Asier Altuna: “Kultura abandonatu dugu”

Asier Altuna: “Kultura abandonatu dugu” –

Asier Altuna: "Kultura abandonatu dugu"‘Txotx!’ film laburrarekin atera zen Asier Altuna plazara. Hedabide handien bozgorailuetara iritsi gabe, zinemaren munduan nabarmentzea lortu zuen Bergarako zinegileak, eta bide horretan segitu zuen, filmaz filma, beti ere umorearen eremutik atera gabe.

Hala iritsi ziren ‘Topeka’ edota ’40 ezetz’, biak ere zurruntasunik gabekoak, barregarriak, eta beti ere baserriko giroko umorea ardatz zeukatenak. Hiru filmek arrakasta polita lortu zuten, eta esan liteke genero berria sortu zutela, ‘beserri-umorea’ dei genezakeena, gerora hamaika bider errepikatua eta imitatua ikusi duguna, EITBko iragarkietan eta bestelako saioetan. Altunak eta bere betiko lankideak, Telmo Esnalek argi zeukatena zen zinema sekulako tresna dela nork bere buruaz eta bere gizarteaz barre egiteko, eta bide horri eutsi zioten lehen film luzea egiteko ere; hala sortu zen ‘Aupa Etxebeste!’. Ikusleen konplizitatea, eta, zertarako ukatu, euskarazko zinema kalitatezkoaren zain zeudenen itxaropena piztu zuen filmak. Ikusleak tropelka joan zirten aretoetara. Une beltzean iritsi zen filma, bestetik, hamarkada luzea baitzeraman euskarak filmik ikusi gabe. Sekulako estimulua izan zen filmaren arrakasta beste zuzendarientzako ere, eta hala hasi zen zinemaz oparoa izan den azken bolada hau. Altunaren eta Esnalen tandema une batez desegin da 2011ko Zinemaldirako, nork bere filma aurkeztu baitu.

Zuzeu-k Altunarekin egin du hiotzordua, bere ‘Bertsolari’ filmaren inguruan jarduteko. Zuzendariaren lehen dokumentala da, eta inoiz Zinemaldiaren Sail Ofizialean estreinatu den euskarazko lehen filma. Bada marka.

Bertsolari izan da inoiz Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean eskaini den euskarazko lehen filma; horrek, ordea, ez du aparteko komentariorik eragin: ez al da, bada, albiste harrigarria?

Beno, argi dago ohitzen ari garela pelikulak euskaraz ikusten, euskarazko pelikulak Berlinen estreinatzen, nazioarteko jaialdietan sariak jasotzen eta urtero Donostiako Zinemaldian pelikula bat baino gehiago estreinatzen. Hori oso ona da, pelikulak egiten direla esan nahi du. Alde horretatik, normala da sail ofizialera ere iristea, eta normalidadez hartzen dut hainbesteko oiartzunik ez izatea. Nahiago horrela izatea.

Sail ofizialean izan zen estreinaldia, aretoa lepo zegoen, nola gogoratzen duzu eguna?

‘Paseilloa’, xanpaina, txalo zaparrada eta, batez be, gogoratzen dotena da zein urduri nengoen proiekzioan, lepo aldea blai eginda. Pelikularekin kristoren konfiantza neukan, banekien maila emango zuela, nire buruakin duda gehiago nituen, nola erreakzionatuko nuen jendearen harreraren aurrean, prentsaurrekoan…. Horrek sortu zidan izerdi hura lepo aldean… ura edan eta, eskerrak, eten egin zen! Askotan gertatzen den bezala, imaginatzeak urduriago jartzen zaitu benetan egiten duzunean baino, proiekzioa bukatu eta gero, lasaitu eta asko gozatu nuen…

Nazioarteko jaialdia izanik, atzerritar asko hurbiltzen dela jakinda, entzun al duzu kanpoko norbaitek filmaz, eta, oro har, bertsolaritzaz esandako zerbait?

Ba, esaterako, Francis Ford Copollaren montatzailea George Harrisoni buruzko dokumentala aurkeztera etorri zen Zinemaldira. Hitzaldian, esan zuen Bertsolari pelikulako proiekziotik atera berria zela, eta benetan pozik zegoela, harrituta, gure herriarekin eta bertsolariekin. Polita iruditu zitzaidan.

Bertsolaritzari buruz inoiz egindako lehen filma da hau; ez al du horrek erakusten euskaldunok eta zinema harreman kaskar samarra daukagula?

Lehen lehena… Antxon Ezeizak bertsolaritzari buruz eginiko ikuska ikustea gomendatzen dizuet, benetan interesgarria. Bestalde uste dut polita dela dena egiteko egotea: euskarazko lehen film pornoa, lehen musikala, lehen westerna edo bertsotan grabatutako lehen zientzia fikziozko pelikula… suerte handia dugu euskaldunak dena egiteko dugulako, aldi berean uste dut ezin dugula lo hartu eta horretan geratu, euskaraz izateak ez du pelikula bat ikusgarri bihurtzen, exigenteak izan behar dugu gure zinemarekin, film laburrekin lortu dugu exigenteak izatea, orain, film luzeekin ere, erronka hori dugu aurrean.

Egañak esan zuen film honek bertsolaritza zer den nonahi eta edonori azaltzeko balio zezakeela, ados al zaude?

Berak dioen bezela lehen ordu eta erdi hizketan behar zituzten bertsolaritza zer zen adierazteko, orain filma erakutsi besterik ez dute. Hala ere, Andoni Egaña ordu eta erdiz entzutea plazer handia da eta pelikula konplementu bezela oso ondo etorriko zaie, ni asko pozten naiz horrekin.

Bertsolaritzaren barne-muina azaltzen duzu filman, bertsolariaren buruan sartzen zara, eta hau, burua alegia, itsasoarekin parekatzen duzu, eta baita amildegi batekin ere: hor ikusten da dokumentala zinegile petoaren galbahetik pasatu duzula… alegia, ez dela kazetari soil baten lan dokumentala, irudien mundua oso barruan daukanaren interpretazioa baizik; ados al zaude?

Askotan pentsatu dut beste dena sobran dagoela. Nik benetan gozatu irudi horiekin jolasten gozatu dut, diseinatzen, idazten, imaginatzen, grabatzen, montatzen eta erakusten. Intuizioarekin sortutako irudiak dira, hasieratik nekien funtzionatuko zutela edo, hobeto esanda, niri funtzionatuko zidatela. Eta ederra da ikustea askotan surrealistak diren irudi horiek sentzazioak sortzeko balio dutela, ikusle gehienek onartzen dituztela… bide berri baten aurrean nagoela somatzen dut, hemendik aurrera irudi sugerente eta askotan surrealistetan mugitzea gustatuko litzaidake.

Ezin esan liteke, ordea, kazetaritzaren ikuspegitik lan handia egin ez duzuenik: hiruzpalau filma egiteko lain material baduzuela entzun dut…

Aipatu nahiko nuke Amets Arzallusen lana, berak prestatu zituen elkarrizketa gehienak, eta nola prestatu gainera! Nik ez nuen aurretik esperientziarik kazetaritzan baina Ametsek bidaltzen zizkidan galderak irakurri eta benetan harrituta geratzen nintzen hark egindako lanaz; gero, normala material pilla egotea!, galderek, noski, zerikusi handia izan dute erantzunetan. Hortik aurrera hasi da nire lana, eurak entzunaz nik nire unibertsoa sortu dut. Eta materiala bai, badago materiala, baina material horrek jada bere funtzioa bete du.

Bertsolaritzaren belaunaldien arteko zubiak ongi aztertzen ditu filmak, zaharrak eta gazteak elkar harturik nola ibiltzen diren plazaz plaza; hanka bat iraganean eta bestea etorkizunean dauzkan dokumentala da, ezta?

Hortxe ikusten ditut nik bai bertsolaritza, oso ongi egin du bide hori, eredugarria dela uste dut. Eta askotan ikusten dut gizartea baino askoz aurrerago dagoela aspektu askotan. Gizon-emakumeen arteko harremanetan eta, batez ere, transimisioan lan asko egin du Bertsozale Elkarteak eta emaitzak hor daude, emakume bat da txapeldun eta naturaltasunez onartu dugu, horrekin harro sentitzen da jendea, baina orain dela urte asko hasi ziren egoera hau sortzen, bertso eskoletan… tradizioa eta presentea aspaldi batu ziren han.

Azken Euskal Herriko bertsolaritza txapelketa nagusia oso gertutik, ia barrendik segitzen aukera eman zizuen filmak, nolakoa da txapelketaren atzeko alde hori?

Elkarren arteko lankidetzak harritu nau gehien, bata bestea animatuz egiten diote frente tentsioari. Eta argi dagoena da bakoitzak bere erara bizi dituela momentu horiek, oso modu pertsonalean, eta hor nik errespetuz jokatu nuen, ez nuen nahi inor guregatik ezeroso sentitzerik. Lagunarte bat ezagutu nuen, azken finean, kuadrilla bat, ikuskizunaren aurrean batu egiten den kuadrilla bat.

Asier Altuna: "Kultura abandonatu dugu"‘Txapeldunarekin’ ordu asko eman dituzu, Egañarekin alegia, nola izan da harekin lan egitea?

Plazer handia, asko aportatzen dizun pertsona da. Asko pozten nau Andoni ezagutu izanak. Bera hautatu nuen protagonista lanerako, nire filmako heroia izango zen. Ikusleek berarekin biziko zuten txapelketa, txapela irabaziko balu poztu egingo ziren, eta bestela negar egingo zuten… Gidoiak egiteko manual guztiak hankaz gora ipini zizkidan ‘heroi’ honek, finala baino hiru egun lehenago esan zidanean “gehiago poztuko nintzateke beste batek irabazita neuk irabazita baino”; halako batean, bertsolaritza lehiaketatik harago dagoen zerbait dela eta filma egiteko gai ederra nuela konturatu nintzen.

Filmak erakusten duen beste gauzetakoa Egañaren eta Maialen Lujanbioren lekuko aldatzea izan da… euskarazko lehen filma Zinelaldian, bertsolaritzari buruzko lehen filma, eta justu bertsolaritzak lehen txapeldun emakumezkoa izan duen momentua kontatzeko… historiarekin hitzordua egin zenuen, antza denez!

Suerte handia izan nuen bertan tokatzea neure kamerarekin. Txapelketa ederra suertatu zen, txapel aldaketa… Nire lagun batek beti esan du izartxo bat dudala, baina uste dot suertea bilatu egin behar dela, ez dela ezer zerutik etortzen. Sinistean dago sekretua, alde horretatik bertsolariengandik asko ikasi dut, eurak sinisten dute bukaerako esaldia edukita bidean bertsoa osatuko dutela, nik sinistu dut filman hasieratik, gero beste dena ia bakarrik etorri da.

Bertsolaritzarekin daukazun harremana noraino aldatu da filmaz geroztik?

Martxotik ez naiz bertso saio batera inguratu! Bertsolaritzarekin lehen ez nuen harreman asko, orain bai, orain Bertsozale Elkartea ezagutzen dut, bertsolariak ezagutzen ditut… Bestalde, Bertsozale Elkarteak asko harritu nau, eurak kultur jardun bat martxan mantentzeko eta sustatzeko egiten duten lana harrigarria da, eta askotan eredugarria izan daitekela uste dut, beste kultur jardun batzuentzat ere erabilgarria izan daitekeena. Eta uste dut beharra dagoela gainera kultur jardunak sustatzeko; kultur jardunei buruz erreflexio bat egiteko garai ona dela uste dut, antzerkia ikustera oso jende gutxi joaten da, zinema aretoak hutsik daude… gure haurrek eta gazteek geureak ez diren erreferenteak dauzkate, horrek kezkatzen nau batez ere.

‘Txotx!’-ekin egin zineten Telmo Esnal eta biak ezagun, gerora beste film asko egin dituzue, eta arrakasta beti izan duzue gertu; pentsa liteke zinema zuentzako erraza dela, finantziazioa erraz aurkitzen duzuela, erakundeek asko bebesten zaituzteela… hala al da?

Ez da horrela. Telmori asko kostatu zaio ‘Urteberrion, amona’ finantziatzea eta ‘Bertsolari’ aurrera ateratzea ere ez da erraza izan. Guri ez digute inoiz ezer erregalatu, guk lan egiteagatik kobratzen dugu, eta askotan hori ere ez. Hobe genuke, bai, diru-laguntzak banatzeko orduan aurretik egindakoa kontuan izango balute! Dirulaguntzak ez dizkiete zuzendariei ematen, ekoizleei ematen dizkiete eta, askotan, nor dagoen momentu horretan gobernuan, alde batera edo bestera joaten dira. Penagarria da hori.

Nola liteke puntako zinegileek ere ez izatea erraztasunik zinema egiteko?

Ekoizleen artean banatzen dituztelako dirulaguntzak, eta ez sortzaileen artean. Sortzaileak lanean eduki beharrean, gidoi eskasetan oinarritutako film ‘baleko’ asko egiten dira. Teknikoak pozik, behintzat lana dutelako. Baina pelikula errodatzen hasi baino lehen badakite pelikulak ez duela bide luzerik egingo, askotan ez dela estreinatuko ere. Hori askotan gertatzen da.

Erakundeek ez al dute inoiz zinema estrategikotzat jo?

Hemen zinema egiten da legez telebistak aurrekontuaren %5 filmak egiten gastatzera behartuta daudelako, bestela…. Eta ez gara konturatzen kulturak egiten gaituela gu! Urtero urtero Kimuaketik mundurat abiatzen diren 10 film labur hoiek ere, geure burua ezagutarazteko materiala dira. Ez al du gutaz irudi errealagoa emango \’Bertsolari\’ filmak publizitate agentzia batek diseinatutako iragarki batek baino? Eta, seguruenik, bost minutuko spot horrek bertsolari film luzearen aurrekontu bera izango du.

Nola da posible euskal zinema bat baldintza horietan? Zinema egiteko kasik kamikazea izan beharra dago…

Egixa da traza berezi batekoak garela, gustatzen zaigu gure lana eta ezin gara kexatu. Ni askotan pribilegiatua sentitzen naiz, gustatzen zaidan lanean ari naiz, gustatzen zaidana egiten, istorioak kontatzen. Eta horrela segi dezala, azkenaldian gauzak nahiko zailak ipintzen ari baitira.

Non egiten dute bereziki huts erakundeek, zer aldatu beharko litzateke ahalik eta azkarren?

Kultura eraikuntzarekin nahasten dugu. Uste dugu kultura egiteko beharrezkoak direla eraikin handi eta kaskarinak, baina ez dira. Kapazak gara ez dakit zenbat milioi euro gastatzeko edifizio bat berritzen eta ez dugu ezer gastatzen sortzaileetan. Sortzaileak larri, bai antzerkiko jendea bai zinemakoak, eta, zer esanik ez eskultoreak edota pintoreak. Telebista berdin, kristoren eraikin berria Bilbon eta, non daude gidoilariak? Non errealizadoreak? Non sortzaileak? Kale gorrian, lanik gabe! Futbola bai, hori bai, Champions Ligueko erretransmisioak astelenero, eta, 20 urteetan ofizio bat zutela uste izan duten aktoreak, kale gorrian! Hezkuntzan ere asko dago egiteko, umeek sortzaileak ezagutu beharko lituzkete, sortzetik bizi daitekela ikusi… sortzaileak gertutik ikusten dituzten gazte horiek gero kultura kontsumituko dute, hor dago gakoa: sortzaileak egoteko kontsumitzaileak ere behar dira.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Lagun batek dioen bezela, gu beti egon gara krisian eta ez gara galduko. Nik uste gure esku dagoela etorkizuna. Pena ematen dit nola galdu ditugun kultura kontsumitzeko ohitura. Kultura abandonatu dugu. Nik zinea egiten bukatu dut gaztetan kultura oso gertu bizi izan nuelako, Bergaran, Taun-taun txotxongilo taldearen inguruan mugitzen ginelako. Hori botatzen dut gaur egun faltan. Kultura babestu behar dugula uste dut, kulturaren beharra sentitu behar dugu. Gure txikiei sortzaile izaten erakutsi, jende gaztea sortzera bultzatu behar dugu, bestela akabo. Gaurko gizartean ikusten ditudan detaile txiki askok pena ematen didate. Pena ematen dit arkitektura zaintzen ez denean, pena ematen dit zinemak hutsik ikusteak, pena ematen dit kamarero batek kafea gogo txarrez ateratzen dizunean. Jendea, egiten ari den hortan gustora ez ikusteak, pena ematen dit. Gizarte ideal batekin egiten dut amets, non, jendeak egiten duen hori gusto handiz egiten duen: zinema egin nahi badu, egin dezala zinema… baina bihotzez!, kafeak egin nahi baditu, egin ditzala… baina bihotzez! Horrela ikusten dut etorkizuna, bakoitza egiten ari den hori gustora egiten, irribarrez, hori bultzatu beharko genuke, jendeak bere sormena edo ahalmena aurrera eraman dezan.

Fikzioan film asko egin dituzula esan dugu lehen, ba al duzu besterik esku artean?

Bai, baditut istorio batzuk nahiko landuak, zeri heldu erabakitzea da zailena baina, egixa esan, \’Bertsolari\’ egiteak konfidantza izugarria eman dit, benetan erronka zalea naiz eta beste erronka baten aurrean egoteko gogo handia daukat. Horrelakoxea da gure ofizioa eta benetan zorioneko sentitzen naiz horrela bizitzen.

Asier Altuna  Asier Altuna  Asier Altuna: “Kultura abandonatu dugu”

GURE ETXEKO KONTUAK