Saturraran opera, Juan Carlos Perezek ondu eta Kirmen Uribek idatzia

Saturraran opera, Juan Carlos Perezek ondu eta Kirmen Uribek idatzia –

Arriaga Antzokiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak SATURRARAN koproduzitu dute, Juan Carlos Pérezek konposatutako eta Kirmen Uriberen euskarazko libretoa duen opera berri bat, Arriagan bertan estreinatuko dena.

Arriaga Antzokian ostegunean, hilaren 20an, eta larunbatean, 22an, izango dugu Juan Carlos Pérezen opera garaikide honen mundu mailako estreinaldia, zeinak Kirmen Uribek idatzitako euskarazko libretoa baitu.

Lucía Astigarraga da eszena zuzendaria eta Jon Malaxetxebarria musika zuzendaria, zeinak bere batutaz gidatuko baititu Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS) eta opera interpretatzen duten zortzi ahots solistak.

Ibilbide sendoko ahotsek eta hasiberriek osatzen dute zortzi abeslarik osatutako cast bikaina: Elías Arranz, Andrea Jiménez, Marifé Nogales, José Manuel Díaz, Botond Ódor, Aitor Garitano, Itxaro Mentxaka eta Iñigo Fernándezek.

Bilboko Koral Elkarteak 40 koralistatik gora ekarri ditu ikuskizunera, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean.

Saturraran opera, Juan Carlos Perezek ondu eta Kirmen Uribek idatziaArriaga Antzokia prest dago jada euskal kulturari dagokionean mugarria izango den gertakari baten protagonista izateko. Lehen mailako kultur ekitaldi batez ari gara, alegia, Saturraran operaren mundu mailako estreinaldiaz, Kirmen Uriberen euskarazko libretoa duen eta Juan Carlos Pérezek konposatu duen opera garaikide berriaz. Idazlea eta musikaria, azken hamarkadetako euskal kulturaren pertsona ospetsuenetako bi, daude proiektu handi honen atzean, eta Bizkaiko Foru Aldundiari eta Arriaga Antzokiari esker gauzatu ahal izan da. Izan ere, bi erakunde hauen artean ekoiztu dute ikuskizuna. Ostegunean, ekainaren 20an, 19:30ean, ikusleek opera horren estreinaldia ikusi ahal izango dute Arriagan; larunbatean, hilaren 22an, berriz, 19:00etan taularatuko da beste behin Bilboko antzokian.

Libretoak jasotzen duen istorioaren arabera, Saturraran giro tragikoko ikuskizun bat da, baina baita oso iradokitzailea eta hunkigarria ere. Lucía Astigarragak sinatu du opera honen zuzendaritza eszenikoa, eta soila den horren edertasuna azpimarratzen duen estetika abstraktu baten alde egin du, Kirmen Uribek euskaraz idatzitako libretoak iradokitzen duen alderdi onirikoan arreta jarriz. Gogoan izan behar dugu ikuskizuna euskaraz interpretatuko dela eta gaztelaniazko eta ingelesezko gaintituluak izango dituela.

Jon Malaxetxebarria arduratzen da Saturraranen zuzendaritza musikalaz, bai eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS) gidatzeaz ere, Juan Carlos Pérezenkonposizioaren soinua behar bezala eskaintzeko. Zortzi ahots solistak interpretatzen dute opera, Saturraranen ahots-lan handiena duten Elías Arranz eta Andrea Jiménez buru dituen maila goreneko ahots-taldeak, hain zuzen. Marifé Nogales, José Manuel Díaz, Botond Ódor, Aitor Garitano, Itxaro Mentxaka eta Iñigo Fernándezek osatzen dute abeslari talde bikaina, non ibilbide aitortua duten ahotsak eta lirikaren

panoraman zeresana ematen hasiak diren beste batzuk nahasten diren. 40 koralistatik gora Juan Carlos Pérezek konposatutako operaren indar bokala dela eta, Bilboko Koral Elkarteko 40 koralistak baino gehiagok parte hartu behar dute, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean.

Jakina, ikuskizunaren eszenaratzea eta estetika finkatzeko orduan garrantzitsuak diren beste arlo batzuetan egindako sormen-lana ere azpimarratzekoa da. Eszenografiaz Philip Rubner alemaniarra arduratu da, Lucía Astigarragarekin aurretik Weimarren lan egindakoa den sortzailea. Saturraranentzat espazio infinitua islatzearen aldeko apustua egin du, baina, aldi berean, sentsazio itogarri bat sortuz. Ibai Labega figuringileak, bere aldetik, jantzi atenporal eta fantasiatsuak garatu ditu, 80ko hamarkadan Ondarroan erabiltzen zen janzkerari buruzko hainbat dokumenturen analisi zehatzean oinarrituz. Azkenik, argiztapenaren diseinuaz Alberto Rodríguez Vega arduratu da, zeina argiekin jolastuko baita giroak sortzeko, fenomeno atmosferikoak islatzeko eta espazio hordigarriak eratzeko.

.

Pieza honi buruz

Elezahar batek dio Saturraran hondartzako bi haitz handiak bi maitale direla. Gizarteak ez zien elkar maitatzen uzten eta uretan ito ziren maitaleak. Itsasotik bi haitz handi sortu ziren gero, haien oroimenez.

Elkar maitatzerik ez duten bi emakumeren kontakizuna da Saturraran. 80ko hamarkadan, Ane, alturako arrantzale baten alaba, eta Luna, furgoneta batean heldutako andaluziarra, elkarrekin maitemindu ziren. Heroinaren zurrunbiloak harrapatu eta, herritarren gaitzespena dela eta, Saturrarango kartzelaren hondakinetan hartu zuten babesa. José, Aneren aita alarguna, haiek laguntzen ahaleginduko da.

Desberdina den hori onartzearen zailtasuna, heroina eta hiesaren oldarraldia, arrantzaren munduaren gainbehera… Libreak izaten irakatsi zigun belaunaldi galduari egindako omenaldia da Saturraran.

.

SATURRARAN

Konpositorea: Juan Carlos Pérez.

Libretoa: Kirmen Uribe.

Zuzendaritza musikala: Jon Malaxetxebarria.

Zuzendaritza eszenikoa: Lucía Astigarraga.

Interpretatzaileak: Elías Arranz, Andrea Jiménez, Marifé Nogales, José Manuel Díaz, Botond Ódor, Aitor Garitano, Itxaro Mentxaka, Iñigo Fernández.Korua: Bilboko Koral Elkartea

Koruaren zuzendaria: Enrique Azurza.

Orkestra: Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS).

Figuringilea: Ibai Labega.

Argiztapena: Alberto Rodríguez Vega.

Eszenografia: Philip Rubner.

Pianista errepikatzailea: Iñaki Belasko.

Figurazioa: Ugaitz Ugalde, Aitzol Villahoz.

Esker onak: Sergio Verde, Ainhoa Etxebarria, Nerea Gartzia, María Laespada, María

Ángeles Etxabe, Jon Iñaki Artetxe, Ibon Basterretxea.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Arriaga Antzokiaren koprodukzio bat.

Mundu mailako estreinaldia Arriaga Antzokian 2024ko ekainaren 20an eta 22an

Saturraran opera, Juan Carlos Perezek ondu eta Kirmen Uribek idatzia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude