Zineaz jardunean

jardunaldien kartela

Orain gezurra ematen du, eta esateak lotsa, baina bazen bideo-klubik eta internetik gabeko garai bat, ez hain aspaldi, oso aspaldi. Herrian zine areto bakarra, eta bertan, Hollywoodeko artisten desfilea igandea joan eta igandea etorri.

Lehendabizikoa noizkoa den ez dakit, egunen batean egin beharko da historia txiki bezain miragarri hauen Historia, baina herriko gazte batzuk, gaztetxearen ingurukoak, bildu eta zine-kluba osatu zuten. Nola, ez dakit, borondate eta kemen eta lan askorekin seguruenera.
Ondo gogoan ditut kultur-etxeko emankizunak. Hamar duro izaten zen sarrera. Sarreran han egoten zen erretilu bat, eta bota haraxe dirua, eta kitto. Eseri, argiak emendatu, eta usain gozoko ke urdinkara artean hasten zen 16mm-ko pelikularen proiekzioa. Soinuarekin akordatzen naiz, irudiaren dardararekin, eta nola derrepente joan egiten zen irudia.
-Komunera joan behar duenak, oraintxe du aukera. Zinta aldatu behar dugu. Zeinek nahi du zerbeza bat?
Ez dakit zergatik, El Puenterekin akordatzen naiz, nola utzi zituzten mutikozkor haiek zubia zaintzen, herria defendatzen, nola utzi zituzten mutikozkor haiek han, etsaiaren zain.

Itxi zuten gaztetxea, bukatu ziren kultur-etxeko emankizunak, eta halako batean, hutsik eta utzita zegoen Matadeixe geuretzat hartzea erabaki genuen herriko gazte batzuek. Zikinak kendu, paretak garbitu, dena txukundu, fatxada margotu, zorua josi. Ez dakit zein urtetan zen. Ez dakit ordurako internetik bazen ere. Udara zela, hori bai, eta pasieran zebiltzan edadetuek begi onez ikusten zutela hainbeste urtean erabat utzita edukitako eraikinari berritu bat, eta erabilera berri bat ematea.

Gaztetxeko zine-klubak segitzen zuen oraindik pelikulak botatzen, Baztartxon, hilean behin edo. Eta berez bezala hartu zuen Matadeiko zine-klubak aitzindarien erreleboa, irudipen hori daukat nik behintzat. Eta ordutik hona Matadeiko zine-kluba ibili da, batzuetan Matadeixen bertan, bestetan Baztartxon, emanaldiak antolatzen, zinemaren miraria posible egiten. Azkena Waltz with Bashir bota zuten. Interneten ere egongo da, baina zinez izan zen ederra Baztartxon ikustea, pantaila haundian, soinua gorputzean barruraino sartuta.

Zinetik aterata, hizketan hasi ginen. Zineaz hitz egitea ikusitakoa berrikustea da, besteren ikuspuntua ulertzen saiatzea.

Eta horretarakoxe antolatu ditu Matadeiko zine-klubak jardunaldi hauek, hitz egiteko, entzuteko, ikusitakoa berrikusteko.

Asteartean, hilak 19, Harkaitz Cano etorriko da: Zinea, telebista eta beste zenbait belar funerario.

Hurrengo egunean, maiatzaren 20an, Andres Gostin: Begi hiltzailea.

Ostiralean, maiatzak 22 egun dituela, Josune Muñoz: Komikiak, Anime eta filmeak: emakumeok iruditan.

Eta hurrengo astean, astelehenarekin, 25ean beraz, Aitor Arregi: Zineforak.

Eta bukatzeko, ostegunean, maiatzaren 28an, Joseba Macías: Amerikalatina eta Zinea. Hegoaldeko begirada berezia.


Matadeiko zine-klubekoek kartela egingo al nuen eskatu zidaten, eta egin dudanean, eskerrak eman dizkidate.

Eta nik, puztuegi agertzeko beldurrez, ez diet esan geu garela eskerrak eman beharrean gaudenak, astez aste eta urtez urte zine-kluba bizirik mantendu duten guztiei.

Baina orain, interneteko bakardade honetan, esango dut: esker mila guztioi, zubia zaintzeagatik.

zinea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude