‘Ainarak’ dokumentala emango du gaur Etb1ek

‘Ainarak’ dokumentala emango du gaur Etb1ek –

‘Ainarak’ dokumentala emango du gaur Etb1ek

Ainarak (2022) dokumentala, Anne Etchegoyen abeslari eta konpositorea protagonista duena, EITBren euskarazko katean emango dute gaur, 22:30etik aurrera. Historia gordina azaleratzen du filmak, arrazoi ekonomikoengatik egindako sasoiko genero migrazio fenomeno bati buruzkoa.

‘Ainarak’ dokumentala emango du gaur Etb1ek

Pirinioak oinez zeharkatzen zituzten Zaraitzu, Erronkari, Ansó eta Echo ibarretako milaka emakumek Maulera (Zuberoa) iritsi eta espartingintzan aritzeko. Espartin-fabriketan lan egiteko bidaiatu zuten 1870tik 1940ra. Emakumeak, askotan 12 urtetik beherakoak, familia eta herria utzi eta lanera joaten ziren, egunean hamasei orduz arituta, diru pixka bat irabazteko. Urriaren 7an abiatzen ziren, Arrosario egunean, eta udaberriko elurrak urtu arte ez ziren itzultzen. Urtaroei lotutako migrazioa delako eta beltzez jantzita joategatik esaten zitzaien Ainarak.

XIX. mende amaierako eta XX.aren lehen hereneko bi Europa oso desberdin lotzen zituen oinezko bide horrek; arrazoi ekonomikoengatik egindako genero-migrazio masiboa izan zen, sasoikoa. Hala, Anne Etchegoyenen eskutik, Denboran, geografian eta zirkunstantzia historiko eta pertsonaletan zehar egindako bidaia da filmak jasotakoa, artxibo, dokumentu, argazki eta elkarrizketen bidez, musikariak haien bide bera egiten baitu filmean zehar.

2020ko urritik 2021eko ekainera Nafarroan, Aragoin eta Zuberoan filmatutako lan honek toki ikusgarriak bilduko ditu pantailan: Erronkari, Ansó eta Hecho haranak; Cinco Villas eskualdea; Santa Grazi, Maule-Lextarre, Donapaleu, Bidankoze, Burgi, Erronkari, Izaba, Urzainki, Ezkaroze, Otsagabia, Jaurrieta, Luesia, Juslibol, Zaragoza eta Iruñea.

Juan San Martin eta Ritxi Lizartzaren zuzendaritzapean, eta Marga Gutierrezen gidoiarekin, Anne Etchegoyen da filmaren gidari eta protagonista, eta baita jatorrizko musikaren egilea ere. Maluta* Films eta 601 Producciones taldeen ekoizpena da. Espainieraz, euskaraz, frantsesez eta Aragoieraz filmatu zuten, eta 85 minutuko iraupena du.

#Kritika | AINARAK: Pirinioetako pasabidean

AINARAK transmedia proiektuaren aterkipean

Dokumental hau AINARAK transmedia proiektuaren inguruan landutakoa da, ondarea berreskuratzeko proiektu zabalago baten parte gisa. Lan horren emaitza da, hain zuzen ere, ainarak.eus webdoka.

Horren bidez, sustatzaileek genero- eta urte-sasoiko migrazio-mugimendu horren memoria berreskuratzeko lan egin dute, protagonistentzat eraldaketa sakoneko, kultura-trukeko eta heldutasuneranzko esperientzia pertsonaleko prozesua izan baitzen honakoa.

PRIMERAN plataformaren katalogoan

2022ko azaroaren 25ean estreinatu zuten dokumentala zinema areto komertzialetan, eta horrekin erre aurkezpen bira abiatu zuten Euskal Herri osoko herrietan barrena. Horretan aritu dira 2024ko hasierara arte. Era berean, PRIMERAN plataformaren doako eskaintzara heldu zen urtarrilean. Hemen ikus dezakezue: primeran.eus/ainarak

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude