Zein españolak garen!

Zein españolak garen! –

Amatiñok bere blogean.

Bizi dugu egoera non, bi emakume, kalean topo egin eta euskaraz agurtze aldera, gauza diren elkarri “hombre!” esateko. Hau gertatzen da sekula izan den euskal gizarterik “ikastolatuenean” eta feminismoaren aldeko unerik aldarrikatsuenean. Halakorik, ezta Avilako gaztelarrik zaharrenek ere!

Euskadi Irratian bada lantzean behin zenbait jardun-programa, Hego nahiz Ipar Euskal Herriko solaskide gazteak elkarrekin bildu ohi dituena. Lurralde bakoitzeko euskalkien aireak, erak eta tankerak agerian azaltzeaz gainera, nabarmen sumatu ahal izaten dira azpimarragarri diren bi jokamolde nagusi desberdin.

Batetik, ez da belarri onegirik behar igartzeko, iparreko euskaldunek, oro har, hegokoek baino hobeto hitz egin izaten dutela. Eta ez hango euskalkiak hemengoak baino hobeak direlako, baizik eta, zer nahi gisaz hitz egin, Bidasoaz haraindiko hiztunek honaindikoek baino txukunago-edo hitz egiten asmatzen dutelako.

Bestetik, ageri-agerikoa da hangoak askoz ere gutxiago direla frantsesaren morroi, hemengoak espainiarraren baldintzapeko baino. Alegia, harandikoak gauza dira luze-zabal jarduteko, honaindian ezinbestekotzat jotzen ditugun erdal makulurik (1) gabe, “bueno”, “vale”, “pues”, “igual”, “precisamente”, “a ver” , “claro” eta beste hamaikatxo gehiago kasu.

Bestetik, batzuon eta besteon erak alderatuz gero, nabarmena da hegoaldeko hiztunok zein erraz tiratu ohi dugun erdal moldeetatik, euskara bera nahiko ez balitz bezala guk gogoan duguna zehatz edo indartsu adierazteko: “por si acaso”, “sartu a saco”, “bizi a tope”, “de hecho”, “es decir”, “qué se yo”, “vete a saber”, “a que bai“, “desde luego”, “porque”, “sin más”, “joder”, “hombre!” (2) etab.

Baten batek esango du funtsezko ez diren lizentziak baino ez direla,  beste hainbatek bueltarik gabeko marra gorria gurutzatzen ari garela uste izan arren. Baina, edozein modutan, zer esango ote genuke hemengook, mugaz haraindikoek etengabe esango balute “au cas oú”, “aprofundir”, “bizi à fond”, “en effet”, “c´est-à-dire”, “qu´est ce que j`en sais”, “va savoir”, “n´est ce pas”, “bien sûr”, “parce que”, “sans plus”, “putain” edo “homme!” (2)?

Hegoaldekook (ustezko asmo jator eta aurrerakoiaz) premiarik gabeko gaztelerakadak onartzeko dugun zabarkeriaz gainera, egia ere bada, kaleko hizkera arruntean zein hedabideetan hitz egiteko ohitura (edo kultura) frantsesa ez dela espainiarra bezain zakarra, narrasa eta baldarra. Belarria jarri eta entzun besterik ez dago, hegoaldekook zein españolak garen jabetzeko.

1) Ez, gero, ahaztu, elbarriek zergatik eta zertarako erabiltzen dituzten makuluak. Bestela ezin izango luketelako jarraitu. Gureak gehiago du ezinetik eta ahultasunetik,  jatortasunetik baino. Zertaz harrotu gutxi, beraz.

2) Baita emakumeen artean ere.

Zein españolak garen!
Lazkao Txiki eta guztiko horma-irudia, Aginagako ikastolaren jolastokian.

Zein españolak garen!

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

15 pentsamendu “Zein españolak garen!”-ri buruz

  • Aho askori darion zoritxarreko “eske….” nazkagarri hori ez da aipatu artikuluan.
    Eske ez dakit zerekin ordezkatu, mec..
    Ben… moi non plus

  • Mikel Haranburu 2024-06-19 22:07

    Alabaina, euskal hitzetan ere badira erdalkeriak eta erdaltasunak. Dakitenek azal dezatela “ze” zatikia, zein esapide askoren hasmentan agertzen den, ez ote “eske” horren pareko, edo eta “gustura” esapidea, zeharo errotua baina kalko itxura susmagarri askoa duena… Edo “eskuetatik ondo egon”, edo “tortilla gaztana”, edo…

  • Juan Inazio Hartsuaga 2024-06-20 11:24

    Aspaldiko ajeak guri baina kezkakideak urri.

  • Begirik eta belarririk duenarentzat, arazo oso larriak daude euskararen transmisioan eta erabileran. Zuzenean mendeko perpausa bat eraikitzeko gauza ez den haur eta gaztetxo gehiegi dago.

    Eta, noski, arazo larri horien artean EZ dago Joxean Sagastizabalek, Pako Aristik, Patziku Perurenak edo Xabier Mendigurenek beren obretan erabiltzen duen elementu bat (hau da, ditxosozko “eske”).

  • Benat Castorene 2024-06-20 16:33

    “du coup”, “bon”, “dependitzen du” eta abar, egoera ez da distiratsuagoa alde honetan. Eta ez da arrazoinik hobea izan dadin.
    Baina hitz eta erran molde itsutsi horiek ez dira gaitz sakonago baten sinptomak.
    “[…]euskara bera nahiko ez balitz bezala guk gogoan duguna zehatz edo indartsu adierazteko”
    Nahikoa da beharbada baina fogatzeko dugu oraindik eta inork ez digu erakutsi nola erabil edo gara euskararen potentziala. Horregatik hizpide konplikatuak saihesteko joera dugu. .
    Ez badugu denekin dena euskaraz adierazten ez gara sekula untsa mintzatuko.
    Baina ororen gain ,eta beti horrat bueltatzen gara, faltan duguna da egiazko euskal komunitate bat non euskaraz hitz egitea eta batez ere ongi hitz egitea komunitatearen oinarrizko helburuetarik bat alitzatekeen. Eta ez da kantitate kontua kalitate baizik.

  • Benat Castorene 2024-06-20 16:35

    Baina hitz eta erran molde itsutsi horiek ez dira gaitz sakonago baten sinptomak BAIZIk..

  • Euskal Klasikoen Corpusa (EKC)

    Zenbat aldiz agertzen dira gure klasiko guzti guztietan honela hasten diren adizkiak?

    diezazkio: Behin
    ziezazkio: zero aldiz
    liezazkio: zero aldiz

    Zerbait egin beharko du “Euskararen Akademia”k, ezta?

  • Mikel Haranburu 2024-06-20 19:29

    Eta zer esan “ez si eta ez no” esamoldeaz?

  • Aipatu dudan Corpusa:

    2005ean abiatu zuen armiarma.eus-ek Klasikoen Gordailua, XX. mendea bitarteko testu klasiko ia guztien bilgunea bilakatzeko asmoz. 2007an sortu zen haren barnean Corpus Arakatzailea. Orain, corpus horretako edukiak Euskara Institutuaren webgunera ekarri nahi izan ditugu, ohi dugun kontsulta modura ekarriz.
     
    Corpus honek XVI. mendean hasi eta 1975. urtera arteko 496 liburu jasotzen ditu, eta denera 11,9 milioi testu hitzez osatuta dago. Horren aurretik zen klasikoen corpus osatuena OEHrena zen (303 liburu eta 5,8 milioi testu hitz), inoiz modu publikoan kontsultagai izan ez dena.

    https://www.ehu.eus/ehg/cgi/kc/bilatu.pl?s=&S=&o=1&h=&c=&z=&k1=1&m1=lema&h1=natzaikio&d2=1&m2=lema&h2=&d3=1&m3=lema&h3=&alda=1&idazlea=&garaia=0&euskalkia=0&generoa=0

  • diezazkio 1
    diezazki 2 (aurrekoa barne, logikoki)
    Manda webs! Ederra sartu zioten Mitxelenak eta Txillardegik Euskal Herriari!

  • Corpusean bi adizki daude diezazki-dunak:

    diezazkiogun. Tantarrantan 1927. Altzaga, Toribio

    diezazkidala. Zirt edo Zart 1920. Amundarain, Antonio

    Bigarrena faltsua da, zeren jatorrizkoan “daizkidala” agertzen baita.

    Eta besteak ere faltsua dirudi 1920ko textua batuan baitago.

    Ez dut oraino aurkitu Altzagaren Tantarrantan jatorrizcoa. Ramuntxo-ren itzulpenean “dezaiogun” bat ikusi diot. Singularrean hau eta pluralean “diezazkiogun”. Arrarotxoa litzateke, nire ustez.

    Adeitsuki

  • Facebooken:
    Euskara Lantzen

    Mikel Serrano:
    Zein izango lirateke zure proposamenak hauen ordez?

    Neuk:

    Kaixo, Mikel
    diezaion > diezon (edo deion)
    diezazkion > dietzon (edo deiozan)
    Hau da, benetan erabili direnak eta ez Txillardegi+Mitxelenak asmatu zituzten artifizialkeriak

  • Nire post honetan:

    https://zuzeu.eus/euskara/axularren-aditza/#comment-634816

    honi biruzko beste iruzkin bat egin dut.
    Hemen barik, han eman dut.

    Adeitsuki

  • Noraino garen espainolak, espainol idazten ez jakiteraino. Behar da gero!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude