Kataluniatik Ipar Euskal Herrira begira

Kataluniatik Ipar Euskal Herrira begira –

Egun on entzuleok:

Uda ondo joan al da? Hala espero dut! Ni abuztuan Bartzelonan izan nintzen lau egunez. Asko maite dudan hiria da, Katalunia eta Herrialde Katalan osoak asko estimatzen ditudan ber.

Katalunia beti izan da erreferentzia garrantzitsua euskaldunontzat; hizkuntza eta kultura aldetik betidanik, eta baita politikari dagokionez ere, batez ere, azken bi hamarkadetan. Katalan hizkuntza beti ikusi izan dugu euskara baino indartsuago, eta bekaizkeriaz eta inbidiaz begiratu izan diogu.

Baina, niretzat, sorpresa handia izan zen Ipar Katalunia ezagutzea. Bitan izan naiz bertan oporretan, eta harrigarria egin zitzaidan, turismoguneetatik kanpo ere, inon katalanik ez entzutea.  Egonaldi horietako batean ijito edo buhame batzuei bakarrik entzun nien trenez gindoazela, eta gerora jakin nuen, buhameak zirela Ipar Katalunian katalanari gehien eutsi diotenak. Harritu ninduen beste kontu bat: mugaz bestaldeko katalanen presentzia hutsaren hurrengoa zen hango Iparraldean. Maiz aipatu izan dut eten handi hori adiskide katalanekin, eta denek aitortu izan didate Ipar Kataluniarekin oso harreman ahulak zituztela. Badirudi azken urteotan egoera pittin bat hobetu dela, baina, itxura guztien arabera, mugaren bi aldeetako euskaldunen arteko harremanak ugariagoak dira;  oraindik ere  eskasegiak izan arren, nire ustez.

Kataluniatik Ipar Euskal Herrira begira
Arg: Assemblea Nacional Catalana

Baina, Katalunia euskaldunontzat eredu izan den bezala, uste dut, Ipar Euskal Herria badela eredu Ipar Kataluniarentzat aspektu askotan. Ekainean argitaratu den “L’ús parlat del català” liburuan (Katalanaren ahozko erabilera) Joan Serra egileak hizkuntzaren egoera eta etorkizuneko aurreikuspenak lantzen ditu. Ipar Kataluniako datuak, Ipar Euskal Herrikoak baino dezente okerragoak dira, nahiz eta hango hegoaldea, hemengoa baino askoz indartsuagoa den. Eta ez dut dudarik, faktore giltzarria Ipar EHko gizarte-antolatu, kontzientziatu eta engaiatua izan dela.

Liburuan agertzen diren datuen arabera, familia-transmisioa ia erabat etenda dago: 60ko hamarkada bitartean, hizkuntza seme-alabei transmititzen zieten familiak %60 inguru ziren; gaur egun, aldiz, ez dira %1era iristen. Katalana ohiko hizkuntza nagusitzat dutenak %1,3 dira eta frantsesarekin batera darabiltenak %4,5. Milioi erdi biztanle ingurutik 27.000. Adinari begiratuz gero, datuak oso kezkagarriak dira: 65 urtetik gorakoen artean %11 dira ohiko katalan hiztunak, eta 15-30 urte bitarteko gazteen artean %0,5 (ez dira 500 izatera iristen guztira).

Konparazio batera, Ipar-Katalunian ez da antolatzen EHZ bezalako jaialdirik. Eta ez dut uste Lekorneko Kabalkada bezalako euskara hutsezko ikuskizunik ere antolatzen denik: aurkezpenak, esku-orriak, eta antzezpen guztiak euskara hutsez eta bi emanaldietako 2500 sarrerak lehenagotik salduak. Bide batez esanda, gozatu ederra hartu genuen Lekornen bertan izan ginen tolosarrok.

Era honetako ekitaldiek eta ekimenek komunitatea trinkotu, hizkuntzaren prestigioa handitu eta erabilera eta transmisioa sustatzen dute, eta oso erreferentzia baliagarriak dira Ipar Katalunian bezala, beren hizkuntza errautsetatik berpiztu nahian ari direnentzat. Izan ere, euskararen aldeko gure borroka, beste herrientzat motibagarria eta akuilu baita.

Ikasturte emankorra izan dezagula entzuleok. Egun ona izan!

Euskal Irratietako “Goizberri” saioan 2024ko irailaren 3an eskainia

Kataluniatik Ipar Euskal Herrira begira

Euskaltzalea. Orain Euskaltzaleen Topagunean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude