Espazioa berehala irekitzeko ordua iritsi da

Espazioa berehala irekitzeko ordua iritsi da –

Gasteiz Antzokiaren aldeko plataformak positibotzat jo du Lazarraga Kultur Elkarteak eta Gasteizko udal agintariek espazio eszeniko horren inguruan adostu berri duten akordioa. Plataformaren aburuz, akordio horrek “azken asteotan auzia katramilatu duen korapiloa askatzeko bidea eman du eta euskaltzaleontzat hain funtsezkoa den azpiegitura irekitzeko aukera eskaintzen du”. Gure ustez, behin adostasuna lortuta, orain berehala irekitzeko ordua iritsi da. Ez dago aitzakia gehiagorik.

Espazioa berehala irekitzeko ordua iritsi da

Plataformak beti esan du Gasteiz Antzokiaren inguruko auzia udalak berak sortutako arazoa denez, berari zegokiola konponbidea ematea. Azkenean, irtenbidea iritsi dela dirudi, baina azpimarratu behar dugu mataza libratzeko proposamena Lazarraga Kultur Elkarteak berak egin duela; eta ez udalak.

Negoziaketa prozesua jarraitu dugunok kontziente ginen oso egoera larrian geundela. Alternatibak ez ziren asko. Bi nagusiki: bitarteko konponbidea saiatu —non alde biek kontzesioak egiteko prest egon behar zuten— edo, Lazarraga elkartearen amaiera onartu, argi asko izanda horrekin batera Gasteiz Antzokiaren egitasmoa bera guztiz ukituta geratuko zela. Lazarragak hasieratik egin du lehen aukeraren aldeko apustua. Ardura eta erantzukizun handiz jokatu du: onartu egin du udalak esleitu dion zor eztabaidagarri hori —zeina, akordioaren bidez, bost urtetan ordainduko den— baina, aldi berean, aurtengo arazoa ez errepikatzeko bermeak ere lortu ditu (plan operatiboaren moldaketari esker). Horren ondorioz, esan liteke Gasteiz Antzokiaren egitasmoak bizirik irauten duela. Ez da gutxi, bizi izan dugun egoera makurra kontuan hartuta.

Lortutako akordioa ona da euskararentzat, aisialdiarentzat, hiriarentzat eta hiritar ororentzat (euskalduna izan ala ez). Espero dugu orain jakinarazi zaigun akordioa ez dela izango udalak egin duen enegarren iragarpen hutsala; ez dela ezerezera etorriko, alegia.

Lortu den akordioa ona bada ere, plataforma bezala ozen salatu nahi dugu prozesu honetan guztian udal agintariek —hala legealdi honetakoek nola aurrekoek— proiektuarekiko erakutsi dituzten utzikeria, borondate falta eta distira mediatikorako grina. Beste behin ere frogatuta geratu da nork egin duen sukaldeko lana, nork jarri duen kemena eta nork bilatu duen soil soilik foku mediatikoa. Plataformak argi utzi nahi du lanean jarraituko dugula harik eta Gasteiz Antzokia errealitate izan arte eta adi segituko dugula lortutako akordioak bete daitezen.

Amaitzeko, gure esker ona. Plataforma bezala publikoki eskerrak eman nahi dizkiegu Lazarraga Kultur Elkarteko zuzendaritza taldeko kide guztiei azken hilabete hauetan akordioetara iristeko erakutsi duten prestutasunagatik. Orobat txalotu nahi ditugu gure ekimenetara bildu diren herritar eta kultur sortzaile guztiak. Guztiei, mila esker, bihotz bihotzez. Zuen kemenik gabe nekez lortuko genukeen egoera honetara iristea.

Espazioa berehala irekitzeko ordua iritsi da

Jatorri, belaunaldi eta sentsibilitate desberdineko euskaltzaleak bildu gara, Gasteiz Antzokiaren aldeko plataforma biziberritzeko eta egitasmoa behin betikoz errealitate bihurtzeko asmoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude