Bizi euskara hurbiletik

Bizi euskara hurbiletik –

Urtero bezala, AEKk prest ditu udako barnetegiak, uztailean eta abuztuan nahi duen orok euskara ikasi eta praktikatzeko aukera izan dezan. Euskara hurbiletik eta harrotasunez bizitzeko aukera ezin hobea dira, eta esperientzia probatu dutenek diotenez, barnetegia da udan euskara ikasteko eta maila hobetzeko modurik atsegin eta azkarrena. Izan ere, denetarako astia izaten da bertan: eskolarako, txangoetarako, ekintzetarako, lagun berriak egiteko eta, azken batean, egun osoan euskaraz bizitzeko. Aurrerapauso handia eragiten du, hortaz, euskalduntze prozesuan. Hala erakusten dute ikasle batzuen artean jaso ditugun testigantza hauek:

Bizi euskara hurbiletik

 

“Familia barnetegia egin genuen, euskara ikasteko egin dudan gauzarik onenetakoa. Alabarekin joango naiz aurten berriro, oporrak ondo egokituz gero”

Imane Alaoui Benamar (Oujda, Maroko, 1987)

 

Barnetegiak funtsezkoak izan ziren nire burua askatzeko eta lotsa galtzeko. Barnetegia erabakigarria da ikasleen bizitzan. Eraldatzen zaitu, erabat. Euskara ikasleontzat, lotsa zama handia da, gaizki hitz egiteko beldurra gainean daramagu beti, baina nik lotsa han utzi nuen”

Maialen R. Barcena (Habana, Kuba, 1989)

 

“Barnetegira 18 urterekin joan eta, handik bueltan, Trintxerpera iritsi, autobusetik jaitsi, eta topatu nituen lehenengo biak kuadrillako bi lagun euskaldunak izan ziren. Lehen egun hartan, euskaraz hitz egiten hasi nintzen haiekin, eta gure ohitura komunikatibo guztiak aldatu egin ziren. Gakoa izan zen iritsi eta hasieratik praktikan jartzea”

Xabier Etxaniz Rojo (Trintxerpe, Pasaia, 1971)

 

“Hemengo kuadrillak oso itxiak dira, eta ez da batere erraza lagun taldea sortzea, baina egin behar da, bestela ezin duzu praktikatu. Nik barnetegiko lagunekin praktikatzen dut”

Margaux Villard (Poitiers, Frantzia, 1991)

 

“Duela bi urte, familia barnetegira joan nintzen, eta bizipen itzela izan zen, zirraragarria. Esperientzia zoragarria da barnetegia, eta sekulako bultzada ematen du”

Irene Moreno Ramos (Aurizberri, Nafarroa, 1974)

 

Aurtengo udan Arantzan (Nafarroa), Foruan (Bizkaia), Adunan (Gipuzkoa), Urepelen (Nafarroa Beherea) eta Mendikotan (Zuberoa) antolatuko ditu barnetegiak AEKk, helburu ezberdinak dituen jendearentzat (euskalduntzea, egiaztagiriak lortzeko azterketak prestatzea, Zuberoako euskalkia ikastea edo/eta seme-alabekin euskaraz mintzatzeko ohitura hartzea). Hala, A2tik C1era arteko mailak eskainiko dira Arantzan eta Foruan; A1etik C1era bitartekoak, Urepelen; B2 eta C1 mailak mailak egiaztatzeko azterketak prestatzekoak, Arantzan; xiberera ikasteko barnetegia, Mendikotan; eta familia barnetegiak (B1, B2 eta C1 mailak) Foruan eta Adunan.

Informazio gehiago, AEKren euskaltegietan eta webgunean: www.aek.eus/eu/barnetegiak#uda-barnetegiak

Ekaineko AIZU! aldizkarian:

Barnetegiko esperientzia bizi izan duten ikasleen testigantzak AIZU! aldizkarian:

Espero dugu informazio hau zuen interesekoa izatea, eta gehiago sakondu nahi izatekotan, uda barnetegien arduradun Alba Ayucarrekin ere jar zaitezkete harremanetan. Kontaktua: udabarnetegiak@aek.eus / 607 673 541.

Halaber, barnetegiko egonaldiaren esperientzia bizi izan duten ikasleen eta irakasleen testigantzak jaso nahi badituzue, jo lasai guregana.

Bizi euskara hurbiletik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude