Bake harresiak gaur egungo Europan

Eufemistikoki “peace line” deituak, Ipar Irlandako herrietako auzo gatazkatsuak banatzen dituzte. Harresi ikusgarrienak eta kopuru aldetik gehienak, Belfasten topa daitezke. Belfasteko mapa, honela laburbildu daiteke era sinple batean: mendebaldea katolikoa da, ekialdea berriz, protestantea. Hala ere, banaketa hau ez da guztiz homogeneoa, mendebaldean Shankill izeneko auzo protestantea baitago, eta ekialdean berriz, Short Strand auzo katolikoa, besteak beste. Auzo horiek, harresiez inguraturik daude  eta burdinazko ate gutxi batzuez izan ezik guztiz zeharkaezinak dira zenbait puntuetan.

Falls auzo katolikoa eta Shankill banatzen duen harresia.
Falls auzo katolikoa eta Shankill auzo protestantea banatzen duen horma.

Harresien bi aldeetan bizi diren auzokideei galdetuz gero, antzeko erantzunekin topatu daiteke bat. Beharrezkoak direla deritzote, “seguruago” sentitzen direlako horrelako hesi bat edukiz bi komunitateen artean.

Workman Avenue gune protestantea zeharkatu daitekeen burdinazko ate bakarretik emakume bat igarotzen da Sprinfield Road kale katolikora. Autobus geltokian geratzen da, alde guztietara begira. Egunero gune katolikoa zapaldu behar duela dio, lanera joateko autobusa hartzeko. Burdinazko atea inork ikusi gabe igarotzen saiatzen dela aitortzen du, arazoak saihesteko. Urduritasuna nabaritzen zaio, norbaitek entzun dakiokeen beldur bezala, nahiz eta momentu honetan kalean inor ez den ageri.

Short Strand-eko auzotarrek ere, hormen eraginkortasuna azpimarratzen dute. Istiluak sortzen direnerako baliagarriak direla dio gatazkaren urte krudelenak bizi izan dituen aitona batek. “Lehengoko urteetan, ezin zenuen inoiz jakin ea etxera bueltatuko ote zinen, UVFeko kideek edozein unetan tirokatu ahal zizuten eta”.

Short Strand auzo katolikoa inguratzen duen harresia.
Short Strand auzo katolikoa inguratzen duen harresia.

Harresietara ohituak daude bi komunitateetako bizilagunak, eta “ezinbestekoak” ikusten dituzte beraien eguneroko bizitzarako. 70eko hamarkadaren hasieran, indarkeria sektarioaren gorakadarekin batera, armada britainiarrak aldi baterako eraiki zituen harresiak istiluak ekiditeko. Denbora pasa ahala, harresiak iraun ez ezik, gehiago eraiki dira.

Kanpotarrentzako erakargarri turistiko bilakatu dira, hemen jaio ez denari zaila egiten baitzaio jabetzea zergatik bizi diren bata bestearen beldur hamar metro baina distantzia gutxiagora bizi diren bizilagunak. Izan ere, oso banatuak bizi dira bi komunitate hauek, baikoitzak beraien eskolak, parkeak, futbol taldeak, elizak, tabernak… baitituzte beraien eremu propioetan. Zenbait belaunaldi itxaron beharko dira hormatzar erraldoi hauek bereizten dituzten bizilagunen seme-alabak elkarrekin jolasten ikusteko.

Urnieta (1985). Turismon diplomatua eta kazetaritza lizentziaturako ikaslea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude