Animaziozko filmak euskarazko azpidatziekin, Gabonetarako
Animaziozko filmak euskarazko azpidatziekin, Gabonetarako
Orain zortzi urte pasatxo, 2008ko udan, abiatu zen Azpitituluak.com proiektua, euskaldunei pelikulak bertsio originalean ikusteko aukera eskaintze aldera, euskarazko azpidatziekin; tartean, gazte euskaldunak. Eta erabiltzaile gazteenei begira pentsatu dugu orain sustapen kanpainatxo hau.
Harrezkero, Azpitituluak.com indartzen joan da, bertan gero eta jende gehiago hasi da pelikulak euskaratzen, eta gaur egun erreferentziazko toki bihurtu da euskarazko azpidatzien alorrean.
Datuek horixe erakusten dute: gaur egun osotara 540 film luze daude Azpitituluak.com-en euskaratuta. Eta horietatik 37 dira animaziozkoak, gehienak publiko gazteari bideratuak. Horiek dira *collage* honetan aurkezten ditugunak. Hor jendeak denetik aurkituko du: Disney konpainiaren klasikoak, Japoniatik etorritako film ederrak, Pixar faktoriaren pelikula esanguratsuenak, Laika eta Illumination konpainiek eginikoak, eta aurten bertan kaleratutakoak, besteak beste.
Pelikularik ikusienak
Azpitituluak.com-en badakigu gaztetxoek gustura ikusten dituztela animaziozko filmak. Hemen aurkeztu dugun sortan, hauek dira oraingoz 10 ikusienak:
- Frozen (285 lagunek jaitsi dute)
- Brave (275)
- Up (234)
- Mononoke Hime (209)
- Mulan (208)
- Arriety (191)
- Wall-E (189)
- Hauru no igoku shiro (174)
- Finding Nemo (171)
- Ratatouille (152)
.
Gonbita gurasoei eta gaztetxoei
Azpitituluak.com webguneak altxor txiki bat dauka animaziozko filmei dagokienez, baina oraindik guraso eta gaztetxo askok ez dakite zelako harribitxiak dauden hor, denen eskuragarri.
Beste horrenbeste esan daiteke ingelesa lantzen duten ikastola, eskola eta hizkuntza-akademiei dagokienez: oraindik askok ez dakite hor zer altxor daukaten, euren ikasleekin ingelesa euskaratik lantzeko.
Denek izan beharko lukete kontuan film hauek bertsio originalean eta euskarazko azpidatziekin ikusita, gaztetxoak, ondo pasatzeaz gain —film hauetako gehienak zoragarriak baitira—, irakurketa ari direla lantzen, euskarazkoa, eta belarria ohitzen ingelesez entzutera, elementu bat oso praktikoa ingelesa errazago ikasteko, beste herrialde batzuetan frogatu den moduan: Eskandinabian, Herberehetan, Portugalen, etab.
Horregatik guztiagatik, Azpitituluak.com proiektuak gonbidatu nahi ditu guraso eta gaztetxo euskaldunak, Gabonetako oporretan gure webgunera hurbildu eta ikus ditzaten bertan dauden film ederrak.
…
Zertarako behar ditugu euskarazko azpidatziak? euskaldunok ingelesa badakigu eta. Ez baditugu behar, zertarako galdu denbora pelikulak eta serieak euskaratzen (Finlandian bezala)? hobe genuke egunero espainolez irakurtzen ditugunak euskaratzea. Softwarea adibidez. Gure Linux sistema (edo Windows, OSX), Firefox, etab egunero ikusten ditut nik espainolez, ba euskaraz jarri, eta ez dagoena euskaraz euskaratu.
Zergatik aukeratu behar dugu? Hobe egunero espainolez irakurtzen ditugunak euskaratzea? Aukera zenbat eta zabalagoa izan orduan eta hobe, gero norberak aukeratu dezala zein hizkuntzetan irakurri nahi duen. Ez dut ikusten zein “kalte” egin dezaken filmak euskarazko azpitutuluekin ikusteak. Ingelesez ikusi nahi duenak badu aukera, euskaraz ikusi nahi duenak zergatik ez?
Honetaz gain, zergatik itzuli behar dira espainolez idatzitakoak euskarara eta ingelesezkoak ez? Hizkuntza bat txarra da eta bestea ona? Ez dut ondo ulertzen zure argudiaketa, edo agian soilik ados ez nagoela izan liteke 😉
– Hobe egunero espainolez irakurtzen ditugunak euskaratzea?
Ez da berdina behin momentu batean ikusiko dugun zerbait euskaratzea (serie edo film bat) edo egunero behin da berriz ikusten dugun zerbait euskaratzea (sistema eragilea, ohiko web orrialdeak, etab…).
– Hizkuntza bat txarra da eta bestea ona?
Bat inposatuta dago eta bestea nahi dugulako erabiltzen dugu. Espainolek 800 urtez gure hizkuntza eta kultura zanpatzen egon dira gu desagerrarazi nahian (eta lortzen). Noski espainola txarra dela euskaldunontzat. Katalanek azkar ikasi dute hori, baina euskaldun gehienak ez dira honetaz ohartzen.
Zure ikuspuntua ulertuta erne, ados ez nagoela esan dezaket soilik.
Edo ez zara ondo esplikatzen, edo gezurretan eta zirika ari zara, edo biak.
Euskaldunok ingelesa badakigula? Gezur hutsa. Nik azpitituluak behar ditut ondo ulertuko badut.
Linux, Windows, OSX, Firefox, etab egunero ikusten dituzula zuk espainolez? Nahi duzulako izango da, ze nik horiek guztiak (OSX izan ezik) euskaraz ikusten eta erabiltzen ditut. Bai eta Facebook, Twitter, Wikipedia, Google, Adobe Reader, Calibre eta beste hainbat.