “Yo sí puedo seguir” lemapean. Azken metodo horrek irakurketa eta idazmena hurrengo maila batera garatzeko helburua zeukan, ikasleen gaitasunak garatuz arlo politikoan, ekonomikoan, sozialean, irakurzaletasunean etab. Beti ere, iraultza bolibartarrari ekarpenak egiteko gaitasunak eskuratuko zituzten pertsonen garapenera zuzenduz formakuntza. Gainera, azpimarratzekoa da hezkuntza unibertsalizatzearen asmo errealak jatorrizko komunitateak ere barnebiltzen zituela inolako bazterkeriei lekurik utzi gabe (horren adibide dira jivi, yekuana, kariña eta warao hizkuntzetara itzuli zituzten irakaskuntza materialak). Bazterkeria soziala desagertzeko helburuan sakonduz, hezkuntza sistema espetxeetara ere zabaldu zuten, uneko presoen garapena eta formazioa bultzatuz. Gobernuak argi baitzeukan pertsona horiek espetxean egotearen arrazoi nagusia estruktura kapitalistaren baitan ulertu beharra zegoela eta berau konfrontatu. Beste era batean esanda, kapitalismoa sozialki ahula izanik, penalki gogorra izateaz baliatzen zela bere existentziaren bermea eskuratzeko antzeman zuen iraultzak. Bada, gogortasun horren beharretik at espetxearen existentzia bera gainditzeko hurrats legez ulertu behar dugu espetxeen heziketa programa hau.

Hezkuntza chavista inperialismoa suntsitzeko

Emaitzei begira, ezinezkoa da zalantzan jartzea Misión Robinsonen arrakasta, izan ere, 2005.urterako  UNESCOren arabera Venezuelan analfabetismoa desagertua zegoen (biztanlegoaren %1a baino txikiagoa zenaren adierazle). Hain arrakastatsua izan zen proiektuaren garapena, 2006an Boliviarekin eta 2007an Nikaraguarekin elkarlan akordioak sinatu zituztela herrialde hauei laguntza emateko, Chávezen politika internazionalistak agerian jarriz.

Misión Ribasi dagokionez, Batxilergoko etapa akademikora zuzendua zen. Batez ere, zailtasun ekonomikoen ondorioz ikasketa prozesua amaitu behar izan zuten pertsonengan pentsatuz izan zen Ribas misioa. Hezkuntza prozesua ez zutelako beren borondatez utzi, baizik eta beraien familiei ekonomikoki laguntzeko utzi behar izan zituztelako ikasketak. Horregatik, plan honen oinarri nagusietako bat beka sistema bat eraikitzea izan zen, maila sozioekonomiko baxuko pertsona hauek zituzten zailtasunak gainditzeko. Aurreko misioak egin bezala, ikasketa prozesua unibertsala izan zedin, hezkuntza proiektu honek jendarte guztien integrazioa eta garapena bilatzen zuenez, espetxe, armada eta jatorrizko komunitate indigenetara ere zabaldu zen diru-laguntza sistema. Azken finean, hezkuntzaren garapenaren bitartez, nazioaren garapena zen bilatzen zena, biztanleek formazio altuagoa lortzeko asmoarekin eta goi mailako ikasketetara heltzeko bideak irekiz,  pertsonen garapen akademiko zein kritikoa bermatzeko. Ondoren, Venezuelako herriaren prozesu bolibartarri hobekuntzak ekarriko zizkiolakoan. Horretarako, misio honek ikasleen gaitasun sozial eta laboralak indartzea zuen helburu, horien ezagutza, eta elkarbizitzarako gaitasunen garapenean oinarrituz. Horrez gain, Misión Ribasen barruan, Misión Ribas Técnico zena bereizten zen; oraindik ere Venezuelako jardun ekonomikoaren bi zutabe nagusiak diren petroleoaren eta gasaren ekoizpenean zentratzen zen formakuntza laboralean ardaztua.

“La Misión Ribas, es mucho más que las clases y la graduación. Cada misión tiene que dar pie, debe ser paridora, madre de un gran movimiento social, cada una de ellas. La Ribas debe generar un gran movimiento social. Siendo así su propio nombre José Félix Ribas, el vencedor de los tiranos”.

(Hugo Chávez, 2010)

Azkenik, hirugarren eta azken misioren dugu. Honen izena ere, Misión Sucre, beste pertsona historiko batean oinarrituta dago, Simon Bolivarrekin batera independentzia politikoa lortzeko gerran izan zen armadako erreferenteetako bat. Azpimarratzekoa da Chávezek zein garrantzia ematen zien hezkuntza proiektuen izenei, Venezuelako historiaren parte diren pertsonei erreferentzia eginez beti. Aurreko kasuetan, hezkuntza planei izen sinboliko horiek jarriz mezu hau zabaltzeko xedez  “hezkuntzak independentzia handiagoa garatzen laguntzen duela”. Sucre misioa unibertsitate arlora zuzendu zen, Ribas misioak bezala, maila sozioekonomiko baxuko pertsonei ikasketa prozesua jarraitzen laguntzeko estrategia gisa. Beka sistema zabal bat sortu zuen asmo estrategikoa egikaritzeko. Horrez gain, proiektu honen oinarrizko kontzeptuetako bat, oso berritzailea izan zen: hezkuntzaren territorizazioa. Bada, zertan oinarritzen da kontzeptu hori? Zera ulertu behar da; aurretiko unibertsitate guztiak hirietan aurkitzen ziren eta ondorioz, herri edo gune baztertuetako pertsonek unibertsitate ikasketekin jarraitzeko asmoa izanez gero, derrigortuta zeuden beren herriak atzean utzi eta hirietara mugitzera. Gainera, esfortzu horrek inplikazio ekonomiko garestiak zekartzan: etxe baten edo lo egiteko toki baten alokairua, bizitzeko janaria erostea, garraioa, herrian bizitzetik hirian bizitzera joateak dakarren txoke kulturala, hiriko arriskuak etab. Esfortzu horietako batzuk beka sistemaren bitartez gainditu zitezkeen, baina beste batzuk ez. Beraz, Chavezek hezkuntzaren territorizazioaren planean sakondu zuen. Hezkuntza ezin zitekeen hirietara mugatu, eta pedagogikoki askoz ere arrakastatsuagoa zen norberaren segurtasun espazioan ikasketekin jarraitzea. Horregatik, unibertsitateak hirietik at, herri eta gune baztertuetara ere zabaldu zituen. Hori gutxi balitz, hezkuntza sistemaren bitartez kapitalismoaren logika kolpatzen jarraitu zuen, hots, inbertsio txikietatik kapital ahalik eta handiena lortzearena. Kasu zehatzerako, misioa proposatu aurretik, unibertsitateak toki gutxi batzuetan kontzentratuz, hezkuntzan inbertsio ekonomiko ahalik eta txikiena egitea bilatzen zen, Chavismoak berriz, unibertsitate gehiago sortuz (Universidad Bolivariana de Venezuela) eta horien kokapena anitza izanik toki anitzetan (askotan baztertutako guneetan) sozialismoaren printzipioetako bat mahaigaineratu zuen: marginalizazioa gainditzeko, hezkuntza unibertsala garatu.

“En 200 años de historia desde que nació la república de Venezuela, hoy república Bolivariana nunca pudo gobierno alguno régimen alguno garantizarle a toda la población la educación superior universitaria. Solo un momento como el que estamos viviendo de empuje, de fuerza nacional, de espíritu nacional y de unidad, solo en un momento en el que estamos viviendo, podemos atrevernos a lo imposible”.

(Hugo Chávez, 2009)

Misio horien eskutik, Venezuelako hezkuntza sistema erreferente bilakatu zen amerika zein mundu osoan. Izan ere, zein herrialdek lortu du inoiz modu hain azkarrean alfabetizazio maila %9tik %1a baino txikiagora pasatzea denbora tarte hain motzean? Are gehiago, marginatutako edota arrazoi ekonomikoengatik ikasketak utzi behar izan dituen jendearen prosezu akademikoa berrezkuratzeko aukera sortu izana ere aitortu behar zaio misioen estrategiari. Bidean, faktore desberdinek hartu zuten parte: eskola kopuru handi eta praktikoak eraikitzea, maila sozioekonomiko baxuko komunitateetara hezkuntza eramatea, irakasleen lan-baldintzak hobetzea, ikasleei beka sistema indartsu bat ematea, ikasleei ikastetxeetan jatekoa ematea eta metodo pedagogiko iraultzailea ezartzea ikastetxeetan. Beste adibide adierazgarri bat da herrialde askotan herrialde honetako profesionalekiko egiten den balorazio positiboa: hezkuntzan, medikuntzan etab.

Chavezek abiatu zuen iraultzaren bolibartarrean hezkuntzak paper garrantzitsua jokatu zuela ukaezina da. Baina iraultzaile venezuelarren ikuspegia ez zen marginatuak hezkuntzan eta gizartean berintegratzera mugatu. Bere ikuspegia are sakonagoa zen, benetako iraultza espirituala bilatzen zuen prosezu bolibartarrak, beste hitz batzuetan, pertsona iraultzailearen garapena bilatzen zuen. IV. Errepublikan zehar garatutako hezkuntza sistema klasistak norbanako indibidualista bilatzen zuen bezalaxe. Chavezek bazekien hezkuntza sistemak hori suntsitu beharra zegoela, pertsona gehiagok hezkuntzara sarbidea izateak, ezer gutxirako balioko zukeen izaera indibidualista, lehiakor eta zapaltzailea garatzen zuen hezkuntza deseraiki eta birmoldatu ezean. Horren aurrean, V. errepublikan zehar abiatutako hezkuntza sistema berriak izaera komunitarioa garatzea zuen helburu. Baina zer da espiritu (izaera) komunitarioa duen pertsona garatzea? Ideia honen barruan hainbat ezaugarri barnebiltzen dira, adibidez, elkarbizitza, elkarlaguntza, partekatzea, babes komunitarioa, demokrazioa parte-hartzailea (adibidez antolakuntza komunala), zapalkuntza ekonomikoa gainditzea (adibidez ekonomia komunala garatzea), guztion arteko berdintasun sozialak defendatuko dituen norbanakoa eta bere komunitatea eraikitzea etab. Modu laburrean esanda, hezkuntza eredu chavistak pertsonen izaera kolektiboa indibidualismoaren gainetik kokatzea zuen funtzio nagusitzat. Ideia horietan oinarritzen da benetako iraultza bolibartarra eta hor datza inperialismoari beldurra sortzen dion arma. Bestalde, emakumeengan ere eragin handia izan zuen iraultza chavistak, ez soilik emakumezkoen analfabetismoa suntsitzeko borrokatu zuelako, baita kalitatezko hezkuntza zabaltzeko prozesuan emakumeek bizi zuten zapalkuntza gainditzea bilatzen zelako. Chavismoak argi zuen emakumeak borrokan integratuak egon behar zirela, horretarako kalitatezko hezkuntza izan beharra zuten beraien garapen pertsonal/kolektiboan (gaitasun akademiko/politikoek garrantzia dutelako borrokan) eta emakumeek bizi duten zapalkuntzaren kontzientzia izateko. Gaur egun adibidez, Venezuelako ikerlari zientifiko-akademikoen %60a baino gehiago emakumezkoak izatera iritsi dira.

Komunek ere paper jarrantzitsua jokatu dute chavismoak hezkuntza sistemari egindako hobekuntzetan. Izan ere, bere garaian proiektu gubernamentalak izan zitzakeen arazoei aurre egiteko (krisi ekonomikoaren testuinguruan indartuz), antolakuntza komunalaren bitartez ere, ikastetxeak eraiki eta martxan jarri ziren. Aipatzekoa da hezkuntza sistema komunalak muturreraino daramala programa chavistaren asmoa. Hau da, komunaren beharrei erantzuteko formakuntzan hezten dira bertan ikasleak. Bestela esanda, beraien heziketa proiektu komunalaren zabalkundera bideratuta dago. Formakuntza politikoak, irakaskuntzarako graduak, nekazarintza garapenerako ikasketak, komunikabideei bideratutakoak, ekonomiagintza eta abar luze bat ikasteko aukera zabaltzen die komunak bertako gaztetxoei, ondoren beren ekarpena egin diezaioten tokiko komunari. Horren adibide garbia da pluriunibertsitatea; zeinak akordio eta konpromezu instituzionalen bitartez, titulazio maila altuko ikasketak burutzera iritsi diren komunatan. Bestalde, egungo koiunturan ere, hezkuntza bermatzea lortu dute komunen militantzia prestuari esker eta egoerak hala eskatuta, sistema eraberritzen asmatu dute. Irakasle eskasiari, formakuntza eta heziketa komunitarioz egin diote aurre. Egia da Venezuelako komuna guztietan formazio politikoa edota ikasketa teknikoak lantzeko metodologiak edota gaiak ez direla berdinak, beste behin, hezkuntza sistema tokian tokiko behar, erritmo eta baliabideetara egokitua dagoelako, hezkuntzaren erapena behetik gorakoa izatearen garrantzia azpimarratuz. Baina arlo honetan bereziki erakusten dabiltzan indar militanteak beste behin bistaratzen du komuna politikoak chavismoaren abanguardia politikoak direla, hausnarketa eta eztabaida politikoak lehen lerroan jartzen dituztenak, beti chavismoaren, komunen eta sozialismoaren garapenera izanik helmuga.

Aurretik aipatu bezala, denbora luzez erreferentzialtasun handia izan zuten misioek eta gainerako politika sozialek eta AEBek bazekiten hori. Horren ondorioz, zentro inperialistak chavismoaren aurkako erasoak indartu zituen Hugo Chavezen heriotzarekin batera, Venezuelako gobernuari zigor politiko eta ekonomikoak ezarriz. Ez dezagun ahaztu, Venezuelako ekonomia petroleoaren errentak baldintzatzen duela goitik behera, eta Inperioak, horren jakitun, PDVSAko funtzionarioak jarri zituen zigorren jopuntuan. Venezuelako ekonomiari kolpe latza emanez. Ukaezina da eraso poltiko horiek kalte handia egin diotela herrialdeari, gosea, inflazioa, beldurra, baliabide eskasia, barne liskarrak piztu eta abar luze bat. Zigorrek ekarritako kalteek eragin zuzena izan dute Venezuelako biztanleen eguneroko bizitzan, batzuek emigrazioan aurkitu dute irtenbidea, eta beste batzuek herri-antolakundeen bitartez borrokan jarraitu dute. Baina herrialdean geratu den jendeak indar handia erabili behar izan du nazioa, komunitatea, familia edo norberaren bizitza aurrera eramateko. Horrek, zuzenean, hezkuntza sisteman ere izan du eragina. Hala nola, gobernuak finantzamendu kapital falta izan du estatuko langileei soldata egokiak ordaintzeko eta ondorioz, irakasleen (orokorrean funtzionario publikoen) soldatak oso baxuak izatera pasa ziren denbora gutxian, eguneroko bizitzarako beharrezko gutxieneko soldatara gerturatu ere gabe. Egoera larri horren aurrean, formazio maila altuko pertsona askok, lehen esan bezala, kanpora joatea erabaki zuten, kanpoan balorazio oso oneko profesionalak zirela eta soldata duinago bat eskuratuko zutela bazekitelako. Beste profesional batzuek ordea, emigratu beharrean, hobeto ordaindutako beste lanbide batzuetara pasa ziren. Erabakitako erabakia hartuta ere, ondorioa berdina izan zen, hau da, irakasle profesional falta zinez handia, Venezuelako hezkuntza sistema larriki kaltetuz. Horrek esan nahi du estatu burges inperialistek planifikatutako blokeoaren bitartez, iraultza bolibartarraren oinarrizko zutabeetako bat zauritzea lortu zutela. Hezkuntza beti baita herrialde baten garapena eta etorkizuna eraikitzeko gakoetako bat.

Irakaskuntza prozesuan eragindako kaltea, oposizioko neoliberalek beren onura elektoralerako baliatu duten gako diskursiboetako bat ere bada, nahiz eta beraiek bultzaturiko zigor politikoen ondorio zuzen izan hezkuntzak bizi duen egoera prekarioa. Bide horretan, Maduro eta chavismoaren irudia zikinduz, komunikabide manipulatzaileen laguntzaz, oposizioaren bozkatzaile kopurua handitzeko estrategiaz  oposizioaren bozkatzaile konpurua handituz (handitu baldin bada) jarraitzeko asmoan berresten dira. Beraz, argi esan beharra dago dago, aginte-interesek itsututa, inolako erruki gabe kolokan jartzen dabiltzala urteetan herri boterez eta politika sozialez emandako aurrera pausoak.

Zorionez, bizi dugun koiunturan, politikoki eta sozialki antolatutako herritar talde ugarik esperantzaren deia zabaldu dute lurraldean zehar, hezkuntzaren premiaz jabeturik. Elkarlanean antolatzen hasiak dira irakasleak lortzeko eta gune guztietan irakaskuntzak aurrera jarrai dezan.

Hezkuntza chavista inperialismoa suntsitzeko  Hezkuntza chavista inperialismoa suntsitzeko  Hezkuntza chavista inperialismoa suntsitzeko  Hezkuntza chavista inperialismoa suntsitzeko  Hezkuntza chavista inperialismoa suntsitzeko  Hezkuntza chavista inperialismoa suntsitzeko  Hezkuntza chavista inperialismoa suntsitzeko  Hezkuntza chavista inperialismoa suntsitzeko  Hezkuntza chavista inperialismoa suntsitzeko  Hezkuntza chavista inperialismoa suntsitzeko  Hezkuntza chavista inperialismoa suntsitzeko

Askapena erakunde internazionalista

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude