Erregea eta Bufoia

erregea-eta-bufoia

Atzo Ander Lipus eta Igor Elortzak “Le Bukowski” tabernan ERREGEA ETA BUFOIA emanaldia eskaini zuten. Poltsiko Antzerkiaren zikloaren barruan kokaturiko emanaldia.

Ikuskizun mota honek badu xarma, interesa pizten du jendearengan. Bertsolari bat, antzezle bat eta gaijartzailea. Nonbaitetik hasi behar eta gaijartzaileak bidea irekitzen die eta hor azalduko zaigu BUFOIA (Ander Lipus gogoangarri benetan), mozorro eta karakterizazio bitxienekin ERREGEARI (Igor Elortza, zein xume eta dotorea den durangarra) nondik edo handik ziria sartzeko ahaleginean. Bertsoa eta antzerkia uztarturik. Hitza eta imintzioa alanbre estu baten gainean kabitu ezinik. Kitzikagarria, izan ere inprobisazio eta bapatekotasun erabatekoan mugitzen diren 2 artiston pausoak hain dira egiatiak, hain eroak…

Gaijartzaileak ipiniriko gaia aitzakia hutsa izan liteke. Batak eta besteak handik edo hemendik luzatuko dute pausoa. Dena da aitzakia perfektua jendearen arreta bereganatzeko.Adibide gisa lehen lerroko pertsona bat BUFOIAren aurrean lotsagabe mintzatu deneko hura dut gogoan. BUFOIA ez da kokilduko. Elkarrizketa dotorean biak. Hori eskertzen du jendarteak. Autentikotasuna. Ez da produktu “enlatatu” bat. Ez dago barre artifizialik.

Gogoan izateko modukoa ere barra ondoko neska baten oihu orditua. Tentsio puntua ipini du “Le Bukowski”n (Charles Bukowski-ren izpiritua ote?). Hau ere baliatu egingo dute ordea artistok eta laster da tentsioa algara bortitzean bilakatua.Demasa.

Ordu t’erdi ondo pasatako emanaldia. Jendea arrunt gustora, bizi, partehartzaile eta alanbre gaineko funanbulistak tente tente bukaeran, gaurkoan ere beheko sarearen (ba ote?) beharrik ez da izan.

Algara eta irribarreek azken orduko txalo zaparradari eman diote leku. Biba eta alegera!

Gaurkoan Charles gurekin izan da. Ero, bero, zurrutero, ahobero!

antzerkia, bertsolaritza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude