Europako Azken Guda Dantza

Europako Azken Guda Dantza

ETAren armagabetzea gauzatu den honetan, The last insurgency in Europe is coming to an end zioen BBC hedabide britaniarrak, eta beraz, Euskal Herriarentzako ez ezik egun historikoa izan da atzokoa kontinente zaharrean ere, Europako azken guda dantza.

Denboran Euskadi Eta Askatasuna bezainbeste luzatu den erakunderik egon ez den arren, orain gutxira arte ugariak izan dira Europan talde armatu iraultzaileak. Zeintzuk izan ziren eta borroka armatua nola eten zuten jakin nahi izan dugu, kasu batzutan ETArenarekin antzekotasunak izan baitituzte.

.

Irlandako Armada Errepublikarra (Irish Republican Army), IRA

ETArekin batera Europako talde armaturik ezagunena da IRA, ibilbide luzeena izan duena eta kalte gehien eragin dituena. Laurehun kide inguru akatu zizkioten eta bi mila erailketa inguru eragin zituen.

IRA zaharra deritzona 1916-17 bueltan sortu zen, baina gehiegitxo litzateke taldeak kasik mende bateko jarduera izan duela esatea, historian zehar adar eta erakunde desberdinetan banatu izan da-eta. Orain gutxira arte borrokan jardun duen IRA Behin-behineko Irlandako Armada Errepublikarra izan da.

IRAren armagabetzea korapilatsua izan zen oso.

Bariku Santuko Bake Akordioekin hasi zen, 1998ko apirilaren 10ean, bost urte lehenagotik bakea lortzeko elkarrizketetan zebiltzan arren, katoliko eta protestanteak. Su etenak etan ekintza armatuak tartekatu zituzten -1994koa, esaterako, bi urte geroago apurtu zuten Londonen leherketa batekin bi lagun erailda-; eta Bariku Santuko Bake Akordioa sinatu ondotik ere berau eztandarazi nahi izan zuen IRAren banaketa batek, Benetako IRAk, Omagheko kotxebonbarekin.

Milurteko berrian sartuta, eta gatazkaren korapiloa erabat ezin askatuta, Sinn Feinek armagabetzeari ekiteko eskatu zion IRAri, 2001eko urrian. Eta erakunde desarmatzen hasi zen derrepente, “Irlandako bake prozesuak aurrera egin zezan”. Gorabehera batzuen ondotik, 2005eko uztailaren 28an IRAk, komunikatu baten bitartez, armak uzteko eta borroka armatua bukatutzat emateko eskatu zien kideei.

Ordutik, prozesua azkartu egin zen. 2006an Sean Brady artzapezpiku katolikoaren eta Ian Paisley unionista amorratuaren arteko bilera egin zen Belfasten, eta hurrengo urtean gobernu berria eratzea adostu zuten Paisley berak eta Sinn Feineko Gerry Adamsek, alde bietako kideekin.

2008an armagabetzerako nazioarteko erakunde batek IRA erabat desarmatua zegoela ziurtatu zuen.

Bariku Santuko Bake Akordioetan, 1998an, bi urteren buruan presoak askatuko zirela adostu zuten, eta 2001ean 450 preso inguruk berreskuratu zuen askatasuna. Egun IRAko agintari izandako kide askok hartzen du parte Irlandako politikan, Pat Sheehan diputatuak bezala; batzuk gobernuko kargu garrantzitsuak bete dituzte. Ohikoa da haien parte hartzea -hitzaldiak emanez eta iraganean etsai izan zituztenekin bilerak eginez- elkarbizitza eta bakea sustatzeko lanean ari diren erakundeetan ere.

.

Brigada Gorriak (Brigate Rosse), BG

Langile mugimenduaren baitan jaio ziren Brigada Gorriak 1969an, pentsakeraz talde marxistak. Asmo nagusienetako bat Italia NATOtik ateratzea zuten. 1988ra arte jardun zuen, eta lozorroan dago egun.

Aldo Moro, Ministro Kontseiluko Presidente zena, bahitu zuten 1978an, bere bost bizkarzainak hil eta gero. Moro bera ere exekutatu egin zuten handik bi hilabetera. Taldearen ekintzarik ezagunenak gogor astindu zuen italiar Estatua, RAFek Udazken Alemaniarrarekin egin zuen bezala.

80ko hamarkadan zatiketa ugari izan zituzten Brigada Gorriek, eta taldetxoetan banatu zen. 50 hildako inguru eragin eta gero, ekintzak eten zituzten 1987-1989 bueltan, taldeko agintari gehienak orduan atxilotu zituzten.

Alta, 90eko hamarkadan Brigada Gorri Berriak deiturikoak agertu ziren, eta milurteko berriaren hasiera bueltan hiru hilketa eragin zituzten (1999an bat eta 2003an bi). Gaur egun ere, ez dago esaterik taldea erabat deseginda dagoenik (azken atxiloketak, sei lagunenak, 2003koak dira), inoiz ez baitzuten borroka armatua uzteko erabaki irmorik adierazi.

Agintariek bukatutzat ematen dute haien jarduna, baina 2012an, krisiaren erantzule zirela leporatuta, Brigada Gorrien izenean politikariak mehatxatu zituzten.

1987an erakundea desegintzat jo zuten Renato Curcio eta Mario Moretti kide historikoek. Urte berean epaitu zituzten Estatuaren kontra altxatzeagatik, eta 1993an eta 1994an askatu zituzten baldintzapean, urrenez urren. Hamasei urte kartzelan eman zituen Moretti, presoen bergizarteratzean lan egiten duen GKE bateko arduraduna da egun. Adriana Farandak ere, 1979an atxilotu eta betirako kartzela zigorra ezarri zioten arren, 1995ean berreskuratu zuen askatasuna. 2012an Jaurlaritzak antolatutako Oroimenari eta Bizikidetzari buruzko Biltzarrean parte hartu zuen.

.

Armada Gorriaren Frakzioa (Rote Armee Fraktion), RAF

Europako Azken Guda DantzaKide nagusienen abizenengatik, ezaguna da Baader-Meinhof izenarekin ere. Mendebaldeko Alemaniako erakunde armatu sonatuena da RAF, pentsaeraz komunista. 1970etik 1998ra arteko ibilbidean 34 lagun erail zituen, eta taldeko 20 militante hil zituzten.

1998ko apirilaren 20an, “28 urte dira kasik, 1970eko maiatzaren 14an, RAF askapenerako sortu zela. Gaur bukaera ematen diogu proiektuari, RAFen gerrila urbanoa historia da jada” zioen Reuters berri agentziara metrailadoredun izar gorriarekin bidali zuten gutunak. Taldea desegin zenerako bost urte zeramatzan ekintzarik egin gabe.

2007an, Udazken Alemaniarretik 30 urte betetzear zirela, eztabaida bizia izan zen Alemanian, bizitza guztirako gartzela zigorra zuen Christian Klar RAFeko kideak indultatua izateko aukera zuelako -urte batzuk lehenago egina zuten eskaria, legeak aukera hori ematen omen baitu kartzelan 15 urte igaro eta jada mehatxutzat hartzen ez dituztenentzako-. Hasieran aukera ukatu bazitzaion ere, 2008ko azaroan askatu zuten, aurreko urtean Eva Haule eta Brigitte Mohnhaupt taldekideak bezala; lehenak 22 urte eman zituen itzalpean, bigarrenak, Klar-ek beste, 26 urte.

2011ko ekainaren 20an atera zen kartzelatik RAFeko azken presoa, Birgit Hogefeld, 18 urteko zigorra bete eta gero. Ostera, erakundearen hirugarren belaunaldiko hiru kidek, Volker Staub, Daniela Klette eta Burkhard Garweg, ihesi jarraitzen dute.

.

Ekintza Zuzena (Action Directe), AD

Mugimendu autonomotik 1977an sortutako talde frantziarrak bi urte geroago abiatu zuen borroka armatua, harik eta 1987an kide gehienak atxilotuta poliziak taldea desegin zuen arte. Urte batzuk lehenago RAFekin kidetu zen, Europa Mendebaldeko iraultzaileen batasuna sortzeko asmoz.

Berrogeita hamar ekintza inguru burutu zituzten, tartean Rene Audran generalaren eta Georges Besse Renault enpresaren presidentearen hilketa, azken hau 1986an. Urte bete geroago, otsailaren 21ean, Jean-Marc Rouillan, Nathalie Menigon, Joelle Aubron eta Georges Cipriani harrapatu zituzten segada batean -ordurako Regis Schleicher-ek hiru urte zeramatzan preso-.

Frantziar ezkerreko talde ugarik agertu izan diete elkartasuna eta eskatu dute Ekintza Zuzeneko presoak askatzeko, hauek kartzelan egon diren urteetan.

Europako Azken Guda DantzaAubron 2004an askatu zuten eritasun larriak jota zegoelako, eta bi urte geroago hil zen. Beste guztiek askatasun eskaerak egin zituzten, sarritan ukatuak izan zirenak. Gorabehera batzuen ondotik, Menigon 2008an askatu zuten baldintzapeko askatasunean, eta modu berean Schleicher 2009an eta Cipriani 2011n. Guztiak ere hogei urtetik gorako zigorra bete eta gero.

Korapilatsuagoa da Rouillanen kasua (ARGIA aldizkariari kontatu zion). Baldintzapeko askatasuna lortu zuen 2008an, baina berriro kartzelaratua izan zen 2011era arte, hedabide batzuetan egin zituen adierazpen batzuk zirela-eta, terrorismoaren apologia egin izanagatik zigortu zutelako.

2006an Berlinen eta Atenasen leherketa bana izan zen -bigarrenaren kasuan, Renault-en-, “Ekintza Zuzenari elkartasuna” adierazteko. Eta 2011n sei polizia buruk taldea berragertzeko prest zegoela aldarrikatzen zuen gutuna jaso zuten.

.

Joan den mendeko 80ko hamarkadan Europa sutan jarri zuten ezkerreko lau talde armatu baino ez ditugu gogoratu, lagin modura. Gehiago ere baziren: Asala (Armenian), Cellules Communistes Combattantes (Belgikan), 17N (Grezian), FP-25 (Portugalen), edo Terra Lliure (Katalunian), besteak beste.

Europako Azken Guda Dantza Europako Azken Guda Dantza Europako Azken Guda Dantza Europako Azken Guda Dantza
Europako Azken Guda Dantza  Europako Azken Guda Dantza Europako Azken Guda Dantza  Europako Azken Guda Dantza

ZUZEUko erredakzio kide