Aresti badabil, Bilbo badoa

Aresti badabil –

Berrian argitaratua, ekainaren 5ean, Gabriel Arestiren heriotzaren urteurrenean.


Gabriel  Aresti badabil Bilbon, eta nola globo erraldoi batetik airea libre badoan, hala zabaltzen dira airera haren afanak, lanak, eta esanak, baita idatziak ere, gaurko Bilbon ibilian, ibilaldian.

Aresti badabil

Bilbo bera ere badoa, baina ez dakigu norantz doan. Noraezean doala ematen du.

Lehia dago, kontraesana, kontradikzioa eta gatazka, Arestiren ibiliaren eta Bilboren joanaren artean.

Udaberrian hil zen Gabriel Aresti Segurola, gaurkoa bezalako ekainaren 5 batean etorri zitzaion heriotza Basurtuko ospitalean, 41 urte zituela eta handiak eginda, handiagoak egiteko asmotan zebilela. «Klaro! Bizirik iraun nahi dut. Nik, oraingoz, ez dut hil behar». Hala zioen orduan berak. Ospitalean zegoela idatzi zuen eskuz bere azken poema izango zena, Francori zorrotz zuzendua: Zer hostia! Azken poemaren azken hitzak, «euzkotarrak ez garela espainol». Bego. Bedi. Baina Franco gorrotatu hura baino hilabeteak lehenago hil zen Aresti.

Ibil gaitezen, bada, gaur Bilbon eta aztertu bere barruko bideak, ibiliak, lehiak, gatazkak, gerrak eta bakeak. Gabriel Arestiren ume-aroa gerra basati ankerrean eman zuen Bilbok, hegazkin zein tropa nazi-frankisten erasoen eta ondorengo okupazio militarraren mende. 1936 hura horrela agertzen du Arestik:

«Nik hiru urte kunplitu nituenean, Espainian gerra zen. Ni orduan erdalduna nintzen. Ez beste arrazoirengatik ezpada nire gurasoek, nahiz eta euskal apellidukoak izan, euskaraz ez zekitelako, erdal herri batean jaio nintzelako, Bilbaon, Bizkaiko hiriburu berrian.  Gizonak asko sufritzen du. Baina are gehiago sufritzen du haurrak… gerra batean bizi den haurrak. Nahikoa alimenturik, nahikoa elikaturarik ez duen haurrak… Eta hala genbiltzan gu, haur flakoak, lur zigorkatu hartan; ikatza lapurtzen genuen; garia eta ogia ohosten genuen; tabakoa eta ardoa ebasten genuen… Lortu genuen kultura apurra ere, haginka eta ukabilka hartu genituen liburu debekatuetatik».

Armada nazi-frankistak Bilbo okupatu eta jarraian Molaren manupeko sarjentutxiki bat jarri zuen alkate, Jose Maria de Areilza izenekoa, eta han egin zituzten egitekoak: atxilotu, zigortu, desjabetu, erail;  kale, plaza eta zubi guztien izenak «egokitu», eskolak «nazi-nazionaldu»… eta halakoan, Sabin Etxea sinbolikoa lurrarekin berdindu, hau da, desegin, disolbatu. Eta are okerragoak ere egin zituzten aginte arrotz beltzeko urte luzeetan. Eta Gabriel Arestik horiek guztiak bizi, ikusi, pairatu eta salatu.

Bilbo erdaldun hartan kasualitatez bezala deskubritu zuen Arestik euskara, haurra zela, auzoko andre baten hizkera ulertezinean. «Zer da hori?». «Euskara, bertoko hizkuntza» anaia nagusiak. «Bertokoa? Eta ez dugu inork ezagutzen, egiten?». Eta orduan tematu zen, euskara ikasi behar zuela, eta ikasi behar zuela. Eta liburu debekatuen bila. Eta lortu zituenean, osorik kopiatu eskuz, kontaduria koadernoetan. Axularren Gero, eta beste. Eta ikasi zuen ikasi. Euskal Herri osorako behar zela euskara, maisuari aditu baitzion arranguraz «ezin heda naitekeela euskarazko mintzatze molde guztietara, zeren anitz moldez eta desberdin mintzatzen baitira Euskal Herrian». Euskara literario zabal eta osoa lantzeari ekin zion Txillardegi, Azurmendi, Peillen,  Krutwig, Kintana eta adiskide idazleekin elkarlanean, eta Euskal Akademian bertan ere bai, eta  Mitxelenak Euskaltzaindian garatu eta Arantzazuko Batzarrean erabaki orduko, bederatzi urte lehenago, Gabriel Arestiren idazlanetan irakur zitekeen gero Euskara Batua deitu zena. Maldan behera orokor hartan, Axularren Euskal Herria besoetan hartu zuen eta Euskal Nazioari hitza eta hizkuntza batua eskaini, bilbotar honek.

Bizimoduak Bilbo industrialean, aberatsena eta pobreena. Hurbiletik bizi izan zuen, Zorrotzako portuko lantegian enplegatu zutenean. Langile euskaldunak eta erdaldunak, etorkin heldu berriak ugari. Inguruetako bazterretan, txabolak. Hirurogeiko hamarkada hartan, 26.000 langile etorkin, ijito, baztertu, bizi ziren  Bilboko etxola haietan. Gabrielek lantegian bertan ezagutu zituen Anton etorkin gaztelarra eta Gilen euskalduna, Zorrotzako portuan aldarrika, «Hemen euskaraz eta han erderaz birao egiten zuten, okerbideak ez baitaki mintzaerarik, berdin tratatzen baitu euskalduna eta erdalduna». Harri eta Herri. Otxarkoagako langile auzoan inauguratu zuen poesia soziala.

Nondik eta noiztik zetorren, baina, Bilbo honen nortasun galera, erdalduntzea, arrotz bihurtze hura? Bilboren iturbururaino joan zen Aresti, hori ikertzera: portu zaharra, plaza zaharra, San Anton inguruko zubia, Ibaizabal itsasadar bihurtzen den gunea. Gatzaren matxinada, 1631-1634 urteetan. Felipe IV.a errege espainiarrak gatzaren zergak igotzeko  erabakia, dirua lortu eta gerra kolonialetan xahutzeko asmoz. Zazpi Kaleetako herritarrek armaz matxinatu eta Gernikaraino hedatu zuten errebolta, jauntxo galtza beltzen aurka. Espainiako erregek Ciudad Realeko dukea soldadu ugariz matxinatuak akabatzera bidali, eta 1634 urteko maiatzean haiek preso hartu eta plaza zaharrean urkatu.

Baina ez gaitezen engaina. Arestik argitu digun moduan, «Ciudad Realekoa ez zen Ciudad Realekoa, dukea baizik. Deitura euskotarra zeukan; jaiotetxea, Bizkaian; hizkuntza naturaltzat, gure euskara; eta akats haundi bat: dirua. Diruagatik traizionatu zuen herria. Eta honela hasi zen bipera-kasta hori, suge klase hori, euskaldun burges edo aberatsen kasta higuingarria».

Juan Alonso Idiakez Butroi jauntxo bizkaitarra zen Espainiako erregeren zerbitzari militar hau, gatzaren matxinada odoletan ito zuena. Bilboko alkate izendatu zuten ondoren, sari gisa.

Euskal Harria eta itogina, horra hor nortasun galeraren iturria eta historiaren azalpen poetikoa: «Euskara harri bat da. Asko maitatzen dut euskal harria. Baina euskaldun klase hori itoginaren parekoa da, eta urteen buruan, mendeen eta mendeen buruan, ur tantak harria jaten du».

Ordutik, euskararen eta gazteleraren arteko harremana ezin  da berdintasunean garatu. Elebitasuna amarru hutsa da. Euskaraz garatu behar da euskal kulturaren sistema osatua, eta horretara jo du Arestik. Poesia, narratiba, antzerkia, hitzaldiak Bilbon bezala Donostian, Hernanin edota Baionako Euskal Museoan… Euskal Herri osora zabalik. Bai eta artikuluak, gutuneria, editore-lana, hizkuntzalaritza… Arlo hauetan guztietan aritu da Euskal Herri osoan zehar, horixe behar duelako, dugulako.

Bilbo bera Euskal Herrian kokatu du, eta gaur egun Euskal Herri osotik konbokatzen ditu Bilbora, Gabriel Arestirekin ibiltzera. Horrela datoz Mauletik, Baiona, Baigorri edo Saratik, Bera, Iruñea edo Agurainetik, Hernani, Donostia edo Barakaldotik…

Asko aldatu da Bilbo azken mendeotan. Bost aldiz, bederen, aldatu du izaera, egitura, norabidea. Asko urrundu dute Euskal Herritik.

XXI. mendeko Bilbo honen metamorfosi etengabean, norabidea eta nortasuna berraurkitzen maisu dugu Gabriel Aresti. Ezin dugu Arestik dakarren aire libre hori galtzen utzi.

Iraunen du zutik Gabriel Arestik.

(*) Udaberrian hil zen Gabriel Aresti, gaurkoa bezalako ekainaren 5 batean.

Aresti badabil  Aresti badabil  Aresti badabil  Aresti badabil  Aresti badabil  Aresti badabil  Aresti badabil  Aresti badabil  Aresti badabil

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude