Metaforak eta armajabetzeak

Metaforak eta armajabetzeak

Jakin-eko zuzendari Lorea Agirre, zorrotz eta fin atzo Berria egunkarian.

«Metafora deritzon dialekto bat da hizkuntza»

Adrienne Rich

.

Eta txio bat harian: Korrika da herria, herria da Korrika, herri bat korrika, hizkuntzaren armaz jabetuta, bere buruarentzat gizarte bila.

Metaforak eta armajabetzeakHizkuntza metafora bat da. Denak du, esaten dugunetik harago, beste esanahi bat. Eta esatearen ekintzarekin berarekin egiten dugunak ere bai. Esatea egitea da.

Metafora bat da Korrika. Izan nahi duen herriaren metafora. Izan nahi dugun herriarena. Herri izan, gero gizarte izateko. Herritar gisa onartu gaitzaten, eskubidedun hiritar izateko. Korrika sintoman da.

Herri bat gizarte. Non, demagun, bortxatu daitekeela esatea posible eta zilegi egingo ez duena. Ez emakumea, ez hiztuna, ez prekarioa. Polizia armatuek atxilotua bortxatuko bazuketen atxilotuaren kolaborazioarekin baina ez zuketeen posible izango, ebatzi du epaileak. Poliziak ez du inor bortxatu. Bortxatu duela esateko modu metaforikoa. Bortxatu dezakeela esatekoa, bortxatzea posible izateaz gainera zilegi duelako.

Hemen ez dira denak armagabetu.

Armagabetu ginen atzo. Boteretu ginelako. Zerk egiten du posible ez den zerbait esatea boterearen mugak hausteak ez bada? Esan daitekeen horretan zuloak irekitzeak, zirrikituak zabaltzeak, itxiturak zartatzeak eta etenak sortzeak hitz berriak sar arazteko. Hitz berriak posible egiteko.

Hitza metafora bat da. Esaten dugun horrek —honek— zer esan dezakegun eta zer ez inherenteki esaten du.

Hauxe da kontua: zerk egiten du posible esaten dena esatea? Eta ezin esan dena ez esatea?

Botereak. Boterea duenak.

Hizkuntzak badu boterea, hizkuntza erabili ahala egin egiten da, haragiztatu, eraiki. Bada hizkuntzen klase borroka bat. Egiten duguna gara, esan genuen; esanak egin egiten gaitu, esaten dugu. Hitzak boterea du. Hiztunak. Egiteak ematen dio boterea. Hizkuntzaz eta hitzez armajabetzen den herri bat hiztuna. Esaten duzuna egitatzen da. Esaten duzun hizkuntza hori konstituitzen da, hiztuna egiten da. Izendatzen duzun herri hori gizarte egiten da.

Korrika beste denbora bat da, denboraren lerroaren barnean. Beste espazio bat, espazioaren barnean. Aldi berean da herri fisikoa, eskutan lurra hartzean nola, eta, aldi berean, da harizko herria, une oro, lekukoaren bidearen irudian bizi arazten zaituena; eta, aldi berean, da herri sinbolikoa, iruditeria hori beste milaka lagunekin partekatzen duzula jakin badakizulako, besteak ez ikusiagatik, ez ikutuagatik, ez elkar ez ezagutuagatik.

Korrika parentesi bat da, continium bat, jarraikortasun bat. Geure min, ezin, lorpen, ahal eta ahaleginen deusezte bat. Geure kontraesanak gaindituak dauden lurralde bat.

Korrika gorputz geografiko fisiko eta emozional bat da. Hizkuntza eta gorputza, korrika. Banakako gorputzak gorputz bakar bat osatzen, tankera anitzekoa, aldakorra, eskuz esku berrituz doana, mudatzen, gorputzak plaza eta bideak hartzen, bazterrera egiten beste batzuei leku egiten, aberasten doana, gizentzen, urritzen, marea-goratzen eta basotzen. Leku berriak sortzen. Bide egiten.

Gorputzak hitz egiten du eta egiten du hitz. Esan ezin dena eta esan nahi dena gorputzak eraikitzen du, hitzak eraikitzen duelako gorputza, korrika doan hori, doazen horiek, goazen gu, doan herria, gorputzetik esanahi berriz boteretzen du, izerdia lur bihurtzen den unean, ura harri eta harria hari.

Korrika ez da jendea korrika. Korrika mundua ulertu eta izendatzeko beste modu bat da.

Metaforak eta armajabetzeak Metaforak eta armajabetzeak Metaforak eta armajabetzeak
armajabetzea, euskara, korrika
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude