Ikusi makusi, zer ikusi…

A ze itxura. Ona ala txarra? - noway cc
A ze itxura. Ona ala txarra? - noway cc

Ohitura da begiei kasu egitea, horretarako prestaturik baikaude. Ikusitakoa sinistera gaude ohituratuak, naturak ikusmena eman digu bizirauteko eta itxuran oinarrituta, gauza batzuk alboratzeko, beste batzuk hartzeko eta besteak ulertzeko.

Txipiroiak beren tintan jan ohi ditugu Euskal Herrian. Sekulako platerkadak ditut janak nik behintzat; hori zaporea, hori testura eta kolorea… Baina galdegin al diozue zeuen buruei, ea zergatik okin suitzar batek Lekeitiora oporretara etorri eta ia botaka egiten duen platera ikusi eta berehala? Zergatik ez du ezta probatu ere egin nahi? Ikusmenaren ondorio da hori. Ikusitakoak irabazi egiten dio usaindutakoari eta dastatutakoari. Dena alda dezake, usain on bat higuingarri bilakatzera iritsiaz.

Eztabaida piztu zen aurrekoan, Pello (lagun zaharra) eta Dorleta bere neska-lagunaren artean, pare bat liburu erostera joan zirenean. Dendako beherapenek erakarrita apalategiak begiratzen zeudela gertatu zen guztia; han ziren Stieg Larsson famatuaren liburuak, han Dan Brownen aleak eta alboan Ruiz Zafon-en beste liburu bat… halako batean etorri zitzaion Dorleta liburu ponposo batekin, tapa gogorrekoa portzierto. “Los secretos de la Duquesa polita emateu, erosi ingoet eta gero gabean hasiko naiz irakurtzen Pello!”, irriparre gozo batez erantzun zion honek, “Bai, bai…”. “Ze ez al zaizu gustatzen ala?”, “Ez dakit… ez dut irakurri, baina benetan, ezin ditut irentsi filmeetako kartelan antza duten portadak. Atzerakoa ematen diate”, “Bai zea Pello, ba nei erakarri egiten diate eta gehienetan asko gustatze zaizkit”, “Ondo ba, erosi orduan”. Pellori, okin suitzarrari txipiroiek bezala, filme portada duten liburuek atzerakoa ematen diote. Pellori gehiago gustatzen zaio laburpena eta autorea nor den irakurri eta horren arabera aukeratzea, “filmeen portadak fimeetarako”.

Portada deigarria, Best Seller fenomenoa - bennylin0724 cc
Portada deigarria, Best Seller fenomenoa - bennylin0724 cc

Gure begiek askotan lagunduko gaituzte; konfiantza emanaz, gauza asko ulertaraziz eta beste hainbeste biluztuz. Egunero ordea, ez da igandea. Lekeitiora joandako okin suitzarrak, Pellok eta Dorletak beraien ikusmena baliatzen dute aukera onena egiteko xedearekin, baina gehienetan ‘Z’ hizkiarekin hasi eta ‘A’ hizkiarekin amaitzen den hori jasotzen dute trukean. Ziria.

Best Seller, Dan Brown, Euskal Herria, gastronomia, Gezurra, ikusi, ikusmena, Suitza, tintan, txipiroiak
Oier Aranzabal

ZuZeulari 2009. urtetik. Garoa liburu-dendan lanean. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude