Aita Sainduak idatzi, aldizkari faxista batek argitaratu

Towsonu.wikimedia
Towsonu.wikimedia

Zer da Die Aula aldizkaria?

Die Aula aldizkariak, ale berezia argitaratu zuen 1998an, eta bertan Freiheit und Wahrheit (Askatasuna eta Egia), Ratzinger kardinalaren lan bat.

Die Aula-k negazionismoa eta adierazpen askatasunaren biktima deitzen dituenak defendatzen ditu, alegia, islama iraintzeagatik zigortuak izan diren ultraeskuindarrak. 1998 hartan, Jörg Haider neofaxista austriarraren igoera laudatzen zuen, eta NDP alderdi neonaziko partaideen lanak argitaratzen. Besteak beste.

Kontua orain, Ratzingerrek bere lana argitaratzeko baimenik eman ote zuen ala ez da, izan ere, Askatasuna eta Egia izeneko idatzia, lehenago ere argitaratua izan baitzen, 1995. urtean, Communio izeneko aldizkari katoliko kontserbadore batean. Izanak izan, orain Aita Saindu denaren lan hori, salgai dauka Die Aulak sarean.

Erreakzioak.

Vienako Elizbarrutiak, aferaren hastapenean,  ukatu egin zuen Benedikto XVIgarrenak baimenik eman zuenik bere lana Die Aulan argitara zezaten, baina ez dirudi egia hori denik, ez behintzat Der Spiegel aldizkari germaniarraren arabera: 1997ko Irailaren 18an, Die Aulako kazetari batek, Gerhoch Reisegger izenekoak, ofizialki eskatu zuen, bi urte lehenago Communio aldizkarian agertutako testuaren erreproduzitzeko eskubidea. 1999ko Irailaren 30ean etorri zitzaion erantzuna, Jose Clemens, Ratzinger kardinalaren idazkariaren eskutik beretik: “Reisseger jaun oso maitea, 1997ko Irailaren 18ko zure gutun adeitsuaren erantzuteko, Ratzinger Jaun Kardinalaren baimena daukat zu jakinaren gainean jartzeko, ados dela Askatasuna eta Egia izeneko testua (Communio 24, 226-542 or.), hilabetekarian argitara dezazun.”

der-spiegel

Hilabete pasatxo da Der Spiegel-ek gaineko argazkitxoan ageri diren baimenaren frogak argitaratu zituenetik, eta ixilik da, harrez gero, Vienako Elizbarrutia, jakin baitaki kezkatzeko modukoa dela Aita Sainduak FPÖ, Freiheitliche Partei Österreichs (Askatasunaren Alderdi Austriarra) babesten duen hedabidean argitaratu izana.

Zer dio, ba, Aita Sainduak idatzi horretan?

Demokrazia eta askatasunaren inguruko gogoeta da, ikuspegi kontserbatzailetik egina. Demokraziari kritika izeneko atalean dio, besteak beste: Oso hedatua da demokrazia ez dela oraindik askatasunaren forma ona pentsatzeko joera. Ezin da demokraziaren kritika marxista erabat alboratu. Zein puntutaraino izaten dira hauteskundeak libre?…”

(Artikulu osoaren itzulpena, sarean jarri du internetzale batek. Ingelesez dago.)

(Aita Sainduaren eraginari buruzko artikulu interesgarri bat. Gaztelaniaz)

Aita Saindua, Benedikto XVI, erlijioa, faxistak, hedabideak
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude